Konfidantza kontua
Konfidantza kontua –
Duela hilabete batzuk, osasun erakundeak koronabirusaren aurkako txertoa modu masiboan jartzen hasi behar zutela iragartzen hasi zirenean, gutxi ziren balizko txertaketarekiko erabateko konfidantza agertzen zutenak. Orduan, inkesten arabera, populazioaren %40 eskas batek baino ez zuen agertzen prestutasuna lehenengo dosiak jasoko zituztenetako bat izateko. Mesfidantza zen gehiengo zabal baten sentimentu intimoena. Hilabete gutxiren buruan, berriz, elkar ukabilkadaka gabiltza nor izango ote den lehena bakuna jasotzen. Zein izan ote da gakoa, baina, hain denbora laburrean txertoak herri xehearen konfidantza irabaz dezan?
Herri jakinduriak aspaldi ezagutzen du arratoiek zeinen berezkoa duten bizirauteko sena. Mundu guztiak dakien bezala, itsasontzia hondoratzen hasi dela somatzen dutenean, karraskariak dira euren burua babesean gordetzen lehenak. Bizirauteko berezko barne bulkada omen da. Eta portaera hori pertsonetan identifikatzen ere badakigu. Horregatik, ikusi ditugunean EAJko konfidantzazko goi-karguak txertaketa protokoloek ezarritako hurrenkera saltatzen eta bakunatzen lehenak izateko iruzur egiten, gure baitan jakin izan dugu kaka horrek, dudarik gabe, eraginkorra eta segurua izan behar duela; bestela ez luketelako eurentzat gordeko legearen gainean daudela uste duten aberaskume pribilejiatu horiek. Eta horrek txertoarekiko konfidantza izateko pisuzko arrazoiak eman dizkigu.
Antzekoa gertatu da telebistan gau eta egun goraipatu duten Israelgo txertaketa kanpainiarekin. EITBk Jerusalemen duen korrespontsalak eguneroko kroniketan goretsi du hebriarren osasun sistemaren eraginkortasuna. Aintzindariak izan omen dira populazioa inmunizatzen, hain dira aurreratuak eta zibilizatuak. Baina jakin badakigu Israelen txertoa populazio juduarentzako pribilegioa dela, eta Zisjordanian eta Gazan bizi diren bost milioi palestinarrentzat blokeatu egin dutela txertoen sarrera. Eta horrek ere zer pentsatu eman digu. Kabroi sionista kupidagabe horiek txertoa beretzat gorde badute, eraginkorra eta segurua delako seinale izango da, zalantzarik gabe. Horra hor txertoaren gaineko mesfidantzak uxatzeko beste pisuzko argudio bat.