Hilerokoa eta youtuberrak
Hilerokoa eta youtuberrak
Gurean azkenaldian youtuberrak gora eta behera gabiltzan honetan, Ana Malagonen “Hilerokoa eta youtuberrak” sarrera jaso dugu Samuraitasuna blogetik.
Antza denez, pop kulturaren fenomenoak gure artean ez dira oso pop izateko gai eta beraz, ez dira ez oso fenomeno, ez oso kulturalak izaten azkenean. Hori pentsatu nuen SuperTxope, hasiera batean youtuber euskaldun bat zela uste genuena, azkenean Sorturen publizitate kanpaina baterako sortutako bideo sorta bat besterik ez zela jakin nuenean. No pun intended.
Youtuberrak izateko aktoreak kontratatu behar dituen herri batean, pentsaezina iruditzen zait Briony Farmer bezalako norbait aurkitzea: Brionyk hilerokoari buruz hitz egiten du bere Youtube kanalean. Kopa eta konpresa bererabilgarrien inguruko kritikak dira bere bideoen gai nagusia eta hauek saltzeko denda bat du. Hilerokoarekin zerikusia duen beste gai batzuk ere jorratzen ditu. Lehen konpresak josten zituen, baina neke kronikoaren sindromeak jostun lanak uztera behar zuen.
15 urterekin hasi zen honetan. 19 ditu orain.
Beraren berri izan nuenetik bere lekuan jartzen saiatu naiz behin baino gehiagotan. Bere lekuan 16 urterekin, Youtube kanal batean hilerokoari buruz hitz egiten, ikastolako guztiek ikus dezaten nola hitz egiten dudan nire hilerokoari buruz eta erabiltzen ditudan produktuei buruz eta hurrengo egunean klasera joaten ikusi nahi izan dut neure burua nerabezaroaren krudeltasunari aurre egiten eta ezin izan dut. Nik 16 urte nituenean ez zegoen Youtuberik eta komunerako bidean eskuan genuen tanpoia izkutatzen genuen, eta ahopeka eskatzen genion lagunari ea bat ote zuen, droga erosten arituko bagina bezala. Zergatik? Asko dago horri buruz irakurtzeko. Zeozerk esaten dit gaur egun hala izaten jarraitzen duela estigma eta tabua, baina noizean behin, Briony Farmer bezalako nerabe bat agertzen da, hilerekoari buruz mendeetan zehar barneratu dugun lotsarik, erruduntasunik eta beldurrik gabe hitz egin dezakegula gogorarazteko.
Zenbat dudan ikasi eta berreraikitzeko.
Nire hilerokoari buruz zuen interesekoa ez den zerbait esatearren, bai, nik kopa eta konpresa bererabilgarriak erabiltzen ditut. Tanpoi arruntek alergia eragiten didate. Ginekologoaren gomendioa jarraitu nuen eta ondoren, pentsatzen jarri nintzen zenbat diru eta zenbat material, emakumea izateagatik. Badakit ez dela gertakizunen orden ideala, lehenengo pentsatu behar dela eta ez dela norberaren minaren berekoitasunetik hasi behar, baina miserable bat naiz, badakizue hori. Batzutan “The Texas chain saw massacre” samarra da hustutze prozedura, baina niretzat ez dago atzera bueltarik. Ez fisikorik, ez pentsakeratik.