Iragarritako hondamendia: Afrikako adarrean milioika ari dira gosez eta egarriz hiltzen
Haien gosea, gure eguneroko ogia. 11 milioi biztanle arriskuan eta milioi erdi haur hiltzeko zorian. Ez du titular gehiegirik, ezta adierazpen politikorik, ezta kazetarien konplizitaterik. Krisi amaigabean bizi dira Somalian, Kenian eta Etiopian; lehorteak erbesteratzera derrigortu ditu, goseak eta egarriak poliki poliki amildegira daramatza.
Albiste ikusgarririk ez da Afrikako adarrean: ez lurrikararik, ez leherketa nuklearrik, ezta uholderik ere. Euririk ez du bota aspaldian eskualdean eta urteko uzta gehiena alferrik galdu da eta biziraun duenaren prezioa ikaragarri igo. Ez da bapatean gertatu den kontua, bilakaera luzea baizik, berehalako laguntza kanpaina eta telebisten fokua ez du harrapatzen. Isiltasuna, lur idorra eta gorputz ahulak, horixe Somalian ikusgai dena. Inork galaraziko al du?
Unicefen arabera, 11 milioi pertsona daude arriskuan. Ekainean argitaratu zuten txostenean eman zuten egoera larriaren berri, hilabete geroago, ordea, egoerak okerrera egin du eta milioi erdi haur hiltzear daude.
Azken sei hamarkadetako lehorte larriena omen da eta heriotzaz harago “bizitza eredu bat” desagerraziko duela aipatu zuten Unicefetik. Dagoeneko Somalia hegoaldetik milakak egin dute ihes Kenia aldeko errefuxiatu zelaietara, gainezka dagoen Dadaab esparrura. Hala ere, egoera ez da askoz hobea ondoko herrialdean. Anthony Lake Unicefeko zuzendaria bertan izan zen egoera aurrez aurre ikusteko: “Komunitate txiroenetan hain ahul dago jendea ez dela laguntza bila ibiltzeko ahalegina egitera ere ausartzen”.
Nazioarteko erantzuna bidean omen da. Afrikako Batasunak 300.000 dolarreko laguntza emango du errefuxiatuak elikagaiz hornituz. NBEtik ACNUR erakundeak laguntza bidali du Kenia eta Etiopiako errefuxiatu zelaietara.
Bide batez, eta komunikabideekin kritiko izanagatik, egia esan behar eta Gara egunkariari onartu behar zaio albiste hau astelehenean lehen lerrora eraman izana. Zoritxarrez, hain urruti sentitzen ditugu Somaliarrak, haietaz gogoratzen garenean gure arrantzaleak tartean daudelako dela. Afrikarrak gosez hiltzen… azken hamarkadetako istorio bera, eguneroko ogia.
Inork apurren bat lagundu nahi badu aukera du Unicefen bidez. Noizbait jakingo al dugu zer gertatuko den iragarritako hondamendi honetan?