Istorio bat

Istorio bat

Gertakari bat ezohizkoa izan daiteke bere elementuetatik bat izugarri ezohizkoa delako. Agian elementuetako batzuk pixka bat ezohizkoak direlako. Meategi bat eta ia kilometro bateko sakonerak agertoki aparta osatzen dute. Behean bizi den egoera: leds ahulek hautsitako ilunpea, 35º tenperatura eta ia %100eko hezetasuna. Eta euskaldunak aste honetan hiltzear egon omen dira merkurioa 28º iritsi denean eta aireak %62 hezetasuna zeramanean.

Gehien-gehienek meatzariak ez direlako pairatu dute beroa, istorio honetako protagonistak ez bezala, istorio batean, kontaketa bat narrazio bat denez geroztik, protagonistak egon behar baitira, eta hemen lur azpiko inurritxoak dira. Congo ibaia zeharkatzen zebilen Marlow – “Izua, izua!”– edo Gailur ekaiztsutan zebilen Heathcliff inork ahazten ez duen bezala, zaila izango da Mario Gómez (63 urte) eta bere emazteari, Liliannet Lila Ramírezi, idatzitako gutuna betiko baztertzea.

“Gutunak idazten zizkidan, baina barne-barnekoak ziren, barreneko gauzak kontatzen zizkidan, ez hau bezala, Txile guztiak irakurria”. Txilez haratago: baita Kolonbian, New Yorken edo Beslanen ere. Berak badaki zer esango dion lurpetik ateratzen denean: “Meatzea bertan behera uzten du edo akabo gure artekoa”. Urrea eta kobrea ezkutatzen duten harri astunek lurra eman diezaiokete hogeita hamar urteko ezkontzari.

Gómez lider izan zen, baina bere izenkide den Sepúlveda (40 urte) bilakatu da lurpetako Spielberg. Elektrikaria kamera, gidoilari, zuzendari eta meatze-askatzaile izan da: “Herri osoarentzat da mezu hau. Meatze familia ez da duela 100 urte ezagutu zenutena. Gaur meatzaria ondo hezitako tipo bat da, berarekin hitz egin daitekeena, berataz harro egon zaitezkeena  eta Txileko edozein mahaitan eseri daitekeena”. Eta ez Txileko batean soilik: baita Kolonbian, New Yorken edo Beslanen.

Bere emazteak, Elvirak, “semearen eskolan gurasoen elkarteko lehendakari izendatu” zutela dio, “kontratista gisa zebilen enpresan sindikatu lehendakari aukeratu zuten eta egungo enpresan hauteskundeak zetozen eta lehendakari izateko martxan jarria zen. Liderretako bat bilakatzeak ez nau harritzen”. Nahiz eta nekeza suertatu: “Begietan sumatzen zaio neurriz kanpoko ahalegina egiten dabilela tinko mantentzeko”.

Lila eta Elvira egunak daramatzate Gobernu txiletarrak prestatutako etxolatzarretan, meategiko aho ondoan, lurjausia atzeranzko ispilutik ikusi zuen gidariarekin. Itxaropen Kanpamendua deitzen diote. Mendialdetako batean, mezu bat, txuriz: “Meatzariak, eutsi. Daniel M.”. Handik ihesiak dira aspaldi istorio batean, kontaketa bat narrazio bat denez geroztik, egon behar diren gaizto maltzurrak. Mendebalde Urrunak harrotutako hautsez zikindutako trajez jantzita imajina ditzakegu, puru bat ahoan dutela Amerikako Estatu Batuetako epaimahai baten aurrean. Agian ez dute Mendebalde Urrunak harrotutako hautsez zikindutako trajerik janzten eta garbi doaz. Baina gaizto maltzurrak dira.

Zerua den lurgainaren eta infernua den lurrazpiaren artean usoek egiten dute hegan, misil antzarekin eta bere barnean elikagarri, botika eta ledsak daramaten eta ordu bat jaisteko eta beste bat igotzeko behar dutenak. Eta usoak diren heinean, mezuak ere daramatzate, Gómezek Lilari bidalitako gutuna kasu.

Istorio bat

Gertakari honetako jazoerak idatzita daude jada, nahiz eta istorioa nola bukatu ez jakin. Litekeena da lantaldeek pertsonak bizirik berreskuratzea edo bizirik gabeko gorpuak. Istorio batek, kontaketa bat narrazio bat denez geroztik, bi inflexio-puntu izan ohi ditu eta bigarrena gutxi barru agertuko da. Lehena, 33 familia horiek bildu zituen lurjausia. Harez geroztik ezer ez da berdin izango beraientzat. Lilak senarrari egin beharreko presioa beranduegi iritsi daiteke. Baliteke, 33 meatzariak dauden lekuraino azken kolpea soilik falta denean, meategia berriz ere eta betiko erortzea eta ahalegina galtzua bilakatzea, nahiz eta elkartasun eta biziraute ikasbidea utzi. Alferra.

Omayra Sánchez (13 urte) bi egun t’erdi etxeko lokatz artean harrapaturik egon ondoren itota hil zen mundu guztiak, benetan, guztiak, nola zentzen zen ikusita. Ez zegoen askatzerik. Hiltzen uztea soilik: “Amatxo, aitak, anaiak eta nik asko maite zaitugu. Agur, ama”. 2001eko irailaren 11n dorre bat erori zenean, mundu osoa, benetan, osoa, begira zegoen nola jausten zen bostehun metroko zuzi hura beste hegazkin batek bigarren dorrea beste zuzi batean bihurtu ondoren. Beslango triskantza, Ipar Osetiako ikastola bat bahitu eta bi egunetara, mundu guztia, benetan, guztia, eskola hartara kanpotik begira zegoenean gertatu zen.

Ezohizko gertakari baten istorioak ezjakina den amaiera du, kontaketa bat narrazio bat denez geroztik, nahiz eta gerta daitezkeen bukaerek elementu komuna gorde: malkoak. Hori baita Txile erne mantentzen duena. Ikus-entzuleek eskatzen dutena eta, hura kontatzen duen bitartean, kazetaria ikusia, entzuna edo irakurria izango den bermea: istorio bat.

http://diario.latercera.com/2010/08/28/01/contenido/pais/31-36843-9-la-historia-del-presentador-del-video-que-desde-el-interior-de-la-mina-recorrio.shtml
Irudia | Meategiaren ondoan Txileko 33 bandera jarri zituzten meatzarien omenez | Alex Fuentes | Creative Commons By SA
Irudia | Chileko meatzariak | design | Creative Commons By SA

Kazetaria