Howard Zinn zendu da, Estatu Batuetako pentsalari anti-inperialista
Howard Zinn Noam Chomsky-ren tamainako idazlea izan da, agian ez horren ezaguna. Bide beretik egin dute ildoa, ideia berberen inguruan, Estatubatuar inperioaren beste aurpegia erakutsiz.
Irakurri diodan liburu bakarra -eta mardula- “Estatu Batuen beste Historia” da, eta benetan argia eta sakona da. Estatu Batuen benetazko historia jakin nahi izanez gero bertara jo, HIRU euskal argitaletxeak eman baitzuen gazteleraz duela urte batzuk (La otra historia de los Estados Unidos).
Bertan jakingo dugu nondik-nora joan den amerikarren destinu edo patu manifestatu hura (manifest destiny delakoa) kanpora abiatu direnean botere-gose, baina baita ere herrialde barruan aurretiaz egin duten garbiketa ideologikoa. Anarkistak, komunistak, langileak… Harrigarria da, baina liburuaren orrietan zehar ohartzen goaz Sacco ta Vanzeti etzirela ero isolatu batzuk. Herri mugimendu zabala izan zen estatubatuetan, langileen inguruan, beltzen borrokaren inguruan, ideia sozialisten inguruan, ideia komunisten inguruan, anarkisten inguruan. Poteretsuen beldur haundiena zehatz-mehatz azaltzen digu Zinn-ek: borroka komunistak eta beltzak bat egitea. Zubi eta harreman horiek eteten saiatu ziren jo ta fuego. Eta atzera begira, ziuraski lortu ere.
Egungo gizarte estatubatuarra xapal-xapal gidatzen dute. Bere soziologia ertaina, bere hiritar ertaina, despolitizatua dago. Dena doa bipartidismo antzu eta kamutsaren bidetik. (Huraxe europar eta batezere espainiar askoren ametsa, guri eta katalanei begira jartzen direnean… bipartidismo konstituzionalista).