Ikus-entzunezkoen lege orokorraren proiektuaren aurrean

Ikus-entzunezkoen lege orokorraren proiektuaren aurrean –

Hizkuntzen eta haien berdintasunaren alde lan egiten dugun erakundeon ADIERAZPEN BATERATUA, ikus-entzunezkoen lege orokorraren proiektuaren aurrean.

Ikus-entzunezkoen lege orokorraren proiektuaren aurrean

Atzo Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak Ikus-entzunezkoen Lege Orokorraren proiektua onartu zuen, eta horren ondorioz, hizkuntzen berdintasunaren alde lan egiten dugun gizarte eta kultur erakundeok honako hau adierazi nahi dugu:

Gure ustez, ez dira inondik inora nahikoak testu honetan jasotzen diren gure hizkuntzen aldeko urratsak, aurretik argitaratutako aurreproiektuei dagokienez. Beraz, nabarmen hobetu beharko da legea Espainiako Kongresuan izapidetzen den bitartean. Izan ere, legedi justuago eta demokratiko batek Espainiako Estatuaren hizkuntza eta kultura aniztasuna aitortu, defendatu eta sustatu behar du. Eta gure hizkuntzei orain arte ukatu zaizkien espazioak berreraikitzen eta berreskuratzen lagundu behar du.

Horregatik, indar politiko guztiei eta Espainiako Gobernuari eskatzen diegu, Gorte Nagusietarako izapideak egin bitartean, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko etorkizuneko Lege Orokorraren testuak oinarrizko printzipio gisa jaso dezala hizkuntza-aniztasuna aitortzea, defendatzea, bermatzea eta sustatzea. Aniztasun hori bi eremutan, gutxienez, zehaztu beharko litzateke:

  • Lehenik, Estatuko hizkuntza guztietako edukiak eta gutxieneko ehunekoak berdinduko dira bikoizketan, azpitituluetan eta audio deskribapenetan.
  • Bigarrenik, Estatuko hizkuntzetako ikus-entzunezko ekoizpenak finantzatzeko betebeharrak berdinduko dira, plataforma digitaletarako zein telebista-kanaletarako.

Ildo horretan, konpromisoa hartzen dugu helburu horiek lortzeko, beharrezko kudeaketa eta jarduera guztiak elkarrekin egiteko diputatuen eta senatarien aurrean, bai eta Espainiako Gobernuaren aurrean ere, izapide parlamentarioaren aldi osoan, bai gure lurraldeetan, bai eta Madrilen bertan ere.

Ikus-entzunezkoena da gaztelania ez diren hizkuntzek bazterketa nabarmenena duten sektoreetako bat. Netflix, HBO Max, Prime Video, Rakuten TV, Apple TV+, Movistar+ edo Disney + bezalako ikus-entzunezko plataformen katalogoetako milaka izenburuetatik oso ehuneko anekdotikoa dago, kasurik onenean, hizkuntza horietan, eta gehienetan ekoizpen propioak izaten dira. Gaztelaniaz, berriz, eskaintza osoa dago bikoiztuta edo azpitituluak jarrita. Halaber, eskaintza osoan zehar dozenaka hizkuntza ditugu eskuragarri, eta ikusi da horrek ez duela inolako arazorik sortzen.

Gaur egun arte, ikus-entzunezkoen lege orokorrak gaztelaniarako besterik ez zituen ezartzen gutxieneko edukien derrigorrezko ehunekoak eta finantzazioa. Horrela, Estatuko beste hizkuntzei ez zitzaien inolako aitortzarik egiten, ez bazen legeren batek modu erretorikoan jasotzen zuelako. Horrela, haurrek, gazteek eta, oro har, herritarrek ezin zuten beren hizkuntzan gozatu telebista-programen, telesailen eta filmen eskaintza.

Ikus-entzunezkoen sektorean erabakitasunez jardun behar da; izan ere, gure hizkuntzen bazterkeria-egoera nabarmenena den eremuetako bat da, eta, aldi berean, herritarrek, oro har, eta gazteek eta haurrek, bereziki, gehien erabiltzen duten aisialdi-eskaintzetako bat da. Bi elementu horiek bat egiten dute gure herrialdeen garapen linguistiko, kultural eta ekonomikoan laguntzeko gaitasun handia duen sektorean.

SINATZAILEAK / ASINANTES / SIGNANTS / FIRMANTES

A Mesa pola Normalización Lingüística

Euskalgintzaren Kontseilua

Òmnium Cultural

Ciemen

Acció Cultural del País Valenciá

Obra Cultural Balear

Escola Valenciana

Associació Cultural Valenciana Tirant lo Blanc

Federació d’Organitzacions per la Llengua Catalana

Iniciativa pol Asturianu

Nogará Religada

Ikus-entzunezkoen lege orokorraren proiektuaren aurrean

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.