Leku Urrunen Atlasa: Gulminarekin Kilemchera
Kochkorreko CBTra eramaten gaitu taxiak goizean, gaua pasatzeko egokitu zaigun etxetik. Bertan zer nolako taldea egokituko zaigun galdetzen diogu elkarri, baina laster argitzen da: guk biok bakarrik izango dugu 3 eguneko trekkinga egiteko gida. Gulmina. Neska gaztea, oker ez banago 21 urte, bertakoa. Baina bere adineko neska askok bezala nahiago hiriko bizitza yurtako nomadismoa baino. Bixkeken bizi da eta bertan dantza irakaslea da. “Zer nolako dantzak?”. “Denetarik: tradizionalak, kirgizak, uzbekoak, Indiakoak…” esaten digu ingelera oso onean.
Taxiak Kyzart portua deitzen den leku bateraino eramaten gaitu. Ordu eta erdiko bidea geroz eta okerragoa den harrizko pista batetik. Hara iristerakoan yurta baterako bidea hartzen du. Gure lehen yurta. Familiak hartzen gaitu, ama, aita, semea eta identifikatu ezin dudan besteren bat. Lehenengo yurta bisitatzea zerbait zirraragarria da. Nomada baten etxea da urtean sei hilabetez. Kirgizistaneko familiek hiru yurta izaten ditu, normalki: logela, jantokia (normalki bisitak bertan hartzen dira eta gauez bigarren logela gisa ere erabil daiteke) eta sukaldea. Azken hau askotan kanpin dena militar bat izan daiteke. Larrua eta tapiz zein alfonbra ezberdinekin estaltzen da eta zurezko eskeletoa dute. Goian guztiek gurutze bat dute, Shangyrak izenekoa, Kirgizistango banderan agertzen den sinbolo nazionala (baita Kazakhstaneko armarrian ere). Gaur egun yurtak modernizatu dira, eta larru kapen artean plastikoa izan ohi dute. Lurrean ere kautxuzko estalkia dute, lurzoruko hezetasunaz hobe babesteko.
Gulminarekin batera beste mutil bat dago, gida ere. Etxeko semea da eta Ginggis izena du (ez dakit zehazki horrela idatzuko duen). Ingelera perfektoa egiten du. Baita errusiera ere. Alemaniera badaki. Eta uzbekera, kazakera, turkiera eta beste hizkuntzaren bat. Ez ditu 20 urte baino gehiago. Aurreko eguneko taxistek bezala, gauzen prezioaren gaineko kezka du. Bere galdera bati ezin erantzun geratzen naiz: “Zenbat kostatzen du han taxian pista batetik ordu eta erdiko bidaiak?”. “Ez dut uste posible denik” nire erantzuna. Ez du ulertu.
Hamaiketakoa ematen digute yurtan. Baina honen inguruan hurrengo post batean idatziko dudala uste dut, janariak aparteko mentzioa merezi baitu. Zerbait jan ostean bidaiari ekiten diogu. Lehen portua igotzen hasi eta laster konturatzen gara 3.000 metrotik gora arnasa hartzea zailagoa dela. Gurekin dator bidaiaren zati batean gizon zahar bat: bailarara jaitsi da zerbaiten bila. Bidearen erdian etzan eta nekatuta dagoela itzultzen digu Gulminak.
“Mutil laguna dut nik hemen, nomada da ere”. Mendian gora goazela zaldian etorriko da eta musua eman, guk ikusten ez dugula uste duenean. “Baina ez dut ezkondu nahi: ezkontzen banaiz ezingo naiz atzerrira joan lanera eta ikastera”. Gizonen mundua dira belardiak. Zaldienak eta gizonenak. Baina CBTren erronketako bat emakumeak ekonomiaren zirkuitoan sartzea da.
Lehen portua igota. Bailara izugarria gure aurrean. Behera. Erreka gurutzatu aurretik zerbait jateko aukera. Erreka gurutzatu eta berriro gora. Bigarren portua. Euria hasi du. Gora iristerakoan ikusten dugu Kilemche bailara. Kilemche hitzak kirgizeraz “Belarrezko alfonbra” esan nahi du. Eta benetan hala da. Zuhaitzik ez, zuhaixkarik ez, sastrakarik ez. Belarrezko bailara erraldoia, tamainaren erreferentziak hartzea ere zailtzen duena. Nekatuta beheraino jaitsi eta azken aldapa hartzen dugu. Geldi, geldoegi Gulminaren gusturako. Baina hor ikusten ditugu gure yurtak, bihar igo beharko dugun mendiaren erdian edo. Iritsi gara, bertan dugu zain familia, baita etxeko gizona ere, ongi etorria emateko.
Baina ez dago ongi etorri hoberik merienda on bat baino. Eta hor, gutxienez, asmatzen dute Kirgizistanen janariarekin. Atseden hartzen Gulminarekin galdetegi sakona hasten dugu. Baina horren inguruan hurrengoan hitz egingo dudala uste dut, luzatzen ari dela.