Lehen pausua desarme nuklearraren bidean
Gure planeta hainbat aldiz suntsitzeko adina arma nuklear ditugu gaur egun. Bigarren Mundu Gerratik presente dagoen mehatxua da arma nuklearrena, lehen eztanda 1945ean egin baitzen EEBB-n; froga bat soilik izan zen. Handik gutxira, ordea, estatubatuarrek, hiritarren aurka inoiz jaurti diren bi lehergailu nuklearrak eztandarazi zituzten Hiroshima eta Nagasakin, gerrari amaiera emanez. Gerra amaitu zen baina arma nuklearren presentziak izua eragin zuen.
Gerra Hotzaren aroan eratu zituzten estatu gehienek euren arma nuklearrak, beldurraren eraginez hain zuzen ere, etsaia indartsuagoa izatearen beldurragatik. Gaur egun, EEBB-ez eta Errusiaz gain, Txinak, Frantziak, Erresuma Batuak eta Indiak dituzte arma nuklearrak. Israelek ere baditu bertako agintarien arabera, baina ez dute inoiz hori egiaztatu.
Pakistanek ere arma nuklearrak izan ditzakeela uste da. Hegoafrikak, alidz, izan zituen, baina kasik guztiak suntsitu zituen gerora. Alde bakarreko desarmatze nuklear bakarra izan da historian. Etorkizunera begira mehatxu handienak, Ipar Korea eta Iran dira. Lehenak jada arma nuklearrak dituela uste dute eta azken aldian programa nuklearrarekin aurrera jarraitzeko asmoa duela erakutsi du.
Pentagonoaren arabera, oraindik urte bete eta hiru urteko epea beharko du Iranek arma nuklearrak ekoizteko. Mundu osoko diplomaziari aurre eginez probak egiten ari da eta programa nuklearra erabilera zibilerako egiten ari direla diote agintariek eta ez erabilera militarretarako. Obamak Iranekin elkarrizketa bultzatu nahi duela iragarri du, helburu “baketsua” duten arma nuklearrak direla eta. EEBB-etako presidenteak Pragan Europar Batasuneko agintarien aurrean esan bezala, arma nuklearrik gabeko mundu baten aldeko apustua egin nahian dabil.
Historian zehar arma nuklear gehien izan dituzten bi estatuek inoizko desarme handiena iragartzea albiste ona da, zalantzarik gabe, baina benetan arma nuklearrak dituzten estatuek horiei guztiz uko egingo dietenik ez dirudi. Oraingoz behintzat ez.