Independentismoa ahitzeko haurrak espainolizatu
Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza eta Kultura ministroak bere nahia “Kataluniako haurrak espainolizatzea” dela aitortu du Espainiako Kongresuan. Noiz eta independentistek inoiz baino babes zabalagoa dutenean, eta hauteskundeen atarian. Werten estrategia anti-independentista espainiar doktrina politikoa eskoletan hedatzea da. Lehen Jose Antonio Primo de Rivera, orain 1978ko Konstituzioa. “La letra con sangre entra” estilizatua Wertena. Independentismoa hezkuntza sistemaren errua dela (irakasleena barne) iradoki du Wertek, malformazio bati buruz ari balitz bezala eta ez Kataluniako gobernu demokratikoarencurriculum akademiko zilegia. Independentismoa gaitz bat da, eta txikitatik sendatu behar dugu. Patxi Lopezek 2009tik 2011ra egunak joan eta egunak etorri aldarrikatu zuen “normaltasun” kontzeptua aipatzea besterik ez zaio falta izan Werti. Baina, PSEren disimuluak ez ditu PPn jarraitzailerik, begi bistakoa da.
Gertaera horren harira, beste behin harritu egin nau Espainiako politikariek independentistak sortzeko egiten duten lan bikainak. Abertzaleek ez lukete estrategia hobeagorik aurkituko. Iñaki Sotok elkarrizketan aipatu zigun bezala, “epe motzeko interesengatik epe luzeko interesak kaltetzeko gaitasun handia dute”. Trakeskeria horren emaitzak dira gaurkoak. Katalunian bizi den sukar independentista da horren erakusleetako bat. Nou Camp-en milaka pertsona independentzia aldarrikatzen; never seen before. Ezin ba ahaztu Espainiak azken urteetan eginiko “mesedeak”. Estatutuaren mozketa eta eskoletako hizkuntza murgilketaren aurkako erasoak, kasu.
Eta, geurean zer? Hiru urte eta erdi atzera egitea nahikoa da baldarkeria politikoaren tamaina ikusteko. Non zeuden abertzaleak eta non egongo diren. Lau urte “normaltasunaren” aldeko borrokan aritu dira PP-PSE, eta, zer lortu dute? Zertaz ari dira kanpainan? Independentismoa gora eta behera, diskurtsoaren enborra gatazka madarikatua bihurtu dute. Agenda politikoa markatzeko gai ere ez dira izan, hedabide gehientsuenak alde izan arren. “España ya solo busca vencer, no convencer”, idatzi du Ramon Solak Garan, eta erabat ados nago.
Indarberrituta dabiltza abertzaleak. Historikoki bazter utzi duten lehengai ekonomikoa baliatu dezakete orain. Paralelismo bat: Garoñako zentral nuklearra ixtea ez dute urteetako protestek lortu. Garoña estatuaren zulo ekonomikoak zarratu du. Ekologismoarentzako garaipen gazi-gozoa izan da, baina garaipena azken finean. Berdin berdin ari zaie orain independentistei gertatzen Katalunian eta Euskal Herrian. Aukerak baliatzearen artea ere bada politika; hor dute bat independentistek.
Espainiak inteligentzia politikoa balu, erabakitzeko eskubideari ateak zabalduko lizkioke, marko zurruna jarrita. Kataluniako Generalitateak argitaratu duen inkesta batek dio herritarren %74 erreferendum baten alde dagoela. Zer gehiago behar dute espainiarrek mugitu beharraz jabetzeko? Begira Eskozia: Erresuma Batuak legea aldatu du eskoziarrei erreferendum loteslea egiteko ahalmena emanez. Ondorio zuzena izan ala ez, independentismoaren babesa %28ra jaitsi da azken hilabeteetan. Kultura anglosaxoniarrak arazoei soluzio praktikoak emateko joera du, Espainiak errudunak aurkitu eta dena galduta dagoenean, morir matando. 2010eko udaberrian Edinburghen egon nintzenean bertako eragile kultural batekin izandako elkarrizketa gogoratu dut: “Azken batean Erresuma Batua ez da hain herri txarra”. Ereindako hazitik jasotzen da uzta.
Goiko Irudia: Francisco de Goya; La letra con sangre entra.
(Sinadurak ataleko blogetik hartua. Originala hemen)
Nik ezberdintasun nabari bat sumatzen dut Katalunia eta gure artean, nahiz ez dudan inongo nobedaderik aterako: Katalunian, herriak momentu honetan sekulako boterea du, eta nire ustez politikoak herriaren exijentziei erantzuteko gai ez badira, herria gainetik pasatuko zaie. Hau da, politikoek independentziarako pauso berehalakoak ematen ez badituzte, akabo politikoak. Gurean berriz, ez dirudi halakorik gertatu edo gertatuko denik, momentuz. Nahi nuke oker ibili. Baina Kataluniakoa ia ia sinestezina da, alde ikaragarria ateratzen digute.
Bestalde, hasieran lantzen duzun gaiari lotuta, uste dut nahiko interesgarria dela duela hilabete batzuk atera zen artikulo hau, “Edozer urrats ez da herri urrats”, http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-05-22/004/001/argi_ibili_edozer_urrats_ez_da_herri_urrats.htm, ikastolek herrigintzan jokatu ahal duten, eta jokatu eta jokatzen duten paperaz. Bai, egia da Espainiaren propaganda itogarri horrek nazka sortu ohi duela, baina agian sartzen ari zaizkigu ideia asko gure kontra doazenak, gu konturatu barik. Azken batean, estatua haiek dute.
Beste barik.
Gabon.
Katalunia eta Euskal Herriaren arteko ezberditasun nagusia (alderdi linguistiko eta historikoez gain) herri-mugimenduen indarrean datza: han izugarrizko indarra hartu du herri-mugimendu independentista zibila (Asamblea Nacional de Catalunya-ren inguruan sortutakoa) eta Euskal Herrian, aldiz, ez dago gizarte-mugimendu independentista sendorik (“Independentistak” taldea oso ahula da eta ez du eraginik gizartean). E.H.an alderdi politikoen esku besterik ez dago burujabetzaren afera, eta hori oso negatiboa da. Duela 20 urte inguru Donostiara ekarri genuen lituaniar batek, Sajudis herri-mugimendukoak, argi ohartarazi zigun: “Independentziarena oso gai garrantzitsua da politikoen esku bakarrik lagatzeko. Gizarte-zibilak hautsak harrotzen ez baditu, ez dago zer eginik”. Horretan nago ni ere. Noizko Euskal Herrian independentziaren aldeko gizarte-mugimendu indartsurik?
Nire ustez “masa kritikoa” bultzatzea beharra dugu. Kontzeptu sendoekin ta oso landutak. Kultur politiko berria gutatik sortuta, etsaiaren logikatik at. Hori lortu ez gero ahal dugu Autoritate Nazional bat, behin behineko gobernu bat bultzatu. Estrategiaren teorizaziorik praktikara eraman. Masa kritikoa lidergoarekin fusionatuta dira elementu ezinbestekoak estrategia bat aurrera eramateko. Independentziaren aldeko gizarte mugimendua baino gobernu propioa behar dugula nire ustez. Gobernu bat gobernatzeko, ez kea saltzeko.