Israelen erasoei begiratzeko hiru modu albiste
Ehunka palestinar hil ditu egunotan Israelgo armadak Gazako erasoetan, eta irudi lazgarriak ikusi baditugu ere, orotariko jarrera eta erreakzioak eragin dituzte hilketek. Euskal Herriko, mundu zabaleko zein Israelgo herritarren artean oso ikuspegi ezberdinak aurki daitezke. Hona ekarritako lagina-edo ikusi besterik ez dago:
Palestinaren aldeko manifestazioak nonahi
Euskal Herrian joera zabalduena -edo hori da nire inpresioa behintzat- Palestinarekiko elkartasuna adieraztea izan da. Manifestazioak egin dira besteak beste Donostian, Lesakan, Baionan eta Ondarroan. Israelen erasoa salatzeko kaleak hartu dituzte hainbat herritarek munduko beste makina bat txokotan ere: Parisen, Bartzelonan, Hong Kongen, Hego Afrikan… Axier Lopez Argiako kazetariak 50 manifestazio baino gehiagoren argazkiak bildu ditu bere blogean. Aldarrikapen hauetako askotan judutar zenbaitek ere hartu du parte.
Israeli boikota egitearen kontra EAJ zein Amaiurren zenbait ordezkari (ZUZENKETA)
Palestinarekiko elkartasuna adieraztea gauza bat da, eta beste bat Israelen aurka egitea. Sare sozialetan asko zabaldu da Bakearen alde Israelen boikotaren aurka” manifestua, besteak beste Jon Iñarritu eta Iñaki Anasagastik sinaturikoa. Euren esanetan: “boikotak ez dio daukan helburuari laguntzen eta bai uste dugu, kanpaina honen bidez, ekintza diskriminatzaileak egiten ari direla israeldar herritarren aurka, eta honek, orokorrean, judutarren aurkako gorrotoa berpizten du”. Hala ere, 2011koa da agiria, ez egunotan argitaratutakoa.
Palestinarrek jipoia merezi dutela uste duten israeldar gazteak
Asko izan dira Israelen erasoen kontrako adierazpenak egin dituzten judutarrak, baina kontrakorik ere bada. Vice-k egin duen bideo-erreportaje honetan ikus daitekeenez -ingelesez dago- Price Tag edo Ordaindu beharreko prezioa izeneko gazte talde honek palestinarrak gorroto ditu. Zigortu eta kanporatzearen alde daude. Kasu jakin honetan palestinarrei harriak jaurtitzeagatik kartzelan hiru hilabete eman dituen emakume gaztearen itzulera ikusten da. Hark dioenez: “Hemen, gure lurretan, egotea bada nahikoa arrazoi palestinarrak zigortuak izan daitezen” .
Begiratzeko beste modu bat, nirea:
zenbateraino garen sentibera genozidio batzuekiko, gure mundu ikuskeraren sinbolo bihurtzen diren heinean. Asko pozten naiz gure gizartean Gazako genozidioak sortzen duen indignazio mailarekin; ”nahikoa da” esateko garaiak noizbait iritsi behar zuelakoan.
Munduan gertatzen diren beste asko, ordea, inolako oihartzunik gabe irensten ditugu.
Eguerdi on Lander!
Aipatu duzun manifestua 2011koa da. Ez dakit oraingoan beste bat sinatuko duten baina aspaldikoa da.
Ondo ibili
Arrazoi Jon. Oraintxe zuzenduko dut, mea culpa ez konprobatu izana.