Inor ez direnak
Inor ez direnak –
Argentinako jaiak normalean errepublikarekin lotuta daude. Orduan, erlijio-jai gutxi dauzkagu (aste santua, gabonak eta abenduaren 8a). Testuinguru horretan, noski, inportanteenak Iraultzaren eguna (maiatzaren 25a) eta Independentziaren eguna (uztailaren 9a) dira.
Hil honetan, Subiranotasun eguna (azaroaren 20a) ospatzen dugu. Zergatik? 1840an Vuelta de Obligadoko bataila gertatu zen. Momentu horretan, Frantziak eta Ingalaterrak Argentinako Konfederazioko probintzia batzuekin merkataritza askea nahi zuten, Buenos Airesekin hitz egin gabe. Horretarako, barruko ibaiak behar zituzten. Laburbilduz: Buenos Airesek irabazi zuen.
Handik aurrera, urak dakarrena urak daroa (eta asmoa ez da Argentinako historia azaltzea). Beraz, zer ospa dezakegu gaur egun? Egia esan, ez dakit. FMIrekin lotuta gaude, gainera, gure zorra asko handitu zen eta haiek nahi duten neurriak hartu behar ditugu. Hil honetan, G20 gailurra ere egingo da.
Hala ere, hauek ez dira gauza bakarrak. Esportazioei atea ireki diete, beraz, ondorioa Argentinako industriak ixtea da. Batik bat, zerbitzuak (argia, gasa, eta abar) asko igo dira (eta gehiago igoko dira). Orduan, jende gehiago lanik gabe geratzen da, gutxiago kontsumitzen da eta hori guztia kate bat da.
Orain dela aste batzuetatik hona zerbait kontatu nahi dizuet; baina, egia esan ez dakit nola, ez daukadalako hitzik hori egiteko; hala ere saiatuko naiz. Etxetik 200 metrora, espaloi eta asfaltoaren erdian, txabola txiki bat dago. Eta horri txabola deitzea asko da, kutxa bat dago. Egunero, autobusetik jaisten naizenean, hori ikusten dut. Eta, noski, aparkatuta dauden kotxeen erdian dagoenez eta autobus geltokitik hurbil dagoenez, idatzi zuten “jendea bizi da”. Agian, kartela zaborraren kamioiei ere idatzi diete. Benetan, bihotza apurtzen zait.
Agian, Subiranotasun egunean, nola jarraitu nahi dugun galde dezakegu. Bide horretan, ez daukagu irteterik. Dakigun bezala, Hego Amerika beti borroka horren erdian egon zen. Beti kateekin, eta beti kateak apurtzen. Galeanok txiroei “nadies” deitzen zien, inor ez direnak. Subiranotasun ekonomikorik gabe, “inor” gehiago izango gara eta beti menperatuta egongo gara. Nola apurtuko ditugu gure kateak? Noiz?