Heteronimia: Bankari anarkista

Gazte izanik, mundua aldatzea amesten nuen. Zitala, injustua, gupidagabea iruditzen zitzaidan. Beste mundu bat, berria baina jatorrizkoaren antzera, sortu  nahi nuen. Hiru gaitz handiek – Jainkoa, Estatua eta Jabetza – jendea eta komunitatea usteltzen zituzten. Hirutasun makur hori ezereztatuz gero, gizon emakumeek beren jatorrizko askatasuna eta zoriona errekuperatuko zuketen. Hori zen nire brebiario iraultzailea.

Anarkistak ezagutu nituen.  Hirutasun makurra – Jainkoa, Estatua, Jabetza – gure etsai nagusia zela sinestetik haratago zihoazen anarkistak. Non zegoen hirutasun haren makurkeria? Harekin beti loturik zeraman alegiazko  munduan, hain zuzen. Anarkistek nire sen iraultzailea findu eta sakondu zuten. Erakunde fisikoetatik menperatzeko estrategietara eraman ninduten. “Idazkera mintzoarekin erlazionatzen den bezala  estrategia erakunde fisikoarekin lotzen da”, argitu zidan haietako batek. “Orain arte hitzak harriak bezala erabili dituzu. Guk idazten irakatsiko dizugu,  zure hitzak herritarren gogoan geldi daitezen betiko” (ilustratuak ziren, ikusten denez, nire anarkistak). Alegiazko mundua, horra hor gaitz guztien iturburua!, esan nion nire buruari. Izan ere, alegiazko munduak zinezko mundua -hau da hezur-haragizko jendearena – ukatzen zuen. Alegiazko jainkoen izenean hezur-haragizko gizon-emakumeen mundua gaitzesten zuten. Alegiazko erreinu edo estatu baten izenean, hezur-haragizko hiritarrak zapaltzen eta menderatzen zituzten. Alegiazko jauntxo baten izenean, hezur-haragizko herritarrak jopu eta pobre izatera kondenatuta zeuden. Funtsezkoa zen, halere, ondo jabetzea non jarri behar zen azpimarra: alegiazkoan, hain zuzen. Jainkoa ez zen gaiztoa jainko izateagatik, alegiazko izateagatik baizik. Gure helburua, bada, alegiazko mundu hori ezereztatzea zen; menpekotasun estrategiak suntsitzea, alegia.

Eta berriro ere buru belarri engaiatu nintzen zeregin iraultzaile hartan. Izaeraz analitikoa naiz. Gogo-beroa ere banaiz, baina epe laburrez. Izan nuen lehenengo zalantza – deabruaren lehenengo tentaldia – bitartekoei buruz izan zen. Gure helburua oso zolia zen, fikzioen munduarekin loturik zegoen eta. Ez genituen erakunde fisikoak ezereztatu nahi,  erakunde horien zapalkuntza estrategiak baizik. Erabiltzen genituen bitartekoak, ordea, oso fisikoak ziren. “Hitzak harriak bezala erabiltzen genituen”, nire anarkista ilustratuak zioenez. Zein indar eta eragin izango zuketen  harrikada haiek alegiazko munduaren kontra? “Oker geunden – berriro esan nion nire buruari -, kulturan, hezkuntzan eta propagandan dago gure irtenbidea”. Eta berriro ere eremu berri hartan gogo beroz lan egiten hasi nintzen. Denboraren poderioz gure lana alferrik zela konturatu nintzen. Kulturak, hezkuntzak, propagandak alegiazko mundua ezeztatu beharrean hazi egiten zuten. Gure lan iraultzaileak, adibidez, fikzio berriak sortzen zituen eta, nahitaez, ezereztatu nahi genuen alegiazko mundua elikatzen ari ginen.

“Guk, behintzat, fikzio onak sortzen ditugu”, esaten nion nire buruari kontsolamendu modura. Fikzio onak! Kontsolamendu eskasa, laster konturatu nintzenez, gure fikzio onak ere desbideratzen ziren – polo magnetiko batek erakarriko balitu bezala- eta gaizkiaren fikzioen aldera igarotzen ziren. Ongiaren hobe beharrez lan egiten genuen, baina azkenean gaizkiak profitatzen zuen gure lana.  Nahitaez gure fikzio onek, azkenean, alegiazko munduaren munstroa elikatzen zuten. Fikzioen jokoan kartak markaturik zeudela konturatu nintzen. Pobreak aurretik kondenaturik zeuden alegiazko mundu hartan. Pobre eta baztertuen ezbeharra alegiazko mundu horretatik baldin bazetorren, ezbehar hori betiko izateaz gain, gero eta handiagoa izango zen.  Infernu hura asmo zintzoez zolaturik zegoen, eta pobrezia eta injustiziaren kontra borrokatzeak, alferrik izateaz gain, gaitz horiek areagotzen zituen. Alegiazko munduak boteretsuen eta aberatsen alde  eta baztertuen eta pobreen kontra jotzen zuen. Aldameneko marrazkian agertzen den bezala azkeneko juizioan bi munduak aurrez aurre agertuko dira. Goikoak -aintzaz beteta eta garaileen eskubidearekin – behekoa – hondatua eta garaitua- epaitu eta gaitzetsiko du. Azkeneko juizio hori, eskarmentuak erakutsi zidanez, egunero egiten zen.

Parentesien artean jarri nituen nire asmo iraultzaile guztiak, kartak markatzen zituen jeinu maltzurra aurkitu arte. Zein zen fikzioen amarauna sortzen zuen armiarma makurra? Garai hartan ez nintzen jada “mundua aldatzea amesten zuen” hasierako gaztea. Nola aldatu aldaezina dena? Bikoiztasuna irristatua zen nire gogoan. Guztion alde egitea ezinezkoa izanez gero, nire alde lan egingo nukeen. Mundua salbatu ezinik nire burua babestuko nuen gutxienez. Azkenean, “mundua salbatu” behar hura alegiazko munduari zegokion. Azkenean, bulkada iraultzaile hura  fikzioen amaraunaren indar-nodo bat baino ez zen.  Eta azkenean,  armiarma makurrak sortutako fikzioa baino ez zen. Nire burua makurtu behar nuen, baina ahal dudan neurrian nire alde jokatuko nuen. Salbatzailearena  egitea alegia, alferrik izateaz gain, nire kalterako izango zen. Alegiazko mundua ezin nuen ezabatu, baina gutxienez nire kontra jotzen zuten fikzioak alboratuko nituzkeen. Armiarma makur hura gaiztoa izango zen baina boteretsua ere bai. Eta hobe nukeen armiarma horren zerbitzura sartzea, horren kontra altxatzea baino.

Alegiazko mundua suntsiezina baldin bazen – eta pobreak kondenatuta! -, geratzen zitzaidan irtenbide bakarra pobreziari lehenbailehen ihes egitea zen. Eta horretan ahalegintzen nintzen. Patua nire alde zegoen. Anarkista egitearekin batera ikasteko grina berpiztu zitzaidan eta ekonomia ikasketak hasi nituen. Apurka apurka aurrera eraman nituen eta, anarkista izateari uztea erabaki nuenerako, gaitz erdi, ikasketak bukatuak nituen.  Hurrengo erabakia erraza bezain logikoa izan zen: finantza munduan sartuko nintzen. Itsasoan bezala alegiazko munduan ere olatua ondo hartzea ezinbestekoa da. Horretarako olaturik egokiena aukeratzen ere jakin behar da. Zein zen alegiazko munduan olaturik indartsu eta harroena?Diruarena. Horretaz ez nuen zalantzarik. “Dirutik kanpo ez dago salbaziorik!”, esaten nion nire buruari. “Olatu hori hartzen ikasi behar dut”. Ez zen batere erraza olatu hori ondo hartzea, halere, horretarako finantza-aditua izan behar zen eta.

Ez naiz gaizki moldatu finantza munduan. Ez dut mundua aldatu, are gutxiago salbatu; baina astia izan dut nire patrika betetzeaz gain, historiaren mugimendu ezkutuei antzemateko. Armiarmaren estrategiei buruz dezente ikasi dut. Beste ikuspegi batetik, armiarmaren ikuspegitik begiztatzen dut historia; diruaren ikuspegitik, alegia. Hala bada, nire kontakizun historikoan ez dago lekurik erruki eta itxaropenerako.  Diruak ez du bihotzik, ezta begirik ere. Eskuak baino ez ditu – txanponak kontatzeko eta metatzeko -. Belarriak ere bai, diruaren txintxina ondo dastatzeko. Baina, bihotzik eta begirik ez. Horregatik errukia eta itxaropena nire historiatik kanpo geratzen dira. Halere, behin eta berriro zaunka itzultzen diren uxatutako txakurrek bezala, historia horren horizontean “zaunkaka” agertzen dira  errukia eta itxaropena behin eta berriro.

Pessoaren “Bankari anarkista” liburuxka irakurri izanez gero, nik kontatutakoa plagio bat dela pentsatuko duzu.  Ez da posible. Nire historia gertatu zenean ez nekien Pessoa zein zen ere. Pessoaren plagioa agian? Ez dut uste,  Pessoak Bankari anarkistaren istorioa ni jaio baino lehen idatzi zuen eta. Hala bada, Pessoari berarena, niri nirea. Pessoa jenio ameslaria izan zen, baina ni ez naiz Pessoaren amets bat. Ni nire eginen semea naiz, On Kixotek zioenez. Baina historian eromen poetikoa edo halako zerbait dagoela onartuz gero, ez litzateke erokeria  esatea Pessoaren azkeneko heteronimoa naizela; hezur haragizko heteronimo bakarra, gainera. Izan ere, Pessoak liburuxka horretan ezartzen dituen bizi arau guztiak nik, ezjakinean, osoki  bete ditut. Are gehiago, protagonistaren jite eszeptikoak baina, aldi berean, ironikoak nirea gogarazten dit,  Pessoaren liburutik, guztiz haragiturik, atera banintz bezala. Horregatik agian Pessoaren liburuxka eskuan dudan bakoitzean sentimendu hau nitaz jabetuko da: Anarkista izateari nola utzi zion eta bankari nola bihurtu zen kontatzen ari den gizon hori ni neu naizela.

 

FILOSOFO OHIA