Kristobal Kolon, Hispanitatea eta euskaldunak

Kristobal Kolon, Hispanitatea eta euskaldunak –

Jabi Zabalak sarean.com blogean.

Urriaren 12an Hispanitatearen Eguna ospatzen da Espainian. Arrazismoan eta zapalkuntzan oinarritutako enpresa izan zen Abya Yalaren (Amerikaren) kolonizazioa, eta egungo espainiar askok harro aldarrikatzen dute Espainia proiektuaren abiapuntua markatu zuen ekimen fundazionala eta definitorioa. Amerikan, berriz, indigenen erresistentziaren nazioarteko eguna aldarrikatzen dute gero eta lagun gehiagok. Proiektu horren biktima izan diren herrien eguna beharko lukeen horretan non gaude gaurko euskaldunak?

Kristobal Kolon, Hispanitatea eta euskaldunak
Kristobal Kolonen estatua eraitsi eta moztutako burua arrastaka eraman zuten 2021ean Kolonbiako Barranquilla hirian

Ondorengoa Bilbo Hiria irratian audio formatuan argitaratutako testuan oinarritu da:

Gaurkoa lako egun batez, 1492ko urriaren 12an lehorreratu zen Karibeko Guanahani irlatxoan Kristobal Kolon buru zuen espainiar espedizioa. Rodrigo de Trianak emana zuen, gauerdia pasatu berritan, Lurra ikusi zuelako aldarria (baina Gerora Kolonek berak eraman zuen erregeek iragarritako ordainsaria, bezperan argi batzuk ikusi zituela argudiatuta). Eguna argitzerako Guanahani irlara heldu eta txalupa batean lehorreratu ziren espainiarrak. Kolonen egunerokoak jaso zuen une haren zeremonia, gerora hainbat margotan islatu eta, seguraski apaindu eta puztua:

“(..) llegaron a una isleta de los Lucayos, que se llamava en lengua de indios Guanahani. Luego vieron gente desnuda y el Almirante salió a tierra en la barca armada y Martín Alonso Pinçón y Viçente Anes, su hermano, que era capitán de la Niña. Sacó el Almirante la vandera real; y los capitanes con dos vanderas de la cruz verde que llevava el Almirante en todos los navíos por seña, con una F y una Y: encima de cada letra su corona, una de un cabo de la † y otra de otro. Puestos en tierra vieron árboles muy verdes, y aguas muchas y frutas de diversas maneras. El Almirante llamó a los dos capitanes y a los demás que saltaron en tierra, y a Rodrigo d’Escobedo, escrivano de toda el armada, y a Rodrigo Sánchez de Segovia, y dixo que le diesen por fe y testimonio como él por ante todos tomava, como de hecho tomó, possessión de la dicha isla por el Rey y por la Reina sus señores, haziendo las protestaciones que se requirían, como más largo se contiene en los testimonios que allí se hizieron por escripto. Luego se ayuntó allí mucha gente de la isla”.

Guanahani irla, gaur egungo Bahamaseko San Salvador irla zela suposatzen da. Irla hartan lucayo edo taino jendea bizi zen, urte gutxiren buruan konkistaren ondorioz erabat ezabatua izateko ohorea izango zuen Amerikako lehen herria. Goian aipatutako testua “indios” hitza ageri den lehendabizikoa da, izan ere, espainiarrek, erratuta, garai hartako europarrek India izenarekin ezagutzen zuten Asia ekialdera helduak zirela uste zuten. Kontakizunak, era berean, hasiera-hasieratik han gizakiak bizi zirela egiaztatu arren, errege katolikoen izenean irlaren jabetza hartu zuen, espedizioaren konkistatzaile izaeraren seinale.

Baina, nortzuk eta nolakoak ziren tainoak? Nekazari gizarte nahikoa aurreratua zuten tainoek, nagusiki artoa, mandioka eta kotoia landatzen zuten, baina baita manía (kakauetea), piperra, anana, batata eta tabakoa ere, besteak beste. Kolonen egunerokoak jaso zuenez, tahinoek opari ugari eraman zizkieten espainiarrei, ongi etorri adeitsua egin zieten. Espainiarrek, bestalde, zenbait lepoko-ale, kriskitin eta apaingarri eman zizkieten bueltan.

Lehendabiziko topaketa xume baina garrantzitsu hartan, baina, adi-adi aztertu zituen Colonek Tainoek aldean zituzten jantzi eta apaingarriak, eta indigena baten sudurrean urrezko pieza txiki bat sumatu zuen berehala. Urriaren 13an bere egunerokoan zera idatzi zuen Kolonek:

“Y yo estava atento y trabajava de saber si avía oro. Y vide que algunos d’ellos traían un pedaçuelo colgado en un agujero que tienen a la nariz. Y por señas pude entender que yendo al sur o bolviendo la isla por el sur, que estava allí un rey que tenía grandes vasos d’ello, y tenía muy mucho”.

Eta nor zen Kristobal Kolon? Genovan jaiotako itsasgizon eta kartografoa zen, diru truk Errege katolikoen babespean, lurra biribila zela jakitun, Asiara joateko merkataritzarako eta konkistarako bide berrien bila abiatu zena. Gogora dezagun hori, ondasun eta aberastasun bila abiatu zela, Kristobal Kolon espedizio horretan, ez abentura bila. Gaur egun ekintzaile edo enprendedorea esaten zaiona izango litzateke, kapital-arrisku ekimen batean ontziratua. Hortik urreagatiko interes hura.

Hasierako harreman adeitsua gorabehera, Kolonek Guanahaniko biztanleak esklabu bihurtzeko asmoa izan zuen hasieratik. Horrela idatzi zuen bere egunerokoan, urriaren 14an:

“Vuestras Altezas quando mandaren puédenlos todos llevar a Castilla o tenellos en la misma isla captivos, porque con çinqüenta hombres los terná(n) todos sojuzgados, y los hará(n) hazer todo lo que quisiere(n)”.

Jarrera meneratzaile hori, zalantzarik gabe gaur egun arrazista eta supremazista moduan definituko litzatekeena, izan zen gerora espainiar konkistatzaileek Karibeko eta kontinenteko indigenekiko izango zutena, eta lehendabiziko bidaia horretan bertan jarrera horren frogak eman zizkiguten Kolonek eta bere gizonek.

Gizonek… Izan ere, gizonak izan ziren konkistan zein hasierako bidaietan parte hartu zuten guzti-guztiak, eta bertako emakumeeak bahituz eta bortxatuz asetzen zituzten euren desioak. Lehenengo bidaian bertan parte hartu zuen Michel de Cuneok idatzita utzi zuen nola bere kamainara eraman zuen Kolonek oparitutako caribe emakume eder bat, eta sexu harremanak izaten saiatu zenean, emakumeak atzaparka eta oihuka egin zion aurre. Orduan berak soka batekin jipoitu eta ondoren bortxatu zuen.

Lehenengo bidaia honetan Kuba eta Hispaniola irlak ezagutu zituzten Kolon eta bere gizonek, hainbat objektu hartu, hamar indigena bahitu eta bueltako bidaiari ekin zioten, lur haiek zituzten ustiatzeko aukera handien berri Isabel eta Fernandori emateko. Hurrengo bidaiak berehala etorri ziren eta kontinentera berehala zabaldu ziren espainiar konkistatzaileak. 1521eko abuztuan Tenochtitlan-en sartuko zen Hernan Cortes, Noaingo gudutik egun batzuetara. Ordurako jada Hispaniolako taino gehienak hilda zeuden, tratu txarrengatik eta espainiarrek ekarritako gaixotasunengatik.

Kolon eta gainerako konkistatzaileentzat, espainiarrak herri kristau zuri eta jainkoaren desainez, agintzeko aukeratua ziren, eta indigenak, aldiz, bizitzeko eskubiderik ere ez zuten sasigizaki jendeak. Bartolomé de las Casas fraideak espantu handiz bertan ikusitako sarraskiak kontatu zituen Brevísima relación de la destrucción de las Indias liburuan. Indigenekiko espainiar soldaduek nola jokatzen zuten gordinki deskribatu zuen. Konkistaren eta kolonizazioaren kontakizun goreslea zalantzan jarri zuen lehendabiziko lekukoa izan zen, baina bere salaketek eragin mugatua izan zuten.

Amerikaren “aurkikuntza” eta ondorengo konkista izan zen Espainia izeneko proiektu politiko jaio berriaren lehendabiziko enpresa edo ekimen fundazionala (Nafarroaren konkistaz gain), eta baita definitorioa ere, espainiartasunaren kontzeptua hasieratik dominazioan eta kolonizazioan oinarritu baitzuen. Hain funtsezkoa eta esanguratsua izan zen Amerikako enpresa Espainiarentzat ezen gaur egun, urriaren 12an Hispanitatearen Eguna ospatzen da Espainian, lehenago “arrazaren eguna” eta ofizialki “Espainiako egun nazionala” izenarekin. Hegoamerikako hainbat tokitan indigenen erresistentziaren nazioarteko eguna ospatzen da, eta New York-eko kaleetan Columbus Day da, italiarren eguna, Kolon italiarra zelako. Eta Euskal Herrian ere… tira, euskaldunok Laredoko hondartzan, birra hotz batekin, Nivea kosmetikoekin eta visa turistikoarekin ospatzen dugu, ahal dela zubia hartuta.

Azken urteotan ugaritu dira Kolonekiko eta konkistarekiko azterlan kritikoak, eta konkistaren narratiba onbera edo, are, goraipatzailea zalantzan jartzen duten kontakizunak. Dagoeneko jausi dira Kolonen eta beste konkistatzaileen estatua ugari, AEBetan general konfederatuenak jausten ari diren bezala. Mexiko hiriburuan Indigena emakume baten buruak ordezkatu du Kolonena.

Hainbat plaza garrantzitsutan ageri dira Kolon pirata moduan deskribatzen duten idatziak. Horrek beste antilla batera garamatza.  “You Can’t Blame the Youth – Ezin diezue gazteei errua bota”. Jamaikako Bob Marley and The Wailers taldearekin, 1973an San Franciscoko estudio batean zuzenean grabatua, Peter Tosh kantari… Eskoletan nagusi zen Narratibari aurre egiten zion Peter Toshek, berak konposatutako abesti honetan: “Gazteei irakasten diezue Kristobal Koloni buruz, eta gizon handia izan zela diozue, Marco Polo, Hawkins Pirata, Morgan Piratari buruz… Gizon handi hauek egiten zuten guztia, lapurtu, bortxatu, bahitu eta hil. Ezin dituzue gaurko gazteak engainatu, ezin diezue errua bota”.

Eliza katolikoari eta espainiar koroari, hurrenez hurren, sarraskiagatik barkamena eskatu beharko luketela esan zien Mexikoko presidente Andres Manuel Lopez Obrador-ek. Francisco Aita Santuak barkamena eskatu zuen, baina Espainiak isiltasunarekin erantzun du. Tira, isiltasun administratiboarekin soilik, zeren eta gobernua eta koroa isilik geratu badira ere, hainbat asaldatu eta harrotu dira horrelako eskakizunen kontra: Indigenismoa “komunismo berria” dela esan zuen lehengoan Isabel Diaz Ayuso espainiar pentsalari handiak. Ayusok sortutako Oficina del Español izeneko txiringitoko zuzendari Toni Cantók, berriz, Amerikaren konkistak “botere basati eta kanibal” baten menpe bizi ziren milaka pertsonaren askapena ekarri zuela gehitu zuen.

Jose Maria Aznarrek, berriz, ironiaz erantzun zion Lopez Obradorri, bere izen-abizenak gogoratuz. Eraso horrek egia bat erabiltzen zuen, Espainiaren ardurari izkin egiteko: Amerikan, ipar zein hego amerikan, kolonizatzaileen ondorengo zuriak, kriolloak, agintean egon dira eta daude oraindik herrialde gehienetan. Ezin da, altura honetan, zuri kriollo horietako bat indigenen bozeramaile moduan jarri Espainiari ardurak eskatzeko, Mexikoko indigenek azken mendeotan horien eskuetatik jaso baitituzte gehiegikeria guztiak, baina horrek ez dio ardurarik kentzen Espainiari.

Euskal Herrian bizi baldintzen hobekuntza ikaragarria ekarri zuen Ameriketako kolonizazioak: herritarren gosea kendu zuten labore berriak ekarri zituen, baserriaren ekoizpen eredu arrakastatsua zabaldu eta egonkortu zen, ontzigintza eta nabigazioari bultzada eman zien, emigrazio arrakastatsua eta aberastasuna ekarri zuen… Euskaldun asko pobre joan eta indiano bihurtuta itzuli ziren handik, esplotazio ekimenen hartan buru-belarri parte hartuta, bertako indigenak edo afrikako esklabuak zapalduta.

Esan bezala, urriaren 12an indigenen erresistentziaren nazioarteko eguna ospatzen da, eta guk ere baditugu gure Kolon euskaldunak, gure Blas Lezoko, Legazpi, Zulueta, Zumarraga, Gardoki, Elkano eta beste asko, ezagun zein ezezagunak. Espainia proiektuaren biktima izan diren herrien eguna beharko lukeen horretan gaurko euskaldunak non gaude? Zein rol jokatu dugu historian? Zein jokatu beharko genuke aurrerantzean? Barkamena eskatu beharko genuke geuk ere?  Norekin identifikatu gara eta norekin identifikatuko gara aurrerantzean?

Hispanitatea eta euskaldunak  Hispanitatea eta euskaldunak Hispanitatea eta euskaldunak Hispanitatea eta euskaldunak

Hispanitatea euskaldunak

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

2 pentsamendu “Kristobal Kolon, Hispanitatea eta euskaldunak”-ri buruz

  • Kolonekin ameriketara ailegatu ziren marinelen heren bat, gutxi gorabehera, euskaldunak ziren. Karibeko tainoekin komunikatzeko probatu zen lehenbiziko hizkuntza euskara izan zen. Euskaldunak izan ziren, hasiera hasieratik, konkistan soldadu ibilitakoen zati handi bat (Blas de Lezo aipatzen du artikuluak (konkistan sekula pare hartu ez zuena), baina Lope de Agirre ez. Agirrez egiten ari den berrinterpretazioaren emaitza ote?). Euskaldunak izan ziren Nueva España-ko administrazioan ibilitako funtzionario gehienak. Euskaldunak izan ziren Mexiko Berria eta Kalifornian gehien ibilitakoak.
    Perun, bikuinen gerran, indiarrak, beltzak eta meatzeetako gainontzeko esklabuak euskaldunen aurka eta gaztelarren alde lerratu ziren.

    Hori bai, zeinen gaiztoak, krudelak eta zitalak diren espainiarrak…

  • Behin edo behin ekarri dut zuzeura Mikaela Elizegiri jasotako Pello Errotaren bizitzako pasarte hau:
    “San Migel bezperari “asolbiziyo-eguna” esaten zitzayon. Guk beti ala aditu genduan Leitzen gero ere: “Asolbiziyo gaur da”. Iñun asolbitzen etziran pekatu guztiak, egun ortan an barkatzen ziran. Ta an izaten ziran indiano zar guziak.”
    Hara zer izan diren euskaldunak ameriketan: egindakoen larritasunagatik barkamen berezia behar zuten bekatariak.