Katalanek 2017ko urriaren 1a errekara botako dute?

Katalanek 2017ko urriaren 1a errekara botako dute? –

Hala egitera, hori independentziaren bidea abandonatzea eta autonomismoaren bidera itzultzea izango litzateke. ERCko 8.700 militantek erabakiko dute abuztuaren bian, ostirala, Salvador Illa unionista katalan-espainola presidente egin, ala Carles Puigdemont independentistari aukera bat eman.

Katalanek 2017ko urriaren 1a errekara botako dute?
Arg: Beñat Hach Embarek (ZuZeu)

Jakina denez, ERCren zuzendaritzak orain baino lehenago erabaki zuen autonomismoaren bidera itzultzea delako bitariko mahaiarekin, eta orain horri jarraitzea erabaki du. Nahiago izan du Junts eta Puigdemonti eta independentista katalanei aukera bat eman baino PSC eta Salvador Illari ematea, hots, espainiar sozialdemokraziari. Zeren trukean? Funtsean, EAEn dugun kontzertu ekonomiko modukoaren ordainetan. Beste puntu batzuk ere badaude, esaterako, katalan hizkuntzarentzako aurrerapausoak — neurtzeko zailak eta Illak presidente eginez gero nahi bezala beteko dituenak–, baina kontzertu ekonomiko solidarioa deitu dutena da garrantzizkoena, eta hori, funtsean, EAEn daukagunaren senidea da. Beteko den bermerik badute? Hori badakigu estatuak nahieran erabili ohi duela, trukerako txanpon gisa, eta unean uneko indar korrelazioaren arabera.

Rovira andereak agertu duen bezala, “burujabetza fiskalarekin” independentziaren bidean hobeto kokatuta egongo dira katalanak? Hori gezurra da. Guk oso ondo dakigu, azkeneko berrogeita bost urteko eskarmentua gogoan, burujabetza fiskala deitua autonomismoaren atal bat baino ez dela, atal garrantzizkoa, baina autonomismoaren atal bat, eta autonomismotik ez da independentziarako biderik egiten; autonomismoak autonomismo eta dependentzia gehiago sortzen du ezari-ezarian edo oldarrez, eskumen negoziazio luze-akigarriekin, eta halaber hauteskunde-deialdien joan-etorriekin, eta haien eta gure arteko gatazka politikoak emeki-emeki desagertzera egiteko arriskua ekarri ohi du.

Zergatik ez du ERCko zuzendaritzak Puigdemont eta Juntsekin, eta ANCrekin, eta independentista ororekin batera, estrategia independentistari bultzada berri bat ematea erabaki? Nik esango nuke ez duelako posible ikusten Kataluniako estatu independentea sortzea edo ez duelako bide neketsu hori bizkarreratu nahi. Nahiago du EAJren oso antzeko bide samurr(ago)ari ekitea. Puigdemont eta Juntsi ez ezik, gaur egun Lluis Llach i Grande independentista nekaezinak gidatzen duen ANCri ere ez dio jaramonik egin.

Labur esanda, diru gehiago gera dadila Katalunian, katalanen ongizate materiala hobetze aldera, eta bide politiko zail eta sakrifizio handia eskatzen dutenak –badakigu espainol nazionalismoa oso tematia eta alde askotatik oso armatua dela– hurrengo belaunaldiei uztea erabaki dute. Gutxienez, argi eta garbi aditzera emango balituzte euren benetako burutazioak eta gezur zuririk ez jendarteratu?

Zer egingo ote dute 8.700 afiliatu horiek: 2017ko urriaren 1eko itxaropenak eta legatua errekara bota, eta EAEko Patxi Lopez edo Nafarroa Garaiko Maria Txibiteren alderdikide den Salvador Illaren estrategiari baiezkoa eman, ala bide zailago eta independentziaren bidetik hurbilago legokeena urratzearen alde egin, hots, Puigdemont eta Juntsekin eta independentistekin bat egin, eta Puigdemont lehendari inbestitzeari bidea ematea proposatu? Ala Carles Puigdemont kartzelan ikusteko gaude?

Katalanek 2017ko urriaren 1a errekara botako dute?  Katalanek 2017ko urriaren 1a errekara botako dute?

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

15 pentsamendu “Katalanek 2017ko urriaren 1a errekara botako dute?”-ri buruz

  • Orson Wells 2024-08-02 20:09

    Politika demokratikoa,hizki larrikoa, dialektikoa, humanista , jendarte kohesio zalea ,errepublikazalea ta ilustratua kontuan hartuta ,Katalanzaletasuna, euskal zaletasuna eta galiziarzaletasuna kontuan hartuta,Espainiaren egoera, munduaren ta europarena kontuan hartuta, erabaki pozgarria hartu dute ERC ko militantziak nere ustez Illa PSCkoa lehendakaria egiteko gatazkaren konponbideriko tresna demokratikoen truk.

    Aurrera begira ,autodeterminazio eskubidea onartuko duen estatu espainiar federalaren konstituzioaren bidea da bide inteligente ta posiblea,nere ustez.

    Euskal herriko ta Kataluniako matxinada garaikideen derrotetatik ikasiaz.

    Imajinazioa ta kultura dira tresnak mundu ederrak,justuak ta askeak eraikitzeko.

  • Orson Wells 2024-08-02 20:28

    There are not spanish, there are not french.

  • 1978ko Konstituzioaren 155. artikuluaren defendatzaile Salvador Illa presidente inbestitzearen alde 3.397 boto egon dira ERCren militanteen artean, eta 2.847 boto aurka. 550 botoren aldea. Alderdia zatituta. Eta alderdiko zuzendaritzak katalanen nahia baino alderdiaren nahia lehenetsi du.

    Junts eta CUP, eta ANC eta Omnium Culturalekin bat eginda, 2017ko urriaren 1eko erreferendumera iritsi ziren, prozesu miragarri baten ondotik. Eta bai, azken orduan, zapuztu egin zen, baina katalan herritarren artean inoiz ez bezalako olatu independentista sortzea lortu zuten.

    ERC eta PSOEren arteko bitariko mahaiak zer eman du orain arte? Amnistia lege bat, hein batean bai, baina beste hein batean gauzatu ezin dena, PP, Vox eta togadunek eta botere faktiko espainiarrek oztopoari oztopo jartzen dizkiotelako. Eta katalan herritarrek ez dute ERCren estrategia botoekin saritu. Alabaina, berdin jarraitzea erabaki du zuzendaritzak, PSOE estu harturik burujabetza fiskala lor dezakeelakoan eta horrela katalan botoemaileek eskertuko diotelakoan. Bizkitartean, PSOEren erabat mende geratu da ERC.

    PSOE estu Espainiako indar faktikoek hartzen dute, eta alderdiaren barruan ere pentsa zenbait baroi eta erkidegoetako presidente zentralista dituen zangotraba egiteko prest beti. Amnistia legeari oztopoak jartzen badizkiote, kontzertu ekonomiko gisakoari ez dizkiote behaztopa gutxiago jarriko, eta ERCk ia militante erdiak galduko ditu eta segur aski botoemaileak ere bai. Zergatik? Bakarrik ibili nahi izateagatik, jakinda edo jakin nahi ezta, bera bakarrik, eta borroka instituzionalera mugaturik, gauza ez dela PSOE estu hartzeko, eta tirabira politikoan beti hark irabaziko diola.

    Hemen EAJren portaeragatik ezinezkoa dena lortu zuten aurreko hamarkadan katalanek: fronte independentista eratzea, eta kalea mobilizatzea. Inoiz baino gertuago egon ziren independentziatik, eta, aldiz, Salvador Illa ERCren laguntzarekin presidente eginda, gero eta urrunago egongo dira. Alderdiak militanteak galduko ditu, eta botoak.

    Salvador Illaren gobernuak Espainiaren aldeko eta katalanen aurkako erabakiak hartzen dituenean, PSCrekin batera ERCren mamua ikusiko dute katalanek. Bumeran efektua izango du ERCren erabaki oker honek.

  • Orson Wells 2024-08-03 10:39

    Egunon.

    Egiten dezun azterketa politikoa exkaxa dela iruditzen zait.Azterketa politiko exkaxa irudi,Pako.

    Halere,tira, denborak epaituko du ERCren apustu hau gurutze bidezko ta inzertidubrez betetako garai aldaketazko hauetan.

  • Orson Wells 2024-08-03 14:18

    Denborak epaituko duela,alegia.

  • Autodeterminazio eskubidea onartuko duen estatu espainiar federalaren konstituzioaren bidea, posiblea? Ze indar korrelaziorekin? Eskuin espainiarraren onespenarekin? Ezker espainiarra bat-batean nazioak onartzeko prest? Noiztik? Nondik nora bilakaera hori? Hori bai azterketa politiko sakona, Wells jauna!!!

    Hausturaren derrotatik ikasi behar da, bai, baina paktismoaren derrotatik ez dugu ezer ikasi?

    Epe motzean independentismoak ez dauka bide posiblerik, ezustean egoera goitik behera aldatu ezean. Espainiatik ez zaigula ezer etorriko aspaldi dakigu, batzuek ahaztu egin dutela dirudien arren. Eta hausturarako ez daukagu babes nahikorik, ez barruan, ez nazioartean.

    Politikariak dedikatu daitezela egoera ahalik eta gozoena erdiestera. Bitartean, twiterrari begira gaudela herria disolbatu ez dadin, jarrai dezagun herria hauspotzen estatuaren aurka.

  • Orson Wells 2024-08-05 19:42

    Autodeterminazio eskubidea onartuko duen estatu espainiarraren konstituzioaren bidea posiblea ? Galdetzen dezu Zuriñe.

    Ba, bai,nere ustez.Espainiar monarkia parlamentarioaren testuinguruan zapalduak gauden nazioen eragile anitzek eragin ditzakegun aldaketen arabera izango da posible bide hori.( Alderdiak, akademiak, sindikatuek,enpresari elkarteak,gazte elkarteak, gkeak….Gure nazioetatik eta munduko ahal eta aliantza zabal eta eraginkorrenak lortuz. Batasun anitzekoak sortzen dute aldaketak.

    Lortzen diren egitasmo bateratu eta egingarrien arabera. Idei on asko behar dira eta konstantziaren nolabaiteko militantzia,noski.

    Ikusmira luzez, batasun intersekzional handiaz, inteligentzia handiaz, osagarritasun ekimen eraginkorrekin, lasaitasun estrategikoaz, bihotza ta buru kolektiboa erabiliaz, azterketa exkax ta epemotzekoak alboratuaz, politika demokratiko eta kohesiozkoak sustatuaz kultura politiko berri bat sustatuaz, izpiritu eta moral demokratiko erredikalarekin, ilustrazioaren kultura irakaspenei so eginez…

    erreza? Ez. Oso zaila. Baina, nere ustez, aldaketa posibilitateak gero ta handiagoak dira, demoniyozko krisi orokor guzti hauen artean.Baita katastrofezkoak ere.Momentua irakurtzen ta asmatzen aritu behar.

    Pentsa nola ginen Euskal Errepublika, Katalan Errepublika eta galiziar Errepublika amesten dugunok orain dela 10 urte eta nola gauden orain.Eta nola egon gaitezkeen hemendik eta 10 urtera.

    Tira, azken hilabete hauetan errelebantziazko pertsonaiak adierazitakoen artean ,Bartzelonan hain zuzen ere ,Angela Davisek adierazitakoarekin geratzen naiz.

    Espererantza disziplina bat dela. Ta honi erantsiko nioke, ilustrazioaz,kulturaz, imajinazioz eta humanismo eraginkorrez praktikatzekoa.

  • Zuk, Orson Welles, azterketak egiten ez dakizu; ez onak eta ez txarrak.
    Zurea optimismo orohartzaile unibertsala da: ” Alderdiak, akademiak, sindikatuek,enpresari elkarteak,gazte elkarteak, gkeak…” egin dezaketenean daukazu konfiantza, baina erakusgarritarako alerik ere ez duzu aditzera ematen.
    Esaldi hau antologikoa da: “Pentsa nola ginen Euskal Errepublika, Katalan Errepublika eta galiziar Errepublika amesten dugunok orain dela 10 urte eta nola gauden orain.” Gurean eta Galizian, funtsean, berdintsu, botoen trasbasea gorabehera. Katalunian, nabarmen okerrago!
    Badakit nire iritzi ezkorrak ez dizula munduaren globoa bezain handia eta biribila duzun optimismoan zirrikiturik txikiena eragingo…; ez nuke nahi gainera. Segi baikor-baikor eta optimista-optimista, eta gogobeteko gogobeteko!
    Eta, azkenik, Nagoreren rola hartuz: “Batasun anitzekoak sortzen dute aldaketak”: ASKOTARIKO BATASUNEK SORRARAZTEN DITUZTE ALDAKETAK”; zain ezazu gehixeago darabilzun euskara!

  • Urriaren 11 errekara botatzea? Urriaren 11 bera zen erreka! Politikari erotu batzuk, erregio baten buruzagiak, beren eskualdeko herritarren erdia baino gutxiagoren ustezko sostenguarekin, Espainia bezalako nazio historiko eta sendoa apurtzeko prest, enfrentamendu zibilera beste ezertara eraman ezin zezakeen estrategia suizida batean. Jende gutxiegik denbora gutxiegi pasa du kartzelan. Merke aterako zaie egindako kaltea.

  • Maskara kendu dizut: aurpegi espainol-espainol intolerante errepresiboa agertu duzu. Merezi izan du zuri idazteko lana hartzeak.

  • Maskara zeinek zeini kendu? Espainol hitza iraingarritzat duzu? “Espainol-espainol” gainera, bi aldiz, “horreur!!”. Eta bai, delituaren aurrean intolerante eta errepresiboa izan behar da; hau benetako mundua da, laguntxo, ez zure “ametsen” mundu miresgarri hori.

  • Aber!, pentsatzen dut konstituzioaz ere antzekoak esango dituzula, kontuan izanda erroldaren arabera jende gutxiagok babestu zuela Konstituzioa 1978an, independentzia urriaren 1ean baino.
    Zehazki, Kataluniako erroldaren %38an independentziaren alde. Hegoaldeko lau probintzietan, %34a konstituzioaren alde.

  • Ba ote! Noiztik dira “hegoaldeko lau probintziak” erabakigune bat? Zergatik ez probinitzia bakoitza? Zergatik ez herri edo auzo bakoitza? Konstituzioa espainiar guztion artean erabaki zen, eta aise onartu zen. Konstituzio hartatik eratortzen da egungo Estatutua. Hor bai, erabakigunea EAE zen eta gehiengo zabal batek onartu zuen, gustatu ala ez.

  • EAEko %63k ezezkoa edo abstentzioa eman zion 1978ko Konstituzioari. Baiezkoa hauteskunde-erroldaren %23k eman zion. Nafarroa Garaian %51k onartu zuen.
    Handik hona, 46 urtetan, pentsa zenbat hil diren. Gaur egun EAEn eta Nafarroa Garaian bizi diren gehienek ez dute aukerarik izan 1978ko Konstituzioa onartzeko edo gaitzesteko. Beraz, gezurrik ez!

  • Datuok, hemendik hartu ditut:
    José María Lorenzo Espinosa: Historia de Euskal Herria. III. tomoa. Txalaparta. 1995. 286-287.
    Eta EAEko autonomi estatutua hauteskunde-erroldaren %53k onartu zuen. (idem, 289).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude