Kataluniako emaitzak, nazioarteko begietara

Kataluniako emaitzak, nazioarteko begietaraAtzoko Kataluniako hauteskundeak bereziak izan direnaren zantzu bat bertaratu den kazetari atzerritarren kopuruak eman du; mundua bertara so dago-eta. Guztira 180 izan dira Katalunian berri emaileak izan dituzten kanpoko hedabideak, 550 kazetari inguru bertara bidalita. Kontutan hartu, gainera, kazetari espainiarrak atzokoan ez baina aurki besteekin batera kontatu beharko direla.

Meritxell Borrás Generalitat-eko kontseilariaren arabera, “Katalunian zein munduan zehar jakinmin izugarria piztu duten hauteskundeak dira hauek; begi asko ziren Kataluniara begira, irailaren 27an zer gertatuko”.

Nazioarteko prentsak, orokorrean, “independentziari buruzko erreferendum” legez hartu ditu atzoko hauteskundeak.


 

.

Atzo, igandez

Hauteskundeak ospatzekoak ziren egunean bertan, atzo igandez, Kataluniakoak “Espainiak historia hurbilean izan dituen hauteskunderik garrantzitsuenak” zirela nabarmentzen zuen AFP agentziak, La Vanguardian irakur zitekeenez; “aurreikuspenen arabera, lurraldea independente aldarrikatu gura dutenek irabaziko dute”.

Reuters agentziak, bere aldetik, “Madrili botatako erronka” definitzen ditu hauteskundeak; “independentziaren aldeko alderdiek Kataluniako Parlament-a hartzea espero da, eta Espainiako Gobernuak ezinezkoa dela esan arren, herrialdea independentziara bidean jartzea”.

“Kataluniak orain arte ezagutzen ez genuen egoeran jar ditzake Espainia eta EB”, diote The Guardian britainiarrean; eta BBC-ri hauteskundeak “mugarri” direla begitantzen zaio. Frantzian, independentistak “indar erakustaldia” egiten saiatuko zirela zioen Le Mondek. Junts pel Sí-k “independentzia aldarrikatzea hitzeman du, horretarako aulki nahikoa lortuz gero”.

Al Jazeera arabiarrek plebizitariotzat hartzen zituzten hauteskundeak: “ez da bakarrik lurraldeko gobernua katalanek hautatzen dutena, nazio subirautza dago jokoan”.

AEB-etan, Washington Post eta New York Times itzaltsuek ere eman zuten hauteskundeen berri.

Lehenengoek, errepideetako peajeak eta independentzia lotzen dute, Kataluniako errepide erdietan, Estatuko mediaren bikoitzean, ordaindu beharra dagoela azpimarratuta; erresumina piztu duen kontua: “Peajeek Katalunia independentziara gidatzen laguntzen dute”.

Bigarrenak, “hauteskunde korapilatsutzat” jo eta Rajoy-ren gobernuak “Kataluniako independentzia eragozteko neurri guztiak erabiliko zituela” azpimarratzen zuen.

Radio Canadak Estatut-ak jasan zituen murrizketak eta Madrilekin erreferendum bat adosteko saiakerak gogoratu eta, independentziarako deia “bazterrekoa izatetik trumilka aldarrikatua izatera” igaro dela adierazten du.

Europara itzulita, egunkari ekonomiko nagusiek, “porrot mingotsa” eta “Espainiaren mina” bezalako esamoldeekin, Kataluniako hauteskundeen emaitzek mugaz gaindi izan dezaketen eraginaren gaineko kezkak agertzen zituzten, “ezegonkortasun finantzieroari” dagokionez, batipat.

Kataluniako emaitzak, nazioarteko begietara

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.