Ipar Irlandan graffitiak bakearen irudi

ETA, IRA eta UDAren aldeko horma irudiak. CC-by The Klan & Belfast Murals.
ETA, IRA eta UDAren aldeko horma irudiak. CC-by The Klan & Belfast Murals.

Graffiti egileek badute garrantzirik Ipar Irlandako bake prozesuan; azken boladatan margotzen dituzten horma irudiak ez dira aspaldikoak bezain mehatxariak. Borroka armatuaren aldeko irudi asko ‘leundu’ egin dituzte, eta beste asko, zuzenean, ezabatu eta irudi kulturalekin ordezkatu. Nahiz eta oraindik badauden garai ilunen arrastoak, unionistek marraztu ohi zituzten armatutako paramilitarrak urritzen hasi dira eta, horien ordez, George Best futbolariaren edo Alex Hurricane Higgins snooker -billar- jokalari handiaren irudiak ernatu dira. Independentisten auzoetan, halaber, txoko guztietan ikus zitekeen IRAko gerrillariaren irudia orain ez da protagonista bakarra; hormetako presentzia James Connoly bezalako lider nazionalisten erretratuekin partekatu behar du.

Bakea gizartearen sustraietara zelan heltzen doan ikusteko eta aldaketa pozgarri horren lekuko izateko badago webgune bat sarean: Belfast Murals. Site honetan google maps-ek eskainitako Belfasten mapa agertzen da eta, bertan, markatuta daude hiriko horma irudi guztiak, koloreekin desberdinduta: puntu gorriek unionisten irudiak zehazten dituzte, puntu berdeek nazionalisten irudiak eta, gero eta ugariagoak diren urdinek, pintada neutralak.

Ederra da, benetan, herriak hain era naturalean -pairatu duten eta pairatzen ari diren sufrimenduaren aurrean fribolo agertu gura barik- onartzen joatea bakeranzko bidea. Euskal Herrian badaukagu beharra eta gogo handia horrelako zerbaitez gozatzeko, bitartean, irlandarren urratsengatik poztuko gara.

Kazetaria.

Zer duzu buruan “Ipar Irlandan graffitiak bakearen irudi”-ri buruz