Kanpismoa eta anti-inperialismoa
Kanpismoa eta antiinperialismoa –
Zenbait euskal eragilek NATOren aurkako manifestazioa deitu dute inperialismoari aurre egiteko asmoz. Mezu horrekin ados. Alabaina, guztiz harritzen nau ez dutela ezer esaten Errusiaren inbasioari buruz, ezta Ukrainako herriak bere burua defendatzeko eskubideaz. Zer nolako anti-inperialismoa da hori?
Aldiz, Gerrari ez! plataformak argi eta garbi dio: «Arbuiatu egiten dugu Ukrainako gerra. Errusiaren erasoaren eta NATOren espantsionismoaren aurka», bai eta LABeko nazioarte arloko ordezkari batek ere argi eta garbi adierazi duenean: «Errusiak Ukraina inbaditzea eta erasotzea justifikaezina da».
Ez da gaur goizekoa geopolitika arloan kanpismoa deritzona, gerra hotzean sortu zena, eta mundu osoko ezkerrak bere egin zuena (sozialdemokratak Mendebaldeekin eta komunistak Ekialdeekin). Eremu honetako salbuespena izan zen, urtetan Sobietar Batasunari men egin ondoren, Espainiako Alderdi Komunistak eta Italiakoak kritikatu zutela Varsoviako Itunaren tankeek Txekoslovakiako udaberria zapaldu zutenean. Partidu komunista gehienek, zoritxarrez, horien artean Fidel Castrorenak, defendatu eta babestu egin zuten inbasioa. Eta horrekin zapuztu egin zuten giza aurpegia izango zuen sozialismoa sortzeko aukera bakarra.
Bigarren salbuespena, bi bloke horietatik aldendutako estatu desberdinen artean osatutako «Ez lerrokatuen mugimendua» izan zen, zeinen artean paper oso garrantzitsua jokatu zuen Tito Jugoslaviako presidentea izandakoak; halaber, militante internazionalistek osatutako hala-moduzko hirugarren eremua.
Lerratze horrek iraganean bere logika izan arren (manikeoa, Sobietar Batasuna ez baitzen jada sozialista Marxek eta Engelsek uste zuten arabera, gaur Txina ez den bezala), gaur egun aberrazio bat da Errusia, zalantzarik gabe, herrialde kapitalista bat delako, zeinaren buruzagia, Putin, antikomunista deklaratua den, Lenin eta boltxebikeak etengabe gorrotatzen dituena errusiar inperio preziatua suntsitzeagatik.
Putin-zale horiek, nolabait («kanpo zaleen» oinordekoek deritzogunak) uste dute joan den mendeko 70eko hamarkadan gaudela oraindik, eta horrek egoera triste honetara garamatza, non munduko ezkerraren zati batek AEBei aurre egiten dien edonori laguntzen dion (izan Putinen Errusia, izan Baxar al-Assaden Siria edo Ortegatarren Nikaragua), batez ere Errusiari, nolabait, uste duelako gaurko Errusia Sobietar Batasunarekin, eta komunismoarekin ordezkatzen dutena geopolitika alorrean. Siriako oposizioak ergelen antiinperialismotzat jo zuen jarrera hori. Izan ere, gure etsaien (NATO) etsaiak (Errusia eta Txina) ez dira nahitaez gure lagunak.
Zoritxarreko inperialismoaren aurkako joera manikeo honek, abstraktua izatez gain, Mendebaldea ez den edozein aktore inperialistatzat hartzeari uko egiten dio. Beraz, beraientzat Errusia ez da inperio bat. Eta, suposatzen da, Txina ere ez.
Ni, berriz, ados nago Raul Zibechirekin, dioenean, hegemonia alorrean, estatuen arteko konfliktoak sarritan estaltzen dituela zapalduen borrokak (uigurren borroka Txinaren aurka, edo Kurduena gaitzestea AEBen laguntza izan zutelako).
Sergio Rodriguez Lascano zapatistak ezkerrean geopolitikak hartu duen garrantzia salatzen du, eta ni ados nago berarekin, hauxe dioenean:
«Gerra batek eztanda egiten duen bakoitzean, bere justifikazioa bilatzen duen ideologia justifikaezina justifikatzen saiatzen da. 1914an, Europa osoko sozialdemokraziak, bakoitzak gatazkan zuen posiziotik, argudio geopolitikoak erabili zituen. Sozialdemokrazia alemanak Europa askatu nahi zuen, eta bereziki errusiar herria, Romanov satrapetako urkamendietatik. Beste aldeak Europa mehatxu alemaniar militaristatik askatu nahi zuen. Gerraren aurka zeudenak internazionalista eskukada bat ziren. Geroago III. Internazionala sortuko zutenak. Engainuak gutxi iraun zuen, Marneko bi guduetan (500.000 hildako baino gehiago) gerraren eta analisi geopolitikoen ilusioak lurperatuta geratu ziren».
Uste dut une egokia dela mundu honetako ezkertiar orok geopolitika beste modu batera ikusteko. Abiapuntu egokia izango litzateke gure herrialdetik kanpo izaten diren gertaerak aztertzean joera geopolitikoa baztertzea. Maizegi, ezkerreko analisietan soilik NATOk edo Putinek (Txinak ere) dute protagonismoa, baina ukatu egiten dute Ukrainan (edo gatazkan murgilduta dauden herrietan) bizi diren milioika pertsonei bere interesen alde egiteko eskubidea eta protagonismoa. Gogoratu behar dugu pertsona horiek gure gisakoak direla. Gehienak emakume eta gizon langileak dira, eguneroko kezka asko partekatzen dituztenak gurekin eta gure jarrerak formulatzeko garaian kontuan hartzea merezi dutenak. Eta herri bezala beren burua autodeterminatzeko eskubidea dutela geopolitikaren joko maltzurraren gainetik eta azpitik.
Geopolitikarako abiapuntu eta helmuga gisa duen azterketa beti da goiko analisi bat, estatuen, haien klase menderatzaileen eta hertsatzeko aparatu militarren eremuan abiatzen eta geratzen den analisi bat. Mundua taula bat da eta Monopolya balitz bezala aztertzen da indar korrelazioa. Nor ez da inoiz agertzen? Jendea, gizakiak ez dira inoiz agertzen estatistika gisa baino, alboko kalteen kutxatila hegian kokatuta.
Beraz: mobilizatu gaitezen gerraren aurka, baina gerra bultzagile konkretuak salatuz, eta, batez ere, munduaren desmilitarizazioa eta desnuklearizazioa bultzatuz.
Gai honi buruzko nazioarteko kanpaina etengabea egon beharko litzateke. Ekimen mota honen adibide bat 50 Nobel saridunen diskurtsoa litzateke, munduko herrialde guztiek defentsa gastuak urtero %2 murriztea proposatu zutenak, NBEren ikuskaritzapean. Horrela, askatutako dirua bakerako eta gerren ondorioei erantzuteaz gain, urte batzuetan klima aldaketaren aurka eraginkortasunez borrokatzeko eta pandemiak gainditzeko erabil zitekeela kalkulatu zuten.
Momentuz mobilizatuko gara, zuek Alternatibakook sustatzen dituzuen gerraren aurka, Kieveko erregimenera rmak bidaltzearen aurka. Guri Ukrainan ez zaigu ezer galdu, eta Errusiak eskubide osoa dauka “beste ukrainiarrak” sarraskitik babesteko.
Askotan iruditzen zait, eta hau da ere zure kasua Erramun, nire artikuluak ipurdiarekin irakurtzen direla, seguraski prejuizioak nagusituz. Artikuluan hauxe diot “Beraz: mobilizatu gaitezen gerraren aurka, baina gerra bultzagile konkretuak salatuz, eta, batez ere, munduaren desmilitarizazioa eta desnuklearizazioa bultzatuz. Gai honi buruzko nazioarteko kanpaina etengabea egon beharko litzateke. Ekimen mota honen adibide bat 50 Nobel saridunen diskurtsoa litzateke, munduko herrialde guztiek defentsa gastuak urtero %2 murriztea proposatu zutenak, NBEren ikuskaritzapean. Horrela, askatutako dirua bakerako eta gerren ondorioei erantzuteaz gain, urte batzuetan klima aldaketaren aurka eraginkortasunez borrokatzeko eta pandemiak gainditzeko erabil zitekeela kalkulatu zuten.
Are, Gipuzkoako Gerrarik ez plataforman nabil eta duela aste bete Bulebarrean egon nintzen Gerrarik ez ez Ukrainian ez inun! pankartaren atzean. Alternatiba EHBldu bezela armak bidaltzearen aurka daude (nik gauzak konplexoak ikusten ditut, baina hori nire iritzi personala da ez Alternatibarena eta artikuluan ez dut ezar esaten horretaz.
“Errusiak eskubide osoa dauka “beste ukrainiarrak” sarraskitik babesteko”. diozu.” Beraz Putinen argudioa zure egiten duzu inbasio bidegabe bat zuritzeko.
Nikolay Mitrokin errusiar historiagilearen hitzak ekartzen dizkizut , zeinen arabera, “Donbassko gudu militarrak Errusiako Federazioaren ekimenez hasi ziren, FSBko (Segurtasun Zerbitzu Federala, Errusiako zerbitzu sekretua) Igor Guirkine (Girkin) teniente koronel erretiratuaren gidaritzapean Krimeako Batailoia Ukrainako muga zeharkatu eta Donbassen instalatu zenean.
Nirea egiten diut ere Errusiar inperialismoari buruz Urtzi Urrutikoetxeak hauxe dionean: “Errusiaren errugabetasun inperiala zalantzan jartzeko garaia izeneko artikuluan, hala diote Botakoz Kassymbekova eta Erica Marat irakasle eta ikertzaileek: «Putinen propagandaren arabera, Errusia, alde batetik, Mendebaldearen biktima da, eta, era berean, zilegi zaio Ukraina, Bielorrusia, Asia Erdialdea eta Kaukasoa menperatzea. ».
Erramun, tentuz irakurri nire artikulua, ez manipulatu nik diodana, eta Errusiar inperialismoaren jardueraz hobeto informatu.