Kubako bertsolariak

0-13

Kubako bertsolariak

Badira istorioak komuneko paperak soilik entzungo dituenak.
Badira sekretuak; ttikiak eta handiak.
Amamak kontatzen zizkidan gaztaroko ipuinak.
Igogailuak sekula esango ez dituenak.
Idatzi gabeko nobelak, inork idatziko ez dituenak.

Kuban ohiko eta arruntak dira itzalaldiak. Hala kontatzen zidan han ezagutu nuen gizon zahar batek. Askotan argirik gabe geratzen dira, azpiegituren egoera txarraren erruz. Baina gizon hark, hura ez zuen erregimenaren aurkako argumentu bezala erabili (hemen askotan egiten da halakorik), kontatzen zuen nola umeak irrikitan egoten diren itzalaldien zain, aitonarengana joan eta izarren azpian istorioak entzuteko. Telebista zein irratiak itzaltzean, atarira irten, eta familiako zaharrenen kontutxoak, pasarteak eta ipuinak entzutera biltzen dira haurrak. Beti ba omen da zer kontatu, zer entzun, eta zer ikasi, horrela batzen direnean. Eta bestela beti geratzen da izarrei begiratzea.

Gure kasuan ziur muturtuko ginatekeela, linternari bateria ahitu zaiolako-edo: “Hi Oier ez al huen Eroskira joan behar pila putak erostera! Friedmanen eta Chicagoko eskolaren izenean!” Teknologien esklabutzan ez ditugu makina bat gauza ulertzen, teknologiarik gabe ahulak gara. Pilak ahitzen dira, eta pilekin gu. Finean, badugu zer ikasi.

Kubako musika argirik gabe entzutekoa da, ume kubatarren azalean ipiniaz. Horrela ulertu behar dira Compay Segundoren kantuak, eguneroko istorioen kontaketa moduan. Guretzat zaila den arren, esfortzu bat egin behar dugu letra kotidiano eta atsegin horiek ulertzeko. Agian zertxobait kontagiatu ahal digute eta guk ere linternak izarrengatik trukatuko ditugu, gure aiton-amonen istorioak aditzeko.
Badirelako inork idatzi gabeko nobelak, inork idatziko ez dituenak.

Ekaitza bainuontzi batean