Industria farmazeutiko erraldoia, bere interes eta jokabideak eta nola engainatu duten ia Lehen mundu osoa

Industria farmazeutiko erraldoia –

Industria farmazeutiko erraldoia edo ingelesezko “big pharma”, bere interes eta jokabideen adibide batzuk eta okerrena: nola engainatu duten ia Lehen mundu osoa, ezkerra eta Euskal Herria barne.

Bizitza honetan denok behar dugu (edo beharko dugu) botikaren bat noizbait. Baina industria farmazeutikoak beti esango dizu edozein arazo botikekin konponduko duzula, gehiago behar duzula, hobeto egongo zarela are gehiago kontsumituz eta euren patrikak gehiago betez.

Industria honen mundu mailako tamaina 2023an 1,57 bilioi dolar inguruko diru-sarrerak izan zirela uste da. 2034rako 3,03 bilioiraino haztea proiektatzen da, urtero %6 baino gehiago haziz.

Industria farmazeutiko erraldoia, bere interes eta jokabideak eta nola engainatu duten ia Lehen mundu osoa
Munduko 10 enpresa farmazeutiko handienen 2024ko diru-sarrerak, milaka milioitan.

Enpresa hauek ez dute inor sendatzeko interesik, horretarako ikertzeari utzi diote. Gaitza kroniko bihurtzeko ikertzen dute: gaixotasuna kroniko egiten duten botikak, hasieran hobekuntza nabaritu, baina ondoren, botika utziz gero hobekuntza hori desagertu egiten da. Kronikotasuna eragiten duten botikak askoz errentagarriagoak dira, betiko sendatzen dutenak baino. Hauek ez dira negazionisten burutazio txoro batzuk: Richard J. Roberts Medikuntzako Nobel saridunak Kataluniako egunkari batean esanak dira. Eta Argian bertan irakur daitezke euskaraz, urte batzuk badituen arren (https://www.argia.eus/argia-astekaria/2293/industria-farmazeutikoa-eta-kapitalismoa).

1996an, Nigeriako Kano estatuan, meningitis epidemia bat zela eta Pfizer etxeak entsegu klinikoak egin zituen 200 umerekin Trovan botika erabiliz. 11 ume hil egin ziren eta beste dozenaka batzuek sekuelak izan zituzten (itsu edo gor geratzea, garuneko kalteak). Gerora jakin zen entseguak ilegalak izan zirela, bertako gobernuaren eta gurasoen baimenik gabe eginak. Pfizerreko langile batek (Juan Walterspiel) zuzendaritzari idatzi zion bere ustez entseguetan “arau etikoak hautsi zirela” esateko, eta handik gutxira kalera bota zuten.

Industria farmazeutiko erraldoia, bere interes eta jokabideak eta nola engainatu duten ia Lehen mundu osoa
Pfizerrek entseguak egin zituen ospitalea.

2004an, Merck etxeak bere borondatez erretiratu zuen artritisaren eta dismenorrearen kontrako Vioxx botika. Enpresak aspalditik zekien produktu honek tronbosia izateko arriskua handitzen zuela, baina hori frogatzen zuten proba klinikoak manipulatu zituen. Vioxx merkatuan egon zen 5 urteetan zehar Estatu Batuetan bakarrik 88.000 eta 140.000 infartu artean eragin zituela uste da, eta agian horien %30-40 artean hilgarriak.

2012an Johnson & Johnson etxeari 1.100 milioi dolarreko isuna jarri zioten, Risperdal bere antipsikotikoak sor zitzakeen efektuak ezkutatzeagatik: bihotzekoak, epilepsia-krisiak, gizentzea, diabetesa, iktusa eta heriotza.

2017an, botika biologikoen Amgen etxeak Irlandako bere fabrikara bisita gidatu bat egiteko bidaia ordaindu zien Espainiako senatuko osasun batzordeko hainbat kideri (tartean zen EAJko Nerea Ahedo ere). Dirudienez, agintariek botika biologiko horiek merkaturatzeko multinazionalei kontrol sistemak murrizteko.

“The crime of the century” dokumentalean ederki azaltzen da industria farmazeutikoak, osasun publikoaren faltak lagunduta, nola nahita eta jakinaren gainean sortu zuen fentaniloaren epidemia AEBetan. Purdue Pharma etxeak OxyContin (oxikodona) analgesikoa merkaturatu zuen 1996an. Botika gogorra eta adiktiboa, berez hilzorian zeuden gaixoen oinazeentzako erabiltzen zena, baina marketing izugarria eginez min arruntetarako errezetatzea lortu zuten. Dokumentala 2021ekoa da (gaur egun datuak okerragoak izango dira) eta ordurako, kontrolik gabe errezetatutako opioideen milaka milioiko negozioaren truke eragin zituzten: milioika pertsona droga horien menpe, 500.000 hildako baino gehiago, kaleak fentaniloaren menpeko “zonbiz” beteta, 25 minuturo opioideekiko abstinentzia-sindromea duen ume bat jaiotzea…

Industria farmazeutiko erraldoia, bere interes eta jokabideak eta nola engainatu duten ia Lehen mundu osoa
Fentaniloaren eraginak kaleetan.

Hauek adibide batzuk besterik ez dira. Beste asko, ia nahi adina aurki daitezke informazio bila hasiz gero. Milioika dolarreko isunak, beti ere ateratzen dituzten irabazien aldean oso txikiak. Europar Batzordeak Indiari sendagai generikoak (merkeagoak) fabrikatu eta saltzea oztopatzeko presioa egitea bezalako eskandaluak. Euren botikak errezeta ditzaten medikuak erostea diruarekin edo bidaiekin. Covid-19a zela eta txertoen, patenteen, musukoen negozioak. Eta abar, eta abar. Laburbilduz, garbi ikus daiteke industria farmazeutikoa pertsonak bost axola zaizkion munstro kapitalista mafiosoa eta gupidagabea dela.

Orduan, ez litzateke harritzekoa ere pentsatzea minaren kontrako opioideekin bezala edo berdintsu jokatuko dutela antsiolitikoekin, antidepresiboekin, lo egiteko pilulekin, azken finean negozioa izan daitekeen edozerekin.

Eta beraz… Trans/queer teoriarekin zergatik ez dute ba berdina egingo? “Transfobiaren kontra” pozik saltzen dituzte hormona maskulinoak, femeninoak, hormona-blokeatzaileak, partxeak, injekzioak, bizi osorako tratamentuak, sortutako albo-kalteentzako are botika gehiago…

Industria farmazeutiko erraldoia, bere interes eta jokabideak eta nola engainatu duten ia Lehen mundu osoa
“Big pharmak maite $ ditu trans umeak”.

Pfizer eta AbbVie dira hormonen ekoizle nagusiak, eta 2022an horien salmentarekin hurrenez hurren 74 eta 51 milioi dolarreko diru-sarrerak izan zituzten. 2023an botika/ebakuntza transgeneroen diru-sarrerak guztira 4.400 milioi dolarretik gorakoak izango zirela estimatu zen.

Katherine Anthony ekintzaile trans eta Euphoria.LGBT enpresaren sortzaileak honela zioen Forbesen, 2020an: “Trans teknologia loratzeko dagoen aukera handiko industria da, gure kalkuluen arabera trantsizioaren batezbesteko kostua pertsonako 150.000$ ingurukoa da. Biderka ezazu hori 1,4 milioi pertsona transgeneroko biztanleria zenbatetsiagatik, 200.000 milioi dolar baino gehiagoko merkatu bati buruz ari gara. Hori zinemaren industria osoa baino handiagoa da”.

Industria farmazeutiko erraldoia, bere interes eta jokabideak eta nola engainatu duten ia Lehen mundu osoa
(Robbi) Katherine Anthony.

Arcus Foundation izeneko LGBT Gobernuz Kanpoko Erakundearen sortzailea Jon Stryker milioiduna da, Stryker Corporation enpresa medikoaren oinordekoa. Ateratzen dituen irabazien adibide bat da aurpegia feminizatzeko kirurgiak eginez dirua irabazten duela. Trans teoria babes dezaten mundu osoko erakundeei dohaintzak egiten dizkie fundazio horrek (https://www.arcusfoundation.org/grants/): Transgender Europe, Trans Justice Funding Project, Human Rights Watch, Nazio Batuen Erakundea, Amnistia Internazionala… Arcusek NoVo Fundazioaren “trans jendearen bizitzak hobetzeko” programak ere finantzatu zituen. NoVo, Warren Buffett aberatsaren seme Peter Buffettek sortu zuen.

Arcus eta NoVo fundazioak elkar hartuta.

Milaka milioiko dirutza duen Chicagoko Pritzker familia, Hyatt hotelekin aberastu zena, gaur egun trans ideologia eta bere teknologia medikoko enpresak finantzatzen ari da. Jennifer (jaiotzez James) Pritzkerrek WPATH (hormonak eta kirurgia “tratamentu” gisa sustatzen dituen erakunde aktibista bat) edota umeentzako genero-klinikak finantzatu ditu. J.B. Pritzker bere lehengusua eta Illinoiseko gobernadorea da. Bertan, haurrei teknologia mediko bidez “beren sexua transzenditzen” irakasteko Lehen Hezkuntzako ikasketa programak jarri ditu martxan.

Jeff Bezos (Amazonen sortzailea) eta Marc Benioffek (Salesforcen sortzailea, 10.000 milioitik gora dituena) dirutza handiak eman dituzte genero-klinikak finantzatzeko. George Sorosen Open Society Foundationsek trans umeentzako gida legal bat sortu zuen (https://www.opensocietyfoundations.org/publications/trans-children-and-youth).

Euskal Herrian, prentsan etorri zenez, Naizen elkarte sortu berriari New Yorkeko mezenas batek 30.000 dolar eman zizkion. Diruak lagundu egiten du, noski. Baina hala ere, ez dakit nola lortu duten AEBetan, Europan eta Euskal Herrian teoria hau ia inolako arazorik gabe irenstea.

Naizen, (Hego) Euskal Herriko adingabe transexualen familien elkartea.

 

Beste ezertan ez bezala, honetan eskuin ez faxistatik ezker erradikaleraino denak ados daude, “transfobiaren kontra” alderdi politiko eta erakunde publiko guztiak. EAJtik EH Bildu eta Sorturaino. Ez dago ideologia hori zalantzan jartzen duten iritzien arrastorik ez EITBn, ez Berrian, ez Argian, ez Naiz/Garan…

Eskuina, trans teoriarekin.
Ezkerra, trans teoriarekin.

Mastodon.eus sare ustez libre eta alternatiboan, bestalde, “TERF jarrerak” esplizituki debekatuta daude: arrazismoa, pederastia edo nazismoaren debeku zerrenda berean. Eta bertako arauen arabera, erabiltzailea jakinarazi gabe zerbitzu horretara sarbidea ukatzea ekarriko dute (https://mastodon.eus/about).

Enpresa farmazeutiko multinazional hauen interesekin (bide batez, ia beti gizonek agintzen dute bertan), kontzienteki edo ez, bat datozenek eta gorputzak mutilatzen dituztenek benetan “disidenteak” direla pentsatzen dute. Eta emakumea emea/gizona arra dela diotenei “TERF”, txuri pribilegiatu, esentzialista, erreakzionario, matxista edo faxista deitzen diete… Nobela distopiko baterako modukoa dirudi honek.

____________________________

Twitterreko hari originala hemen: https://x.com/mikelats7/status/1901238411257631201

Industria farmazeutiko erraldoia Industria farmazeutiko erraldoia

Eskubiderik ukaiteko, menderatzailearen kulturakoa izan behar duzu. Zure jokamoldea, haren kulturatik epaituko da.

3 pentsamendu “Industria farmazeutiko erraldoia, bere interes eta jokabideak eta nola engainatu duten ia Lehen mundu osoa”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude