Kitxua, Inka Inperioaren hizkuntza nagusia

Kitxua, Inka Inperioaren hizkuntza nagusia –

Amatiñok bere blogean.

Oporretan Perurainoko joan-etorria egindako adiskide iruinsemeak ekarri dit kitxua-hiztegia. Ondo ezagutzen nau, nonbait. Zenbaitek galde dezake ez ote dagoen horrelako hiztegirik online. Bai, baina batak ez du bestea kentzen. Paperari muzin egitea, internetez baliatzeari uko egitea bezain motza da. Euskarri bakoitzak bere abaguneak ditu.

Kitxua, Inka Inperioaren hizkuntza nagusiaAndeetako zazpi herrialdetan barrena (Kolonbia, Ekuador, Bolivia, Txile, Brasil, Argentina eta Peru) 10 milioi lagunek hitz egiten dute gaur egun kitxuaz (runasimi). Europarrak Ameriketara heldu zirenean, inka guztiak ez ziren askoz ere gehiago, 12 milioi inguru-edo. Kitxua zen Inka Inperioaren hizkuntza ofiziala, beste bospasei nagusienen (1) artean, zabalduenetako aimara (2) tarteko.

Atahualpa (1532) eta Tupac Amaru (1575) buruzagien heriotzaz (biak exekutatu zituzten, bataiatu ostean (3), hori bai) amaitu zen betiko Inka Inperioa. Geroztik, zalantzarik ez mende gehiegitan europar emigrazioaren ondorengoek lar agindu dutela Andeetako herrialdeetan, baina ezin esan mugimendu indigenistak, aukerarik izan dutenetan, askorik arduratu direnik euren jatorrizko kultura eta hizkuntza sustatzeaz (4).

Bostehun urte geroago, kitxua-hiztunen %38 inguru Perun bizi dira. Perutar guztien %14k baino ez daki kitxuaz, eta dakitenek ez dira, inondik ere, gobernuan, administrazioan, literaturan (5),  hedabideetan eta unibertsitatean agintean daudenak. Hain zuzen ere, kitxuaz burututako lehen tesi doktorala Roxana Quisque irakasleak aurkeztu zuen 2019an Limako Unibertsitatean. Bostehun urte…

.

Hiztegia

Kitxuak oinarrizko hiru bokal baino ez ditu (a, o, u) eta hizkuntza askok ohikotzat jotzen dituzten zazpi kontsonante (b, c, d, f, g, v, z) “falta” zaizkio.

Guk gogoan hartu ez arren, badira, gutxi zein asko, ezustean erabili ohi ditugun hitz kitxuarrak. Adibidez, kautxo, kinoa, mate, guano (simaurra), pita (soka-mota), pontxo (jantzia), karpa (aterpea) edo panpa (lautada), baita bertako animaliarenak ere, kondor, puma eta bikuina, esaterako.

Kitxuak ez du hitzik “garia” izendatzeko, baina bost arto-mota bereizten ditu. Gurean ez zen, ordea, artorik, XVI. mende arte. Gure orduko artoa, egungo artatxikia zen. Besterik ezean, Ameriketatik etorritako handia “arto” izen zaharraz jabetu zen eta hemengo betiko txikia, berriz, “artatxiki”.bataiatu.

Bitxikeria gisa baino ez, aitari “taita” esaten diote.

Eskutan dudan hiztegiaren bibliografiak 70 autoreren erreferentziak biltzen ditu oinarritzat. 51 autore erlijiosoak dira eta gainerako guztiak 29 baino ez, doktrina-lanetan misiolariek kitxuaz egindako ahalegin interesdunaren adierazgarri. Chi non labora non fa l´amore.

—ooOoo—

1Kultura Ministeritzaren arabera, egun  jatorrizko 55 hizkuntza hitz egiten dira Perun. 51 Amazonian eta 4 Andeetan. XVI. mendetik hona 37  hizkera erabat galdu omen dira.

2) Aimara (eta kitxua) hitz-bilatzailea online.

3) Zertarako ote? Zerura joan zitezen aukera emateko ala, behingoz, aitzakiarik gabe infernuan amai zezaten?

4) Bolivia ez da Euskadi

5) Mario Vargas Llosa Nobel Sariak (2010) esana da hizkuntza-aniztasunak eragin zituela herri ezberdinen arteko guduak  eta sarraskiak, gaztelaniaren batasunak (zenbaitetan derrigortua)  uxatu dituenak nonbait… nahiz antropologiak horren aztarrenik inoiz aurkitu ez, eta amazoniarren ohiko eleaniztasun baketsua azpimarratu. 

Kitxua, Inka Inperioaren hizkuntza nagusia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Kitxua, Inka Inperioaren hizkuntza nagusia”-ri buruz

  • Amonamantangorri 2024-08-23 15:11

    Konkista ondorengo urteetan, lehen ketxuera gramatikak argitaratu ziren, Europako hizkuntza askok baino lehenago, ingelesak esaterako.

    Batxiller eta lizentziatua izateko ezinbestekoa zen “Lengua general del Perú” horretan ondo mintzatzea. Gizartean gora joateko gaztelaniaz jakin behar, baita bertako hizkuntza ere.

    Cuscon bezalako lekuetan ba omen zen goi-klase bat, ketxueraz irakurtzen, teatro-lanak ikusiz eta poemak entzunez plazer hartzen zuena. XX. mende hasieran, perutarren %60 ketxueraduna omen zen; 2017ko erroldan, %15.

    Mundu guztiarentzat balio du: Ez bota den-denaren kulpa espainolei.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude