Inperialismoa, egungo dominazio fasea
Inperialismoa, egungo dominazio fasea –
Fase inperialista aztertzen hasteko, lehenik, kapital-metaketaren historiari erreparatu behar diogu. Ekoizpen kapitalistaren markoa hasieratik garatu da nazioartean; hau da, sortzez izan du nazioartea ustiatu beharra. Ezin da ulertu ekoizpen-modu horren sorrera, ezta egungo funtzionamendua ere, mundu mailako testuinguruan kokatu gabe. Ezin dira ulertu XVIII. mende amaieran eta XIX. hasieran industrian lehen jauzi teknologikoak eman ahal izateko beharrezko kapital kopurua metatzeko prozesua eta kapitalaren erreprodukziorako beharrezko den irabazi-tasaren areagotzea, ez badira kontuan hartzen mundu mailako dominazio-harremanak.
Kapitalismoa, indartzen ari zen sektore burges boteretsuaren interesei erantzuten zieten bi oinarrizko mekanismo hertsatzaile indarrean jarri ondoren jarri zen martxan, eta ez gutxiengo boteretsu horrek aurrezteko izan zuen gaitasun zorrotzarengatik eta austeritateagatik, esan ohi diguten moduan. Lehen mekanismoa baliabideak konfiskatzea izan zen, metropolietako herri langileei lanerako bitartekoen jabetza masiboki kentzea, alegia. Kapitalismoaren sorrerarako bigarren mekanismo hertsatzailea, berriz, Europako potentziek herrialde periferikoen aberastasunak arpilatzea eta ebastea izan zen. Desjabetzeak merkatuan lan indarra masiboki sartzea erraztu zuen, langileek bizirauteko zuten bitarteko bakarra esplotatua izan zedin; eta, arpilatzeak, berriz, makineria kapitalista martxan jartzeko beharrezko metaketa ahalbidetu zuen.
Kapitalismoaren jatorria lurraldez kanpoko dominazio-harremanetan (indarrez ebatsiz eta arpilatuz) oinarrituta dago, baina, horrez gain, sistema kapitalistaren erreprodukzio-logika bera (esplotazioa eta irabazien maximizazio logika) harraparia eta hedatzailea da. Hau da, kapitalismoa, funtzionalki, mundu mailako proiektu biolentoa da hasieratik, klaseko barne dominazio harremanak eta herrialde inperialisten eta menpeko herrialdeen arteko kanpo dominazio harremanak konbinatuz.
Dominazio harreman horien forma aldatzen joan da, hau da, menpeko herrialdeei aberastasunak ebatsi eta estatu inperialistetara eramateko erabilitako mekanismoak aldatu egin dira denboran zehar. Hasieran, nagusiki politikan eta merkataritzan oinarritzen zen zikloari ekin zion kapitalak (kolonialismoa, kapitalismoaren lehen fasea); gero, merkataritzan eta ekoizpenean oinarritutako matrizea bihurtu zen (inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena); eta azkenik, matrizea ekonomiko finantzarioa eta kulturala izatera igaro da (globalizazio neoliberala, inperialismoaren fase gorena). Fase horien kategoria transbertsala izan da arlo militarra.
Hau da, inperialismoaren fase desberdinak bat datoz ekoizpen kapitalistaren garapenaren historiarekin, eta historia horretan, indarkeria politiko zuzena eta gero eta finkatuago eta polarizatuago zegoen merkatuaren funtzio hertsatzailea konbinatzen joan dira, etengabean. Ekoizpen kapitalistak lurralde sozial berriak konkistatu beharra dauka (merkantilizazio intentsiboa), baita lurralde geografiko berriak ere (merkantilizazio estentsiboa). Beste modu batera esanda, unibertsal bihurtu beharra dauka, erreproduzitzen jarraitu ahal izateko. Zentzu horretan, merkatuak errepresiboaren bitartez hedatzeko joera berezkoa badu ere, Estatuaren aparatu politiko-militarrak funtzio erabakitzailea bete zuen eta betetzen jarraitzen du, harreman sozioekonomiko horien erreprodukziorako bideratzaile eta berme gisa.
Hala, bai historikoki bai funtzionalki, menpeko herrialdeak inperialismoaren beharren arabera daude kokatuta munduko eskala ekonomikoan. Hau da, sistema kapitalistaren erreprodukzioan paper nagusia dute: baliabide naturalen erreserba, lan indar merkea… Menpekotasun posizio horrek, korrelatiboki, aberastasun kantitate oso handiak ebastea eta metropoliarekiko menpekotasun harremanak ezartzea dakar, bai ekoizpenari, merkataritzari, finantzari eta kulturari dagokionean, eta ondorioz, herri horien burujabetza eta garapen endogeno zantzu txikiena ere blokeatu egiten da.
Laburbilduz, harreman inperialistak beharrezko dira sistemaren erreprodukzioa bermatzeko (tokian tokiko klase dominatzaileen ardura eta funtzionalitatearekin). Beharrezkoak dira bai herrialde inperialisten eta menpeko herrialdeen arteko zapalkuntza, sakeo eta esplotazio harremanak bai inperialismoaren barneko gatazkak, ebatsitako ondasunak banatzerako orduan.