Laura

Laura –

Jose Mari Pastorrek Berria egunkarian.

Laura is on fire mezua bidali zidan lagun katalan batek azaroaren amaieran. Pozik zegoen Junts per Catalunyako kideek Laura Borras zerrendaburu aukeratu zutelako otsailaren 14an Katalunian izango diren bozei begira. Laura Borrasek posible du Kataluniako gobernuburua izatea, haren taldea ERCri gailentzen bazaio. Irabaziz gero, Borras lehen emakumezko presidentea izango litzateke Generalitataren historian.

LauraHiru aste joan dira eta, Laura Borrasen aukerak gutxitu ez diren arren, bestelako giroa nagusitu da aste honetan haren aldeko hautua txalotu zuten herritar askoren artean. Izan ere, Carles Puigdemontek bere burua aurkeztu du Bartzelonako zerrendaburua izateko. Laura Borras bigarrena izango da, presidente ohiaren atzean. Asteazkenean hitz hauek hedatu zituen Puigdmontek, Twitterren: «Laura Borrasi Generalitateko lehen emakumezko presidentea izatea lortzen laguntzeko aurkeztuko dut neure burua».

Kexak etorri ziren jarraian, gehienak emakumeen ahotik. Clara Ponsatik albistearen berri eman zuen: «Puigdemontek Bartzelonako zerrendaburua izatea proposatuko dio JuntsxCat-eko zuzendaritzari ‘Laura Borrasi Generalitateko lehen emakumezko presidentea izatea lortzen laguntzeko’». Eta gero hitz bat gehitu zuen: «Feminismoa». Clara Ponsati eta Puigdemont zerrenda berean joan ziren Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan. Hori ez da arazoa izan Ponsati oso argi mintzatzeko.

Borrasi bultzada bat eman nahi izan diola esan lezake Carles Puigdemontek, besterik ez; emakumeak arazo barik eutsiko diola, prestatuta dagoela, balio duela. Edo lapsus bat izan dela. Horrek ez luke hanka-sartzea konponduko, baina. Sigmund Freudek lapsus horien esanahia azaldu zuen 1904an, Eguneroko bizitzaren psikopatologia liburuan: «Haien bidez gizakiak bere sekretu intimoenak traizionatzen ditu».

Alderagarriak dira Kataluniako egoera eta Euskal Herriko egoera arlo horretan? Euskal Herrian bi emakume lehendakari izan ditugu jadanik. Nafarrak dira biak. EAEn oraindik ez dugu halakorik ikusi. Ez dirudi epe laburrean hala izango denik, bertako alderdi nagusiak horretan aurrerapausoak ematen ez baditu, behinik behin. Bitartean, zain egon behar.

Hori hala bada ere, nola erreakzionatuko genuke alderdi politiko batek gizonezko buruzagi karismatiko bat jarriko balu hauteskundeetan zerrendaburu, andrazko bati Eusko Jaurlaritzako lehen emakumezko lehendakaria «izatea lortzen laguntzeko»? Pentsatu nahi nuke alde horretatik gizartea kontzientziatuta dagoela. Pentsatu nahi nuke gure politikarien ezpainetatik ez litzatekeela halako ahokadarik irtengo. Ezkerraren aldetik behintzat, ez. Eta eskuinaren aldetik?

Ezkerra ez da beti feminista izan —ezkertiarra izan daiteke herritarren erdien eskubideak benetan kontuan hartu barik, soilik hitz politak esanez, eskubide horiek beti beste borroka batzuen garapenen zain eta menpe utzita?—. Hala ere, eskuina ez da inoiz feminista izango, gizaki guztien errotiko berdintasunean sinesten ez duelako. Zapalkuntzaren oinarria delako. Mende luzeetako zapalkuntza horrek historiako gatazkarik luzeena ekarri du. Gerra zaharra, Karmele Jaioren Aitaren etxea nobelako pertsonaia batek dioen bezala. Gatazka amaiezina, Historiaren genesitik datorrena. Zapalkuntzarik handiena. Eta feminismoa XXI. mendeko benetako iraultza posible bakarra izango balitz? Eta hark ekarriko baligu, menturaz, inoiz bukatu ez den gerraren amaiera?

1944. urtean Laura maisulana filmatu zuen Otto Preminger zuzendariak. Hasierako eszena batean hala deskribatzen du susmagarri batek Poliziaren aurrean Laurari, filmeko pertsonaia nagusiari, nola lagundu zion: «Nik haren luma babestu eta gero hasi zen haren karrera benetan nabarmentzen. Hori baino zerbait gehiago egin nuen haren alde: bezero garrantzitsuak aurkeztu nizkion. Neuk eman nion hasierako bultzada, baina bere berezko talentuak eta dinamismoak ahalbidetu zioten bere lanbidearen gailurrera iristea eta gero horri eustea».

Laura

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.