Isuna jasoko dute Barrosoren diskurtsoa aditzen ez duten europarlamentariek
Asteartean Europar Batzordeko presidente Durão Barrosok hitzaldia eskainiko du Batasunaren egoerari buruzko eztabaidan. Baina Europar Batasuna ez da bere parlamentarien bertaratzeaz fio, eta neurriak hartuko ditu hemizikloa erdi hutsik egon ez dadin. Horregatik, presidentearen solasaldia aditzen ez duenak isuna jasoko du. Oraindik ez dago zehazturik zenbatekoa izanen den zigor ekonomiko hori, Parlamentuko Mahaiak erabakiko baitu hondarreko bileran, baina iturri parlamentarioek jakinarazi dutenez, 300 euroren bueltan dabiltzan “eguneroko dieten zati bat murriztuko diete”.
Parlamentuak oraingoz ez du aurreikusi neurri hau gainontzeko eztabaidetan aplikatzea, beraz, Batasunaren egoerari buruzko eztabaidan baizik ez da ezarriko, debatearen “garrantzia” dela eta. Europar Parlamentuko presidente Jerzy Buzek-ek gainontzeko europarlamentariei gogorarazi die eztabaidetara joatea garrantzitsua dela “gure etxeak mundu osoan zehar duen irudiarendako”.
Honen aitzinean, erabakiarekin konforme ez dauden europarlamentariak agertu dira. Batzuen ustetan neurri hauek kaltetu egiten dute Parlamentuaren irudia. Sarah Ludfrod liberal britainiarrak uste du “gola” sartzen ari zaizkiola haien buruei. “Jendeak pentsatuko du isunarengatik goazela eztabaidara”. Honengatik, kontrolik egotekotan Parlamentutik alde eginen duela jakinarazi du, beste europarlamentari batzuek bezala.