Kuba: Nazioaren kongresu bat

Kuba: Nazioaren kongresu bat

Kuba: Nazioaren kongresu bat

Kubako Alderdi Komunistak erreforma politiko, ekonomiko eta sozial sorta bat onartu du, Habanan egin berri duen seigarren kongresuan.

Erabaki horiek berretsiz gero, ondoko neurriak ezarriko dituzte, besteak beste: pertsona berak gehienez ere bost urteko bi agintaldi bete ahal izango ditu alderdiko idazkari karguan; zuzendaritzako kide gehienek 1959ko iraultzako beteranoak izaten jarraituko duten arren, komite zentralean aniztasun handiagoa egongo da; lanpostu publikoak murriztu eta kooperatibak eta enpresa pribatuak bultzatuko dituzte; produkzioa handitzea sustatuko dute; eta ‘Libreta’ izeneko gizarte laguntza (oinarrizko elikagaiak erosteko hileroko laguntza) «gehien behar dutenei» bakarrik emango diete.

Raúl Castro presidentearen arabera, helburua ez da kapitalismoa ezartzea, sozialismoaren biziraupena bermatzea baizik. Ángel Guerra Cabrera kazetari kubatarrak América Latina en Movimiento agentziak argitaratutako artikulu batean adierazi duenez, «herriaren eta alderdiaren arteko elkarrekintza emankor baten bidez, iraultzaren etorkizuna erabaki dute eta, beraz, nazioarena».

Alderdi Komunistaren kongresua hasi zen egunean, apirilaren 14an, Habanako kaleetan milaka lagun bildu ziren, Girón hondartzan Ameriketako Estatu Batuetako armadaren inbasioa geldiarazi zuteneko 50. urteurrena gogoratzeko. Guerra Cabreraren ustez, halako jendetza bildu izanak zera adierazten du, herritarrak batzar horren garrantziaz jabetuta zeudela eta iraultza babestu nahi zutela. Dena den, gizartea aldatu dela gaineratu du: «Herri horren jatorri iraultzailea lehengo berbera da, baina orain askoz ere ikasiagoa, anitzagoa eta politikoki kultuagoa da, kongresuaren aurretik izandako eztabaida mamitsuetan baieztatu ahal izan denez».

Fidel Castrok boterea Raúl anaiaren esku utzi eta urte batera, 2007an, Raúl Castrok herritarrei Kubaren beharrei buruz hausnartzeko eskatu zien eta, haien iritzian oinarrituta, Alderdi Komunistak Alderdiaren Politika Ekonomikoa eta Soziala eta Iraultza Lerrokatzeko Proiektua idatzi zuen. Ondoren, dokumentu hori lantoki, ikastetxe eta auzoetan eztabaidatu zuten, 2010eko abenduan hasi eta 2011ko otsailera arte. Guztira, 163.000 bilera egin zituzten, bederatzi milioi herritar inguruk parte hartu zuten, eta proposamenen bi herenean baino gehiagoan aldaketak egin zituzten, Raúl Castrok kongresuan jakinarazi duenez. Hain zuzen ere, ekarpen horiek jasotzen zituen dokumentua aztertu dute Alderdi Komunistaren kongresuan, eta geroago Asanblea Nazionalak eztabaidatuko ditu.

Proposatutako neurriek aurrera eginez gero, Estatuak ekonomiaren iturburu nagusia izaten jarraituko du, baina kooperatibak, enpresa pribatuak eta alokairuak onartuko dituzte. Dagoeneko, aldaketa batzuk egiten hasi dira, adibidez: negozio txikiak sortzeko milaka lizentzia eman dituzte, autoak eta etxeak saltzeko debekua kendu dute –merkatu beltzak indar handia zeukan–, eta 500.000 lanpostu publiko ezabatuko dituztela iragarri dute.

Raúl Castrok kongresuan nabarmendu duenez, erreformak egin ahal izateko, funtsezko bi alor aldatu behar dira: batetik, Alderdiko buruzagitzaren eta Estatuaren mentalitatea, egin beharreko aldaketa sozial eta ekonomikoak aurrera eraman ahal izateko; eta, bestetik, belaunaldi zaharren ordezkoak sustatzeko eta zuzendaritzan gizartearen aniztasuna islatzeko ezintasuna gainditu beharra. Bigarrenari dagokionez, zuzendaritzan oraingoz hiru kide berri bakarrik egongo dira –horietako bat emakumea izango da, Mercedes López Acea eta, beste bat, Marino Murillo Ekonomia ministro eta presidenteordea–, eta gehienak 70-80 urtekoak izango dira, Raul Castro bera (79 urte; horietatik ia 50 defentsa Ministro gisa) eta Juan Machado Ventura presidenteordea (80) bezala. Komite zentralean, berriz, aldaketa handiak egin dituzte: 115 kideetatik % 48 emakumeak izango dira, % 31 beltzak edo mestizoak, eta ordezkari gazte ugari egongo dira. Bestalde, datorren urteko urtarrilean egitekoa duten Alderdi Komunistaren Konferentzian helduko diote bete-betean gaiari eta gerta liteke zuzendaritzan kide berri gehiago sartzea. Horrez gain, komunikabideei informazioa eskuratzeko eta iturriekin harremana izateko aukera bermatu behar zaiela esan du Raúl Castrok. «Raúli kongresuko saioetan jarrera kritiko eta autokritiko sakona ikusi zaio», Guerra Cabreraren ustez.

Fidel Castrok, berriz, ez du kongresuan parte hartu, nahiz eta bukaerako egunean bertan izan zen. Askoren ustez, batzar honetan haren erretiro formala gauzatu da; izan ere, Raúl anaia Alderdi Komunistako idazkari nagusi hautatu dute ofizialki –Fidelek 2006an utzi zuen kargu hori ere anaiaren esku–, eta Fidelek ez du alderdian batere funtziorik beteko, zenbait iturriren arabera, zerrendetan zegoen arren. Hala ere, Cuba Sí webgunean argitaratutako artikulu batean, belaunaldi berriari egin beharreko zuzenketa eta aldaketa guztiak egiteko babesa eman dio.

Oposizioak alderdi bakarreko sistemari eustea, autokritika falta eta erreforma ekonomikoetan behar bezain urruti ez joatea leporatu dio Alderdi Komunistari.

Gaiari lotutako beste artikulu batzuk:

  • Kubako Emakumeen Federazioko idazkari Mayda Álvarezi elkarrizketa, Frantziako L’Humanité egunkarian, erreformez eta emakumeen funtzioaz.
  • Norberto Fuentes idazleari elkarrizketa, Espainiako El Paísen, Kubaren etorkizunaz.
  • Rafael Rojas historialariaren artikulua, El Paísen, erreformen mugez.
  • Erreforma ekonomikoen bultzatzailea izan den Marino Murillo Ekonomia ministroari buruzko artikulua, Quebeceko La Presse egunkarian.
  • Kuba Errusiako Perestroikarekin eta Txinako erreformarekin alderatzen duen artikulua, Cubania webgunean.

Kuba: Nazioaren kongresu bat

ZUZEUrentzat Nazioarteko albiste aipagarriak ...