Inbertsioaren paradoxa

Inbertsioaren paradoxa – 

INBERTSIOAREN PARADOXA

1.     Garai neoliberaleko bilakaera blaitu duen «produktibitatearen paradoxa» eurrez aztertu da, eta, adostasunik ez badago ere, analisi horietan azalpen nahiko zentzuzkoak aurki daitezke. Baina ez da gauza bera gertatzen «inbertsioaren paradoxa» esan ahal diogunarekin. Bi kasuetan, paradoxaren oinarria da egiaztatuta dagoela hirugarren industria-iraultzan –eta, orain, Laugarrenean– aurrerapen teknologiko garrantzitsua izan dela, eta, aldi berean, produktibitateak eta inbertsio produktiboak bilakaera motela izan dutela.

2.     «Inbertsioaren paradoxa» «produktibitatearen paradoxa» baino harrigarriagoa da, inbertsioaren bilakaera eta aurrerapen teknologikoarena zuzenean lotuta egon beharko bailirateke, bi noranzkoetan. Inbertsio produktiboa ezinbestekoa da aurrerapen teknologikorako, eta, alderantziz, aurrerapen teknologikoak inbertsioa sustatzen duten produktibitate-igoerak sortu beharko lituzke. Baina ez da halakorik gertatu garai neoliberalean.

3.     Inbertsioaren paradoxa hori partzialki ulertzen da inbertsio-pizgarriaren ikuspegitik. Azaldu denez, diruzko produktibitatearen aurrerakada ahula bateragarria da aurrerapen teknologikoak eragindako produktibitate sozial edo materialaren aurrerakada garrantzitsuarekin. Hori dela eta, aurrerapen teknologikoko testuinguru bat izango genuke, zeinak, ez dakarrenez merkatuko produktibitatearen gorakada garrantzitsurik, ez baitu eragin nahikorik izango inbertsio produktiboen errentagarritasunaren gainean ere.

4.     Inguruabar horrek ondo azaltzen du aurrerapen teknologikoak inbertsio produktiboa sustatu ez izana, baina ez du kontrakoa azaltzen. Hots, nola izan daiteke hamarkada hauetako aurrerapen teknologikoak inbertsioaren sustapen garrantzitsurik gabe gertatzea?

5.     Berriro ere, erantzuna izan daiteke, hain zuzen, zalantzan jartzea zer ulertzen dugun inbertsio produktiboaren bilakaera «normala» esaten dugunean. Garai neoliberalean izandako inbertsio garbiaren balorazio negatiboaren abiapuntua da gerraosteko garaiarekiko alderaketa, eta, erreferentzia-oinarri horrek, berez, desitxuratu egin dezake ondorioa.

6.      Sakoneko zalantza hori argitzeko, datu historikoetara jo behar da nahitaez. Adibidez, horren inguruko erreferentziazko datu batzuk, kapital-intentsifikazioaren (edo intentsitatearen sakontzea) bilakaerari dagokionez.

7.      Badirudi datu hauetatik ondoriozta dezakegula, gerraosteko garaiarekin alderatuta inbertsioaren erritmoa nabarmen moteldu bada ere, garai neoliberalean zehar inbertsioak izan duen bilakaera ez dela izan II. Mundu Gerra baino lehenagoko kapitalismoaren garaiei dagokiena baino askoz negatiboagoa. Izatez, garai neoliberal osoan baino, azken hamarkadan izan da bilakaera negatiboena, eta, adibidez, 30eko urteetan Europan izandako bilakaerarekin eta 40ko urteetan Estatu Batuetan izandakoarekin alderatu ahal da.

8.      Informazio horrek zirkulua ixteko aukera eman ahal digu, eta, hala, garai neoliberaleko «inbertsioaren paradoxa» orokorrean azaltzeko. Gerraosteko mailen azpitik bada ere, badirudi garai neoliberaleko lehen 3 hamarkadetan zehar inbertsio produktiboaren bilakaera ez dela izan II. Mundu Gerra baino lehenagoko kapitalismoaren garaietako bilakaera baino askoz txarragoa. Horrek azalduko luke nola izan den posible hirugarren industria-iraultzako aurrerapen teknologikoa (ordenagailuak, IKTak, orokorrean).

9.      Aldi berean, inbertsio horiek sortutako merkatuko produktibitate eskasak azalduko luke inbertsioen errentagarritasun gero eta murritzagoa, zeinak inbertsioak behera egitea eragin baitu, azken hamarkadako geldialdira iritsi arte.

PDF:  https://drive.google.com/file/QrZQy/view

Inbertsioaren paradoxa

2010ean abian jarri zenetik, EKAI Taldea berehala azaldu da erreferentziazko aholkulari gisa tokiko eta eskualdeko erakundeetan eta hedabideetan. Aholkularitza bat baino gehiago gara. Halaber, garapen ekonomiko eta sozialarekin konprometitutako think tank bat gara, ekonomia erreala eta gizarte eraginkor, aktibo eta parte-hartzaileagoak bultzatzearekin konprometitua. Aholkularitza estrategikoa da gurea, erakunde publiko eta pribatuei bideratuta, eta arlo sozioekonomikoei buruzko informazioa, prestakuntza eta komunikazioa ere lantzen ditugu. EKAI Taldearekin lan egitea benetako aurrerapausoa da kudeaketa publikoaren eta pribatuaren hobekuntzan, gure herritarren etorkizunarekin konprometitutako ikuspegi batetik. Gurekin kontaktuan jartzeko: +34 943250104 edo ast@astinnovation.info / www.youtube.com/@ekaigroup2109