Jennifer, Rachel, Katerina
Jennifer, Rachel, Katerina –
Donald Trumpen garaipenaren berri izan eta etorkizun iluna iragarri du The Sydney Morning Herald egunkariak: «George Washington demokrazia amerikarraren aita izan bazen, orduan Donald Trumpek bere burua proposatu du haren lurperatzailea izateko eta orain zeregin hori betetzeko moduan dago». Australiako hedabidearen mezuak badu zertan oinarritu: demokrazia liberalaren beheraldia, balio zibikoen garrantzi gero eta eskasagoa, ongizate komunaren aldeko proiektu hautsia.
Ildo berean, gizartea «masa amorfo» bihurtzen ari dela azaldu du Rafael Narbonak Nikaraguako Confidencial-en: «Pantailen gorakadak eta kulturaren beherakadak arrakasta izaten lagundu diete mezu eskematiko eta sinplistei. Demokrazia gure begien aurrean hiltzen ari da. Eta ez da Trump, Orban, Meloni, Milei, Netanyahu edo Abascalen errua, baizik eta gorrotoa eta erresumina bezalako jokabide irrazionalak elikatzen ari den desilusio orokorra».
Desilusioak erraztu dio bidea AEBetan hautagai arrazista, matxista, negazionista eta iruzurgile bati. Horixe baita Trump. Gaizkile epaitu eta kondenatua. Alta, milioika lagunek eman diote botoa. Amanda Terkel kazetariak duela zortzi urte The Huffington Post-en argitaratu testuak ez du indarrik galdu: «Amerikak ‘harrapa itzazu tortolatik’ esan duen gizona aukeratu du» –hori bera esan baitzuen Trumpek: grab them by the pussy, hau da, emakumeei alutik heltzea gustuko zuela–.
Hala ere, Trumpen alde egin dute emakume ugarik. 2016an andre zurien boz gehiago jaso zituen Hillary Rodham Clintonek baino. 2020an gizatalde horren botoen %53 irabazi zuen errepublikanoak, ostera ere. Joe Bidenek, aldiz, %46 bereganatu zuen. Zortzi urte igaro dira Trumpen lehen garaipenetik eta emakumeak tortolatik harrapatzen dituen gizona garaile dugu berriro. Andre zuri askoren botoei esker. Izan ere, boto-emaile multzo horrek –handiena, kopuruari dagokionez– eskuinaren alde egin du azken hamarkadetan, Bill Clintonen garaian izan ezik.
Jakina zen Trumpek gizonen sustengu handia zuela. Oroz gain, herritar zuri xumeena. Ñabardura garrantzitsu bat ahaztu dugu, ordea: emakume zurien babesa ere bazuen. Batez ere, goi-ikasketarik gabeko andrazkoena. AEBak ez dira soilik Manhattan edo Sex and the City and Sarah Jessica Parker. Montanako misoginia hotza eta Floridako matxismo beroa ere badira. Makina bat andre zuri ditugu, Jennifer Aniston friend demokratarekin zer ikusirik ez dutenak. Rachel Green-en ahizpa pobreak dira.
«Zortzi urte igaro dira Trumpen lehen garaipenetik eta emakumeak tortolatik harrapatzen dituen gizona garaile dugu berriz»
Trumpen garaipena erreakzio kontserbadorea izan da. Emakume zuri horien botoak ez ezik, jatorri latinoa duten herritar ugariren bozak ere irabazi ditu politikariak. Demokratek huts egin diote jende horri. Lagun askoren ustez, ez dute ongizatea bermatzen, lehen ez bezala. Zer da woke pentsaera herritar horientzat? Stravaganza, eta ez Vivaldirena. Sexu berekoen arteko ezkontzak? Transexualak? Beraien bizimodu eta kultura tradizionalen aurkako erasotzat jotzen dute hori. AEBetan eta munduko hainbat lekutan, zoritxarrez. Horretan bat egiten dute Trumpek eta Putinek. Gizonak indartsua izan behar du. Macho man. Eta emakumezkoak, badakigu. Ez aldatu rolak, mesedez.
Pandemia eta Ukrainako gerra hasi baino lehen uda Costa Brava-n ematen zuen errusiar batekin horri buruz jardun nuen. «Bi gizon elkarrekin badaude, ni ez naiz horretan sartuko, baldin eta dena arlo pribatuan geratzen bada. Baina nire ume txikien aurrean musuka hasiko balira, hil egingo nituzke», bota zidan, bere onetik aterata. Andrazko hark gradua eta masterra eginak zituen. Munduan zehar ibilia zen. Zer ez dute esango Errusiako herri txikietako goi-ikasketarik gabeko andre zuriek. Emakumeak tortolatik harrapatzea maite duen gizona nahiago bide dute gobernuan gizaki guztien eskubideak eta duintasuna errespetatzen dituena baino.
Katerinak Moskuko enpresa handi batean egiten zuen lan. AEBetako milioika emakume kaukasiar kapitalistak bezala pentsatzen zuen komunista sobietarren bilobak.