Instrukzioak
… jaso eta bete. Irudipen horrekin jasotzen ditut (eta uste dut ez naizela bakarra) inguruko gobernu askoren jardueraren albisteak, Europan bertan. Estatuetako gobernuek instrukzioak betetzea, gobernu bête bihurtuta, frantsesezko adieran. Instrukzioak jaso eta bete, Greziari jarri dizkioten etxeko lanak bezala; baina hara, gobernu horrek ez dituela instrukzioak bete nahi, putintzen (Munduko Diru Funtsatik urruntzen…) ari direla greziarrak… Europako burokraziak beldurraren mezua lagun hartu eta premia handiz bota du ordago, luze baino lehen: gobernua Greziako herriari galdetzera, erreferenduntzera ausartu? Baita zea ere, akabo negoziazioak, akabo Europaren diru-esleipen baltsamikoak (zorra eta izorra), erronka demokratikorik ez guri gero! Artean, norbait ausartu da errepublika demokratiko batean bizi garela pentsatzen, halakorik!
Baina demokrazia badugu dagoeneko: hedabide korporatiboetako kazetariek zarata mediatikoa harrotzeko, politikarien ping-pong partida dialektikoak zuzenean jarraitzeko, euskal herritarren epaiketa-prozesioen normaltasuna azpimarratzeko edo Madrilgo Guillermo Zapataren duela 4 urteko tweeta luze eta zabal gaitzesteko. Demontre! Ez al da hori demokrazia? Egungo demokraziaren bertsioa, demontrekrazia edo demontretenimedua…
Besterik uste zuen Andrew Jackson AEBetako presidenteak (1829-1837), Banku zentralari buruzko gerra betean. Ohartu zen benetan errepublikar motako gobernua zegoela arriskuan, gobernu demokratikoa eduki edo ez eduki: bere hitzetan, erabakitzen zen “Estatu Batuetako herria bere hauteskunde inpartzialen bidez aukeratutako ordezkariek gobernatuko duten, edo [kontrako aldean] diruak eta korporazio handi baten botereak sekretuki beren eragina erabiliko duten ordezkari horien irizpidean eragiteko eta haien erabakiak kontrolatzeko” (1833ko abendua).
Bada, Jacksonen ingurua berehala ohartu zen Bankuaren lagunak prest zirela indarkeriaz jotzeko. Artean, Jacksonek kemena izan zuen Bankuari irabazteko eta, berarentzat zorionez, onik (samar) atera zen bere bizitzaren kontrako hainbat erasotatik (ez, ordea, bere emazte Rachel Donelson). Bankuko zuzendari Nicholas Biddlek (Rothschild familiaren agenteak) eta Bankuak, egoera kontrolpetik joaten ikusita, gizartean miseria zabaltzeko bi krisi artifizial sortu zituzten, txantaje ekonomiko-politiko bat, eta Jackson presidentea kalamitate eta haserre guztien jopuntuan jarri (1834, 1837).
2015eko apirilean, berriz, Bruselan, gobernuz kanpoko korporazioen azken jukutria (TTIP ituna) zuritzeko egindako prentsaurrekoan, ekintzaile batek berriz gogorarazi zigun zein diren egungo nazioarteko politikaren erronkak, Mario Draghi burokrata (Europako Banku Zentraleko burua eta Goldsman Sachseko buru ohia) aho bete hortz utzita eta bere ohiko burbuilatik (lokuluxkatik) ateraz/esnatuz. Erregulazio guztien kontra egiten duen TTIP ituna, baina, munduko (Munduko Diru Funtsako) zortzi-bederatzi banku handien eta bankari-aberaskilo familien (Rockefeller, Rothschild eta gutxi gehiago) azken tresna da, baina pertsonaia horiek Bilderberg Talde esklusiboan biltzen dira duela berrogeita hamar urtetik gora, azkenekoz Austrian duela hiru aste. Bilderberg Taldean erabakitzen bide dira AEBetako presidenteak, baina Bilderberg Taldean egiten dena Taldean geratzen, sekretuan, kazetariek… sartzeko debekua.
Bada, Sanchez PSOEko burua (Rajoy kanpoan geratu…) gonbidatu zuten hara, bilkura esklusibora, ekainaren 11tik 14ra, TTIP nola ezarri eztabaidatzeko, besteak beste. Hitz gutxi, gero, han gertatutakoaz hedabideetan, baina zaharberrituta (edo berrizahartuta) itzuli da PSOEko burua, paparrean korbata dotore zintzilik edo, beharbada, hari ia ikusiezinetatik zintzilik (txotxong…).
Instrukzioak jaso ditu, baina ez digu azaldu zertan diren. Korbata bai, baina gehiago ere, munduko handikien bilkuratik itzuli eta Espainiako bandera erraldoi bat atzean jarrita ikusi dugu Sanchez egindako lehen agerraldian, beste cafe para todos proposamen berri bat ere bai; artean sindikalista-plantak zituela joan zen, eta komandante nagusi etorri zaigu (transformator…). Norbaitek Patton pelikula ikusi bai? Richard Nixonen gogokoenetakoa: aberria, berriz ere, eta terrorearen gaineko garaipena (berriz ere). Sanchezek instrukzioak jaso, eta betetzeko prest? Kontuak atera zer datorren.