Konfiantza-krisia

Konfiantza-krisia –

Lerro hauek idazten ari naizen unean, 220tik gora dira iturri ofizialek zenbatu dituzten hildakoak, baina denek onartzen dute, ahopeka bada ere, askoz gehiago izango direla. Ekaitza bortitzak eragindako kalte materialak zenbatezinak dira oraingoz. Begi hutsez ikus daiteke bertan jazotako hondamendiaren munta. Lokatzak den-dena estaltzen du, baina noizbait atzera egingo du horrek, garbitu egingo dira bazterrak eta orduan hasiko da uholdeek eragindako benetako triskantza: galdu diren bizitzak eta erabat suntsitu diren bizimoduak.

Konfiantza-krisia
Arg: Enkantari

Larrialdi-egoeretan eskarmentu handia dutenek ongi dakite nondik hasi behar den eta, hamaika zeregin premiazko badira ere, zein den nahitaezko eta lehentasun: uholde baten erdian, edateko ura bermatzetik hasi behar da, den-dena ura bada ere, ur guztia ez baita berdina. Bada, metafora berberak balio digu hausnartzeko zer den nahitaezko krisi bat kudeatu behar denean. Den-denak huts egin duenean, gertakariek gainezka egin eta nondik hasi behar den esatea ia ezinezkoa denean, konfiantza da lehentasunez bermatu beharrekoa, kalapitaren erdian ur edangarria.

Valentzia astindu duen denboraleak erakundeen arteko konfiantza zeharo lokaztu du, eta ia irrigarria litzateke jokabide arduragabekoaren ondorioak horren larriak ez balira. Boterea, aginpidea eta ardura eremu semantiko berean koka daitezkeen kontzeptuak dira, baina adiera desberdina dute eta, bereziki, modu desberdinez aplikatzen dira. Konfiantzak eta komunikazioak krisietan huts egiten dutenean gertatzen denaren isla argia ikusten ari gara egun hauetan, ia-ia krisi-kudeaketan egin behar ez denaren eskuliburua idazteko balio dezakeena.

Larrialdi publiko honen mailakorik nekez aurresan zitekeen, baina zenbat erakunde daude benetan prestatuta beren “ekaitzari” aurre egiteko? Krisiaren kudeaketak, beharrezkoak bezain gutxietsiak, funtsezko diziplina izan beharko luke erresilientzia bermatu nahi duen edozein erakunderentzat. Krisiak kudeatzeko orduan, ikuspegia aldatzea ezinbestekoa da: kontua ez da krisi bat gertatzekotan zer egingo asmatzea, baizik eta krisia gertatuko dela ziurtzat emanez, zer egingo dugun aldez aurretik planifikatzea. Krisien kudeaketa momentuan suteak itzaltzea baino askoz gehiago da; aldez aurreko plangintza da, estrategien diseinua eta prestakuntza.

Valentziaren kasuan, argitasunik ezak eta agintarien arteko rol lausoek komunikazio-protokolo eraginkorra izatearen garrantzia erakutsi zuten. Enpresek, erakunde publikoek bezala, mekanismoak ezarri behar dituzte, krisialdietan denek jakin dezaten zein den beren egitekoa eta nori jakinarazi behar dioten zer. Izan ere, une kritikoetan, inprobisazioa kaoserako lehen urratsa da ia beti.

Ebidentziek kontrakoa agintzen badute ere, enpresa askok urruneko kezka gisa ikusten dute oraindik krisiaren kudeaketa, korporazio handiek eta muturreko egoeratan baino egin behar ez den zerbait dela uste dute. Hala ere, edozein erakunde, multinazional batetik hasi eta enpresa txiki bateraino, bere “DANA” propioen eraginpean dagoela begien bistakoa da. Edo ba al dago ustekabeko egoeren aurrean zeharo immunea den erakunderik?

Krisiak kudeatzeko ondo diseinatutako plan batek hiru elementu gako izan beharko lituzke: alerta goiztiarreko sistemak, rol definituak dituzten protokolo argiak eta komunikazio-kanal eraginkorrak. Teknologiak aukera ematen digu denbora errealean balizko arazoak monitorizatzeko eta aurreikusteko, baina protokolo argirik gabe eta berau jarraitzeko prest dauden pertsonarik gabe, alferrik dira guztiak. Krisiak atea jotzen duenean, ez dago zalantzati erantzuteko astirik.

Zergatik komunikazioa? Konfiantza bermatzeko tresna nagusia delako, krisi baten erdian ezinbestean ziurtatu behar dugun ur edangarria. Ziurgabetasun-uneetan, mezu argiak behar ditugu eta zerbait gaizki ateratzen denean, komunikazio gardena eta hurbila beharrezkoa izateaz gain, ezinbestekoa da konfiantza ez galtzeko. Komunikazio txarrak irudi publikoari eragiteaz gain, kalteak areagotu eta erakundea barrutik ezegonkortu dezake.

Denboraleak mina eta suntsipena zabaldu ditu, baina baita ikasteko aukera franko ere. Argi geratu da, beste behin ere, prebentzioa eta krisi-kudeaketako prestakuntza ez direla “estra” bat lehentasunen zerrenda batean. Erakunde bat ez da benetan sendoa ekaitzari aurre egiteko gai den arte eta eraginkortasunez erantzungo duten barne-egituretan datza sendotasun hori. Horrela bakarrik ekidin daiteke krisi bat hondamendi bihurtzea.

Zalantzazko garaietan, krisiaren kudeaketa ez da luxu bat, ezta gastu gehigarri bat ere: egonkortasunerako eta epe luzerako konfiantzarako inbertsioa da.

Bikiak

Konfiantza-krisia  Konfiantza-krisia

Kazetaria. Idazlea lantzean behin. Enpresa-komunikazioa, berrikuntza, dibulgazioa eta poesia lantzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude