CAF, jaitsi zaitez Israelen Apartheidaren trenetik (txostena)
CAF, jaitsi zaitez Israelen Apartheidaren trenetik (txostena) –
Asteon bi urte bete dira 2020an 70 euskal kolektibo sozial baino gehiagok “CAF, jaitsi zaitez Israelen Apartheidaren Trenetik” kanpaina abiatu genuenetik.
“CAF, Jaitsi Zaitez Israelen Apartheidaren Trenetik” kanpainak bi urte bete ditu asteon, otsailaren 22an, eta, beraz, kanpaina sustatu genuen koaliziotik txosten bat egin dugu azken bi urteetan egindako ekimen eta ekintzen berri emateko.
CAFek Palestinako okupazioarekin duen konplizitatea salatzeko Euskal Herrian bultzatutako ekintzez gain, gaur egun, CAF Jerusalemen eraikitzen ari den tranbiaren aurkako kanpaina nazioarteko ekimen bihurtu da.
Zentzu horretan, Frantzia, Norvegia edo Erresuma Batuko Palestinarekin Elkartasunerako Taldeek hainbat ekintza jarri dituzte abian herrialde horietan CAFen kontratuak berritzea saihesteko edo lizitazio berrietatik kanporatzeko.
Bestalde, nazioarteko erakundeetan borroka juridikoa ere ildo estrategiko gisa nabarmentzen da. CAF Harremanetarako Puntu Nazionalera (Industria Ministerioa) eraman dute multinazionalen jokabide-arauak ELGEren irizpideen arabera ez errespetatzeagatik. Eta hainbat sektorek (akademikoak, sozialak, juridikoak) azpimarratu dute CAF Nazio Batuen datu-basean sartu behar dela, Israelen okupaziotik eta legez kanpoko kolonietatik irabaziak lortzen dituzten 112 enpresa biltzen dituen datu-basean, hain zuzen.
Ondorioz, CAF eta haren langileak etorkizun are ziurgabeago batera arriskatzen dira orain, Veolia multinazional frantsesaren aurrekariak ez baitu ezer onik iragartzen CAF bezalako enpresa kaudimendun eta ondo kokatuarentzat. 2008an, “Bilboko Ekimena” behin betiko bultzada izan zen Veoliak, zazpi urte geroago eta kontratuetan milioi askoko galerak izan ondoren, Jerusalemgo tren arinaren linearen kudeaketan eta mantentze-lanetan zituen partaidetza guztiak saltzea erabaki zezan. Bai, CAFek orain zabaldu nahi duen proiektu berdinean.
Horregatik, dei egiten diegu euskal herritarrei eta gizarte, kultura eta politikako eragileei CAF presionatzen jarrai dezaten, Palestinako beren tranbia errailetik atera ez dadin eta nazioarteko zuzenbidearen errailetara itzul dadin.
CAF (txostena)
Hori, hori, gal ditzagun kontratu horiek. Seguro trukean zuen laguntxo Putinek Ukrainan txikitu behar dituen trenak ordezkatzeko kontratu berri bat eskeiniko digula.