Hurritza
Hurritza –
Rikardo Arregik Noticias de Gipuzkoa hedabidean.
Vladimir Putin jaunak luzeagoa zeukan (misila, diot). Eta hipersonikoa. Zuhaitz baten izena darama, gainera: Orexnik, hurritza, euskaraz. Ez dakit errusiarrek misil guztiei zuhaitz izenak jartzeko ohitura duten, baliteke; kontuz ibili beharra izango dugu hurritzez gainera, intxaurrondoak, haritzak, izeiak eta urkiak (urkiz gainezka dago Errusia) eduki ahal baitituzte. Agian “a” hizkiaz hasi ziren misilak izendatzen eta dagoeneko “o” hizkia erabiltzen ari dira. Diotenez, hurritza belaunaldi berria da armagintzaren bilakaeran, abiadura handikoa (2,5-3 kilometro segundokoa), Kaspiar itsasoaren ingurutik jaurti omen zuten, buru nuklearrak eraman ditzake, eta oraingo sistema antiaereoek ezin dute, antza, geldiarazi. Agian, diotenez, omen, antza, sentitzen dut zalantzazko hitz horiek erabili izana, baina ezaguna da gerra garaian egia dela lehendabiziko biktima, eta “gure aldeko” informazioa dut bakarrik. Gaur irakurri dut Errusiak Yemengo huthiak eramango dituela soldadu Ukrainara.
Errusiak azaldu berri du misil horren erabilera abisua baino ez dela izan, beraiek luzeagoa dutela zera munduari jakinarazteko. Pentsa daiteke Estatu Batuak ez direla kikilduko, eta bere zera bat, askoz luzeagoa, aterako dutela laster, ez Ukrainan beharbada, baina Estatu Batuei ez zaie lekurik faltako berea munduari erakusteko. Azken finean, gizonkeriatan dabiltzala ematen du, ea nork duen luzeagoa: gerra maskulinitate toxikoaren eta ez toxikoaren adibide argiena da.
Adituen arabera misilen kontu hori guztia balizko bake negoziazioak prestatzeko urratsak dira Trump presidente berriak kargua hartu baino lehenago: alde bakoitzak indar erakustaldia egin behar du negoziazio mahaian eroso eseri ahal izateko. Bakearen jainkoa edo jainkosa bihozgabea izan bide da, hildako kopuru zehatza izan arte ez da gure artera agertuko. Ikusiko dugu.
Uste dut hemendik aurrera apur penaturik begiratuko diedala hurritzei, nonbait ikusteko aukera baldin badut. Gaur goizean supermerkatuan plastikoz bildutako hurrak errukarriak iruditu zaizkit.
Hurritza