Ingurugiroaren Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuz
Ingurugiroaren Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuz –
Urtero ekainaren 5arekin Ingurugiroaren Nazioarteko Eguna ospatzen dugu 1972an Nazio Batuen Erakundeak horixe deliberatu zuenetik. Aurtengoan ez dirudi asko ospatzeko dugunik, izan ere, han eta hemen leitu ahal izan ditugun berriek ingurugiroaren aldekoak ez dira ba izan.
Eguraldiaren ikuspegitik negua eta udaberria ezohikoak izan ditugu. Garaiz kanpoko lehortea izan dugu batetik. Euria ekaitz-segida luze baten bidez etorri zaigu urtegiak urez hornitzera. Kanpoak euria eskertu egin du gure herriaren zati hezean zein lehorrean. Beharra bazegoen, eta badago artean. Azoreetako antizikloia jostari ibili izana omen erruduna. Ekainean gurean ekaitzak bata bestearen segidan etorri diren bitartean Ipar Europan eta Siberian tenperatura altuen markak hautsi dituzte. Inoizko beroenak! Eta oso bero! Alabaina, Ingurugiroaren Nazioarteko Egunaren kariaz ez gaituzte asaldatu klima-aldaketaren zantzu ageriko horiek, baizik eta gure agintariek azaltzen duten epelkeriaren -zinismoaren, esan beharko al nuke?- enegarren erabakiak edo erabakirik ezak.
Gauza jakina da hegazkina ez dela bidaiatzeko modurik egokiena berotegi-gasen isurketaren ikuspegitik. Jakina da ere hegaldiak asko ugaritu direla batzuek darabiltzaten ‘demokratizatu’ oso termino desegokia dirudit. Greenpeacek udaberrian plazaratu duen txosten baten bidez jakin dugu, hegaldien kategoria bat, jet pribatuena alegia, asko hazi dela atzen bizpahiru urteotan. 2022an, etsenplurako, %64 hazi da jet pribatuen hegaldi-kopurua. Bidaiatzeko modu elitista hau honela kalifikatzen du erakunde ekologistak: ‘bidaiariko bidaiatzeko modurik poluitzaileena, energia gehien eralgitzen duena eta ekitaterik txikiena duena’ (greenpeace.org/es/202303/Resumen-informe-Las-emisiones-de-CO2-de-la-aviacion-privada-en-Europa-30032023.pdf).
Pentsa zitekeen arazoa eta bere tamaina agerian jarri ondoren, Europar Batasuneko agintariek hegaldi horiek sortutako emisioak murrizteko neurriak hartzen hasteko urratsak egiteari ekingo ziotela. Izan ere, hegazkinen emisioen tamaina txikiagotzeko neurriak hasi dira hartzen estatu batzuk jada. Frantziak esaterako barne-hegaldi motzak debekatu ditu baldin eta alternatiba egokirik baldin badago, trena adibidez.
Batasuneko garraio-ministroek bilera egin zuten Luxenburgon ekainaren batean eta bertan EBko bost estatuk planteatu zioten Europar Batzordeari mugatu beharko lituzkeela jet pribatuen hegaldiak. Inozoak! Adina Valean komisarioak erantzun ei zien Batzordeak asmorik ez duela legealdi honetan auziari heltzekoa eta egitekotan hurrengo legealdian izango dela hegazkin-garraioaren sektore osoari eragingo liokeen araugintzaren baitan. Alegia ad caldendas grecas luzatu zuen ekimena, gure Axular handiak esandakoari muzin eginez, hots, ‘gauzen geroko uzteak eta luzamenduetan ibiltzeak zer kalte dakarren’ ahantzi zuen komisario errumaniarrak.
Beste behin keinu adierazgarri bat egiteko eta eredu izateko parada galdu du EBk. Eliteari jet pribatuetan bidaiatu ahal izatea murriztea oso keinu sendoa da serio herritarrei adierazteko ari direla klima-aldaketaren aurkatu borrokan, neurri sendoak hartzeko prest daudela. Eliteei, noski, ez zitzaiekeen gustatuko, baina herritar arrunten aurrean seinale argia da hegaldien sektoreak gauzak kanbiatuko direla. Izan ere, egungo indarrean dagoen hegaldi merkeen aroa bukatzear dago. Hain segur, Adina Valeranek datorren legealdirako aipatutako araugintza horrek muga jarriko dizkiola, fiskalak edo bestelakoak, egungo sistemari. Eta orduan, orain merke antza bidaiatzen ari den herritarra ohartuko da abioiez hegan egiteko kostu ezkutuak dituela orain ordaintzen ez dituenak baina pagatzen hasi beharko dituenak. Ezin izango du bidaiatu edo askoz ere gutxiagotan bidaiatu beharko du. Bien bitartean jet pribatuan bidaiatzen ari diren elite horiek berdin-berdin bidaiatzen jarraituko duten jetean edo hegaldi komertzialetan. Konparazioak europar proiektuekiko edo klima-aldaketaren kontrako borrakarekiko herritarren desafekzioa areagotzea ez litzateke harritzekoa eta ondorioak…
…
Galde 41 Uda/2023
Ingurugiroaren Nazioarteko Eguna aitzakiatzat hartuz