Katalunia… eta Frantzia
Katalunia… eta Frantzia –
«Eskoziak independentea izan behar ote du?» 2014ko buruilean, eskoziarrek galdera hori trenkatzen zuten masiboki joanez bozkatzerat, debate demokratiko eredugarri baten ondotik eta Erresuma Batuak erreferenduma legeztaturik. %53ek «No» bozkatu zuten. «Quebec-k independentea izan behar ote du?» 1995ko urrian, %50,6ek perspektiba hori baztertu zuten, 15 urte lehenago jadanik %60ek erantzun berdina eman zuten bozka untzietan. Bi kontsulta horiek Kanadak onartu zituen. Holakorik ez Espainian! Madrilek gosta ahala gosta debekatu nahi ditu katalanak bozkatzerat erabakitzeko “Katalunia bilakatu ahal den estatu independentea errepublika gisa”. Hortarako ez ez du dudatu goi funtzionarioak atxilotzea, bozka paperrak sesitzea, web guneak hestea etab…
Eskozia, Québec, Katalunia: ebidentziaz konparaketa ez da españolen abantailetan. Alta, kurioski konstatazio horrek erreakzio gutti sortzen Frantzia eta frantsesen aldetik. Alta ardurenean “gure” intelektualek ez dute gisa hortako paradarik huts egiten harritzeko, salatzeko edo euforiko bilakatzeko. Berdin politikoetan. Momentukotz soilik Benoit Hamon izan da bakarrenetakoa distantzia zerbaitekin azpimarratzeko “español gobernuak ez duela arrazoin tentsioa mantentzea kontsulta debekatuz..” Orohar frantses klase politikoan izigarriko jena eta ezinegona sendi da Kataluniako kasuari begira. Harritzekoa ote da?
“Erreferenduma legez kanpokoa da”. Hau da español gobernuaren tesia nagusia, bere auzitegi konstituzionalaren erabakia segituz. Alta lehen begirada soilean erran daiteke neutroa ez dela auzitegi hori, ikusita bere kideen gehiengo haundia “unionist” diren PP eta PSOE alderdiek izendatu dituztela. Ondorioz juje horiek soilik zentralismo baten bozeramaile fidelak izaiterat mugatuak dira “español nazioaren batasun hautsiezina” azpimarratuz. Orroitzen gira halere Ottawako gorte supremoak bere garaian, Kanadako gobernu federalak eskaturik estimatu zuela “burujabetza helburu legitimoa zela eta soilik Québec-eko biztanleak zutela bozkatzeko eskubidea”… Alta salbu kontsideratuz autodeterminatze eskubidea “baliatzen” ahal dutela ariketa hortan jadanik arizan diren herrialde edo populuak, zaila ditaike katalanak kondenatzea soilik Madrileko auzitegi konstituzionalaren erabakia kontutan hartuz. Beste hainbat kasutan badakite alta frantses intelektualek salatzen ozenki munduko beste “legalitate nazional” hainbat, hauek zangopilatzen dituztelarik printzipio unibertsal basikoenak. Zergatik alderantzizkoa Espainiarekin?
Michel Rocard aparte sekulan Frantzian eskualde, herrialde edo populuen eskubideek ez dute sustengu politiko haundirik lortu. Mespretxu konpara daiteke nolabaiteko snobismo bati. Bizi intelektuala kasik osoki Parisen kokatua den erresuma batean, katalanak, euskaldunak, bretoinak edo kortzikarrak aipatzea aipatzeak bera “probintzia” , “azpiko”edo “hango” haiek aipatzea da. “Kondatzen” dutenetarik aparte izaitea da, lanjeroski baztertzea da. Frantzian “abertzaleak” edo hobekiago erran “erregionalistak” izan kortzikar, euskaldun, bretoin, altzaziar edo katalan trufatuak dira eta erreakzionario gisa erakutsiak dira. Nunbait ez da harritzekoa ere, ikusita Petain marexaletik hasita eta Maurras idazlearaino, “probintzia ederren” goraipatzeak beti ukan ditu defendatzaile sutsuak eskuinaren eskuinean. 68ko maiatzaren ondotik eta 70 hamarkada geroztik haatik tendentzia aldatu da eta erran daiteke frantses “erregionalismoa” ezkerrerat lerratu dela. Ez da aski izan maleruski delako mesfidantza hura uxatzeko… Jakingabekeria nardagarri hori funtsezki oinarritua Frantziako jendartean eta hainbat intelektual eta politikoen eremuan. Azkenik oraino Jean-Luc Melenchon batek bere Youtube katean goraki azpimarratzen zuen zergatik katalanen aldarrikapeneri uko egin behar den. Katalaneri “amor” emaitea litaike berriz itzultzea “Saint Empire Germanique delako denborarat, printzipote, erregetza ta beste holakoetarat, eta guzi horren gainetik… dirua !” Melenchonen arabera soilik maila unibertsala lortzen du gizaki batek gaurko estatu baten kide edo partaide izanez!
“Katalunia ttipiegia da estatu bilakatzeko”. Afirmazio kuriosoa da. 7,5 milioi herritarrekin, Katalunia Dinamarka, Finlandia, Kroazia edo Irlanda baino jendetsuagoa da. Aipatu gabe ere Luxenburgo miniskuloa bere 560 000 herritarrekin, alta europar batasunaren sortzailetarik bat!
“Katalanak berekoitzak dira”. Beren moltsari soilik pentsatzeaz akusatuak dira, Espainiako eskualde aberatsena izanki. Baditaike. Baina ariketa intelektuala itzulipurdikatzen da Kortzikarekin adibidez. Kortzika aise pobregia da (ez erraiteko alferregia!) egun batez independentea izaiteko. Hori guzia azpimarratzeko gaurko estatuak zer nolako trebetasun retorikoren gaitasuna duten beren interesen defentsan.
Bai zinez, badute hau guziarekin frantses intelektualek meditazio eta hausnarketarako mamiarik.
Katalunia… eta Frantzia
Enbata.info