Hitzen prostituzioa: I demokrazia

Hitzen prostituzioa: I demokrazia –

Imanol Ibarrola Goñik, Topatu gazte agerkarian.

Aspalditik dakigu hitzak direla errealitatearen sortzaile. Hau da, hitzekin deskribatzen duguna deskribatzen dugula, deskribapen hori bera dela errealitatea ulertzeko tresna, alegia. Horrek zera esan nahi du: hitz bati berezko esanahia aldatzen zaionean, hitz horrek berak deskribatzen duen errealitatea aldatzen dela.

Eta gaur egun iduri baino askoz ere ohikoagoa den prozesua dugu honakoa. Neronek, “hitzen prostituzioa” deitzen diot, izan ere hitzak erabiltzailearen menpe gelditzen baitira, bere nahiak betetzeko, hein handi batean.

“Demokrazia” hitza izango da, seguruenik, aldaketa hori bortizkien pairatu duena. Mundu guztiak erabiltzen du, politikariek eta beraien inguruan dabiltzanek, batez ere; baina denek zentzu ezberdina ematen diote. Nola ote?

Hitzen prostituzioa: I demokraziaDemokrazia hitza grekotik heldu zaigu (herri) eta (botere) hitzetatik, hain zuzen. Hortaz, demokraziak “herriaren boterea” erran nahi du. Eta hementxe dago hitz honen koxka, eta berau manipulatzeko baliabidea. Nor da herri? Zeintzuk dira/gara herri? Aitzinako Atenasen bertan jaiotako gizon aberatsak ziren herritar, eta beraz, soilik haiek bozka zezaketen. Praktikan, demokraziaren ikur bihurtu den polis horretan lau katuk bozkatzen zuten, beraz. Baina demokrazia zen.

Gaur egun, denak garenez herritar (ez dago argi gure herritartasuna zein den aukeratzerik daukagun, baina herritarrak gara), printzipioz, denak bozkatu beharko genuke, edo guttienez denok izan beharko genuke bozkatzeko aukera. Estatua demokratikoa baita. Baina kontuz!!! Hona bertze koxka: zeren inguruan bozka dezakegu? Herriak zeozer bozkatu nahi badu, bozkatzerik al du? Ba, legearen arabera. Legeak onartzen eta biltzen badu, bai. Bertzenaz, demokraziak herria jipoituko du.

Hortaz, honakoa daukagu: demokrazia batean herriak dauka boterea. Herriak zerbait aukeratu nahi duenean (boterea erabili nahi duenean, alegia) legeak aukera hori onartzen duen edo ez ikusi behar da lehenik. Legeak ez badu onartzen, zerbait hori ez dago aukeratzerik. Beraz, azken heinean legea da demokraziaren sostengu, eta ez herria. Beraz, legeak sortzen du Estatua, eta ez herriak legea. Beraz, demokrazia, herriak boterea ez badu, ez da demokrazia.

Eta hortxe, Catalunyan gertatutakoa eta gero, politikan dabiltzan ordezkari oro demokrazia gora eta behera. Ergelak baikinan. Munduko herrialde gehienak daukate bere burua demokratikotzat. Gezur borobila. Demokrazia ez da aktuan inon ere aurkitzen; utopia bat da, borrokaz soilik lortuko dena. Bien bitartean hitz hori aski erabilia izanen da, orain arte bezala, herriari boterea daukala sinistarazteko. Baina ez da horrela. Hobe erranda: berez herriak dauka boterea, nahiz eta ez ohartua. Egunen batean ernatuko gara, eta orduan ikusiko da nola bihurtzen den “demokrazia” demokrazia.

Hitzen prostituzioa: I demokrazia

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.