Israel desegitera bidean, harreman oro eten!

Israel desegitera bidean, harreman oro eten! –

Israel desegitera bidean, harreman oro eten!Hamarkada luzetako zapalkuntzari aurre egiteko palestinar erresistentziak urriaren 7an emandako aurrerapauso estrategikoaren ondotik, Israel hil ala biziko gurutzadan sartua dago, palestinarrak eta sionismoaren aurrean makurtzen ez diren gainerako herri langileak behin betiko garaitu nahian. Izan ere, hori da gerrak dakarkion ezegonkortasun ekonomiko eta politikoarekin, zein bere irudia nazioartean izaten ari den desgastearekin ahalik eta lasterren bukatzeko bide bakarra.

Testuinguru horretan, urrian indartutako ofentsiba odoltsua are gehiago bizkortu du Israelek azken asteetan. Erasoaldia bizkortzen eta herrialde gehiagotara zabaltzen ari da: Gazako iparraldea erabat garbitzeko saiakerak; Zisjordanian kolonia berrien eraikuntza; hiriguneetan erasoaldiak eta anexiorako prestaketa; Libanoren aurkako inbasioa; Siria, Yemen eta Iranen aurkako bonbardaketak; estatu sionistaren aurka ari diren taldeetako liderren hilketak… Mendebaldeko Asian Israel egiten ari denak kapitalismoak eragiten dituen suntsipenaren eta deshumanizazioaren aurpegirik gordinena agerian uzten du.

Dena den, akats larria litzateke Israel burua galdu duten agintarien kontrolpeko estatu bat dela sinestea. 1947ko NBEren Partizio Planak erakusten digun moduan, ezin dugu pentsatu mendebaldeko bloke inperialistaren babesik gabe Israelen sorrera posible izango litzatekeenik. Era berean, Israelen hedapena eta indartzea ez lirateke posible izango Amerikako Estatu Batuen eta Europako potentzien babes zuzenik gabe. Eta jakina, azken urteko erasoaldia ere ez litzateke posible NATOren blokearen babes militar, komertzial eta diplomatikorik gabe. Mendebaldeko potentziek Israel sortu eta mantendu dute, bere interes geopolitiko naiz komertzialak babesteko. Hortaz, argi esan daiteke: Israel hemen hasten da, mendebaldeko herrialde kapitalista eta inperialistetan.

Ondorioz, Israel hemen hasten bada, Estatu terroristaren desagerpenerako baldintzak hemen jartzen hasi behar gara. Sarraskiaren irudiak inpotentziaz begiratzeari utzi eta, palestinar erresistentziak egin bezala, guk ere aurrerapauso bat eman behar dugu: gure egitekoa da Israeli arnasa ematen dioten harreman guztiak eteteko presioa biderkatzea. Euskal Herrian estatu sionista bizirik mantentzen laguntzen duten harremanak seinalatu eta borrokatu behar ditugu. Izan ere, asko dira gure inguruan Israelekin salerosketan ibiltzen diren enpresak, genozidioari esker aberastu eta Israelen finantzazioa bermatzen dutenak; asko dira bere industria militarra zuzenean edo zeharka hornitzen duten enpresak; bere irudia indartzen duten kirol eta kultur ekitaldiak; eta baita Israelgo estatuarekin harreman komertzial eta diplomatikoak mantentzen dituzten gobernu, diputazio eta alderdiak. Une honetan, horiek guztiak jo puntuan jartzea da palestinar herriari egin diezaiokegun ekarpen nagusia.

Pentsa genezake hori dela gobernu ezberdinak jorratzen ari diren bidea, baina oker geundeke. Gobernu espainiarraren edo Josep Borrell bezalakoen keinuak sinbolikoak dira, hau da, ez dute benetako borondaterik palestinar herriari laguntzeko edo Israel desegonkortzeko. Hau agerikoa da, askoz gehiago egin zezaketela pentsatzen bada, eskura dituzten baliabideak erabilita. Horren aurrean harreman ororen etetea da mahai gainean jarri behar duguna.

Horregatik, hurrengo hilabeteetan Euskal Herriko agintari, enpresari eta bestelako agenteek Israelekin dituzten harremanak agerian utzi eta horien aurkako borrokak abiatuko ditugula adierazteko batu gara gaur hemen. Lau multzotan banatzen ditugu harreman mota horiek. Lehenik eta behin, harreman militarrak. Zuzenean hornitzen baitute Israel bere sarraski planifikatua aurrera eramateko. Hornidura militar ororen salmentaz gain, produktu nahiz zerbitzu beliko-sekuritarioak erosteak ere industria militar sionista indartzen duela azpimarratu behar da. Bigarrenik, harreman diplomatikoak: hauen mantentzeak Israelgo estatuaren normalizazioa baitakar, maila internazional zein lokalean, agente legitimo gisa aitortuz eta bere jarduna errespetagarritzat aurkeztuz. Hirugarrenik, era guztietako harreman komertzialak: ezinbestekoa zaio Israeli kanpo komertzioa, beharrezko zaion askotariko hornidura lortzen baitu batetik, eta bere finantzazioa ahalbidetzen baitio bestetik, eta honek proiektu sionistak aurrera egitea ahalbidetzen du. Azkenik, ezin aipatu gabe utzi era guztietako kultur eta kirol harremanak: Israelgo estatuaren aurpegi zuriketan betetzen duten papera funtsezkoa baita.

Amaitzeko, dei egiten diogu euskal langileriari gurekin batera mobilizatu eta borrokatzera, bai eta gure inguruan dauden sionismoarekiko harremanen aurka borrokak abiatzera ere. Norabide horretan, datorren ostiralean, azaroaren 29an, Nazio Batuen Erakundeak onartutako Palestina zatitzeko planaren urtemugan, kalera aterako gara Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, palestinar herriari gure elkartasuna adierazteko, Israel inperialismoaren agente gisa seinalatzeko eta bere desagerpenera bidean harreman guztien etetea aldarrikatzeko. Batu borrokara!

ISRAELEN DESEGITERA BIDEAN, HARREMAN ORO ETEN!

Israel desegitera bidean, harreman oro eten!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude