Hegel Haitiko Errepublika Beltzean

Hegel Haitiko Errepublika Beltzean –

Susan Buck-MorssekHegel and Haiti” izeneko liburuan dioenez, filosofo alemaniarrak nagusiaren eta esklaboaren arteko dialektika idatzi zuen (Gogoaren Fenomenologia, 1807), Haitiko Iraultzan jazotako gertakarien testuinguruan lotzeko asmo argi eta pentsatuarekin, non hezur-aragizko benetako esklaboak, ez teorikoki pentsatuak, nagusien aurka matxinatu baitziren. Hamahiru urtez gauzatutako prozesu iraultzaileak, 1791ko hasierako matxinadatik 1804ko urtarrilean Haitiren independentzia aldarrikatu zen arte, Hegel errotik hunkitu zuen.

Hegel Haitiko Errepublika Beltzean

Gertakari historikoak

Haitiko gertaera iraultzaileak 1790ean hasi ziren, uharteko mulatoek, Frantziako Iraultzaren (1789) kutsatze ondorio bezala, gobernu koloniala presionatu zutenean pertsonen salerosketa legeztatzen zuen eta beltzei ondasunen jabetza debekatzen zien “Code Noir” zitala indargabetzeko; 300 mulato inguru armetan altxatu eta bortizki sarraskituak izan ziren. Hurrengo urtean, Frantziako Asanblea Nazionalak eskubide politikoak eman zizkion libre jaiotako “koloredun jendeari”, baina esklabotzaren estatusari eutsi zion kolonian. Hilabete batzuk geroago, “Kongo” izeneko esklabo talde bat uhartearen iparraldean altxatu zen ugazaben aurka. Louverture esklabo libertoaren agindupean, elkarren segidako matxinadetako bat bezala hasi zena laster gerra iraultzaile antiesklabista eta antikolonial bihurtu zen. Louvertureren nagusitasun militarrarekin iparraldean, mulatoen garaipenekin hegoaldean, eta britainiar flotak uhartearen kostaldeak okupatzearekin, frantziar armada iraultzailea garaitua izan zen.

1794an, Konbentzio Nazionalak esklabotza indargabetu zuen Frantziako Errepublikako kolonia guztietan. Louverturek gobernu bat ezarri zuen orduan, bere indarrak Frantziako armada iraultzailearekin eta hegoaldeko buruzagi mulatoekin batu zituen, britainiarren okupazio saiakerei arrakastaz aurre eginez. Urte batzuk geroago, 1801ean, Napoleon Frantzian boterean zela, Louverture aktiboki aritu zen uhartearen lurralde osoan esklaboak askatzen. Louvertureren ekintzak Frantziaren interesen aurka zihoazen, eta Napoleonek erreakzionatu egin zuen, uhartearen zati handi bat okupatu zuten tropak Haitira bidaliz. Louverturek armistizio bat negoziatu zuen esklabutza ez berrezartzeko konpromisoaren truke; baina, engainaturik, preso hartu eta Frantziara eraman zuten, eta handik gutxira hil zen. Honen ondorioz, bere oinordekoek, Dessalinesek eta Christophek, “Liberté ou la mort” lelopean, Frantziako armadaren aurkako borroka armatuari berrekitea lortu zuten; 1803ko udan, haitiarrek Frantziako armadaren aurka lortutako garaipena behin betikoa izan zen. 1804ko urtarrilaren 1ean, Haiti independentzia lortzen zuen Mundu Berriko bigarren kolonia bihurtu zen, baina, era berean, eta batez ere, aro modernoko esklaboen matxinada arrakastatsu bakarra bezala sartu zen mundu-historian.

Hegel Haitiko Errepublika Beltzean

Hegel, alemaniar prentsaren irakurle

Susan Buck-Morssek ematen dituen datuen arabera, Hegelek ondo baino hobeto ezagutzen zituen Haitiko gertaerak, garai hartako egunkarien eguneroko irakurketagatik. Hauen artean, Minerva izenekoa zen garai hartako alemaniar egunkaririk onena, bai korrespontsalen kalitateagatik, bai irakurleengatik, hala nola, Prusiako Federiko Gilen III.a erregea, Klopstock, Goethe, Schiller, Schelling, Lafayete eta Hegel, besteak beste. Minerva egunkaria 1789ko Frantziako Iraultzaren gertakarien eta haien ondorioen berri ematen eta interpretatzen aritu zen, betiere askatasunaren aldeko sentimenduan. Baina kolonien egoerak kontraesan handiak sortzen zituen iraultza burgesaren barruan. Eta hori nabarmenagoa zen Haitin, Santo Domingo uharteko kolonia frantses zaharrean, Frantziako koroaren harribitxia baitzen. Horrela, bada, haitiarren altxamendua Iluminismo frantsesaren idealentzako su-proba izan zen, eta europar irakurle burges orok bazekien hori.  Urtebetez, 1804ko udazkenetik 1805eko amaiera arte, Minervak artikulu batzuk argitaratu zituen bere irakurleei Haitiren independentziaren aldeko borrokaren berri emanez. Bertan, Louverture lider karismatikoaren figura nabarmentzen da, baita Desselinesena ere, gero “Askatasuna edo heriotza” leloagatik gogoratua izango dena.

Nagusiaren eta esklaboaren arteko dialektika

Behin Haitiko gertaera historikoak eta Hegelek haietaz zuen ezagutza kontatuta, beharrezkoa izango da, beraz, honek bere obra gailurretako batean, Gogoaren Fenomenologian, egin zuen planteamenduari ekitea. Hegelek, historiaren mugimenduaz hitz egiteko, alde batera uzten ditu “esklabo vs natura egoera mitiko”-aren metaforak eskaintzen zuten bertsioak (Hobbesengandik Rousseaurengana doana), eta errealitate historikoa sartzen du  “esklabo vs nagusi” metaforaren bidez. Hegelek planteatzen du historiaren hasiera bi desira edo kontzientzia desiragarri elkarren aurka jartzen direnean gertatzen dela. Gizakia, ororen gainetik, desira da, gauzak desiratzen ditu, baina desira ere nahi du, hau da, “errekonozimendua”. Desira desiratzea bestearen desira desiratzea da, besteak nagusitzat har dezan, men egin diezaion. Horrek errekonozimenduaren aldeko borroka sortzen du. Errekonozimenduaren nahiaren aldeko borroka honetan, batzuek besteek baino beldur handiagoa dute, hau da, beldurra aintzatespenaren nahia baino indartsuagoa da. Bere errekonozimendu-irrikan hiltzeko beldurra gainditzen duena, kontzientzia hori Nagusi bihurtzen da. Bestearen kontzientzia, non beldurra nagusitzen zaion errekonozimendu-nahiari, kontzientzia hori Esklabo bihurtzen da. Horrela, bi irudiak, Nagusi-Esklabo, osatuta geratzen dira, eta giza historia hasten da: tentsioa sortzen da dialektika hedatuz.

Nagusia, menderatze harreman horretan, Esklaboaren lanaren bidez erdietsitako gauzarekiko lotura duenez, esklabutzaren instituzioaren menpeko bihurtzen da, hark bere aberastasuna osatzen duen “gainoparotasuna” sortzen duelako. Beraz, nagusia pasibotasunera, aisiara eta gozamenera mugaturik geratzen da, eta Esklaboarekiko menpekotasun osoa duelarik, gauzatua, zakartua eta aberetua amaitzen da. Bitartean, Esklabuak, lehen ukapen-fasean, independentzia edo bizitzaren alternatibaren aurrean, bizitzaren alde egiten du; horrela, bere independentzia galtzen du eta menpean jartzen da, bere burua “gauza” soil gisa hautemanez, kanpokotasun huts gisa, eta beste batentzat bakarrik existituz. Baina lanaren bidez, esklaboak bere buruarekiko kontzientzia lortzen du natura eraldatzen jorratzerakoan, gauza edo kanpokotasun hutsa ez dela frogatuz. Eta horrek pentsarazten dio bere ingurune materiala bere kabuz eraldatzeko gai dela, subjektu aktibo eta autokontziente gisa zentzu propioa izatera irits daitekeela, errealitate material artifizial eta behartu baten bestelakotasuna gaindi dezakeela.

Esklabuak, beraz, bere subjektibotasun propioa lanean gauzatzen duen heinean, autokontzientzia lortuko luke, hau da, ez dela gauza bat, baizik eta natura materiala eraldatzen duen subjektu bat. Horrela, bada, kontzientzia esklaboaren gaineko lanaren eragin hezitzaile horrek heriotzarekiko beldurraren eragina osatzen du, beldur horri aurre eginez eta indargabetuz. Beldurra gainditzeko une kritikoa ez da haren desagerpenean egongo, baizik eta hasiera batean kontzientzia esklaboa eratu zuen ondorio zapaltzailea izateari uzten dionean. Hemen berreskuratzen da, modu berri batean (“Liberté ou la mort”), norberaren independentziaren alde bizitza ematea posible den posizioa.

Irtenbide bakarra, beraz, ukapenaren lehen fasearen itzulketarekin iritsiko da. Bigarren fase hau “ukapenaren ukapena” izango da, hau da, esklabotza mota ororen autoaskapena eta abolizioa. Teoriak eta errealitateak bat egiten dute une historiko horretan, hau da, arrazionala dena, askatasuna adibidez, erreal bihurtzen da. Eta hauxe da, hain zuzen ere, Hegelen argudioaren originaltasuna ulertzeko funtsezko puntua, zeinaren bidez filosofia, teoria akademikoaren mugak gaindituz, historiari buruzko iruzkin bihurtzen baita. Orain eta hemen, pentsamendua Historiaren ikuspegi konkretu bihurtzen da, hemen, agerian geratzen da ideia ororen azpian dagoen haragitasuna, hemen, agertzen da teoria transzendenteen lotura erabat material eta bizipenezkoa, zeinak ez baitira goi-isurizko jakituriaz sortzen, bizitzaren dinamikarekiko loturaz baizik. Ezin da, beraz, filosofia historiarik  gabe pentsatu.

Haitiko iraultza izkutatzea

Ongi, behin honetaraz geroz, deigarria da ehunka iruzkingilek ez zutela aipatu, ezta lotu ere, nagusi-esklabo dialektika, esklabutzaren arazoaren gune kontzeptuala dena, kolonietako esklaboen matxinadekin eta Haitiko iraultza garailearekin. Gaur egun oso zaila da ulertzen nagusiaren eta esklaboaren arteko borrokari buruzko edozein erreferentzia zehatzi egiten zaion abstrakzioa, metafora gisa irakurria (baita marxismoak berak ere), kontuan izanik, gainera, Europan basailutza- eta morrontza-erakundea oraindik indarrean zegoela, eta kolonietako esklabotzaren egoerak esklabo-lana (esplotazio kapitalistaren erakunde modernoaren muina izanik) ahalbidetzen zuela. Horrek guztiak beharrezko egiten zuen askoz azterketa errealagoa eta egokiagoa planteatzea. Zalantzarik ez.

Areago, Hegel oso filosofo gailena da, pentsalari eta filosofo askorengan eragin handia izan duena. Hegelengan kondentsatzen da garai guztietako filosofía; bera da Mendebaldeko pentsalari goren eta entzutetsuena, non gizabanako baten gogamenak politika historiarekin eta filosofiarekin sintetizatzea lortzen duen. Eta une horretan, ez bestetan, pentsa liteke bere fenomenología. Haitiko iraultza gertatu zen unean, eta, aldi berean, Hegel bere Fenomenologia idazten ari zenean, orduan, iraultza, errekonozimenduaren dialektika bihurtzen da,  historia unibertsalaren gai gisa ikusaraziz, askatasunaren lorpenaren historia gisa islatuz. Orduan, filosofia historiaren iruzkin bihurtzen da. Honenbestez, eta kontsiderazio hauek guztiak kontuan izanik, beharrezkoa da ondorioztatzea Hegelen kritikari ofizialisten itsutasuna eta ezjakintasuna oso kontzientzia txarraren erakusle dela, eta era berean, ezkutatze horren motibazioak ez direla errugabeak edo inozoak, baizik eta oso interesatuak.

Hegel Haitiko Errepublika Beltzean

Zergatik eta zer arrazoi daude estalketa hori egiteko? Askotan kalkulatu da termino ekonomikoetan europarrek Amerikako lurrari kendutako aberastasuna. Egin ez dena zera da, mendebaldeko zibilizazioaren (kristaua lehenik, ilustratua gero) oinarri izan zen genozidioaren biktimen zenbaketa egitea. Afrikarren genozidio hau, XVIII. mendeko mundu kosmopolitak “esklabotza” deitua, askatasuna ondasun goren eta besterenezintzat etengabe aldarrikatu zutenek, ezarri, ulertu eta justifikatu zuten, hau da, Eliza hasieran, gero Hobbes, Locke, Montesquieu, Voltaire eta Rousseau, besteak beste.  Eta hori egiten zen edozein motatako askatasunak jabetza pribatuaren erabateko babesa zekarrelako. Iluminismoaren filosofia politikoak zuen askatasunaren kontzeptua oso lotuta zegoen eremu ekonomikoarekin, eta monarkia burgesaren zapalkuntza politikoarekin. Askatasuna garaiko metafora politikorik ederrena zen, baina, Hegelek dioen bezala, filosofia beti berandu iristen da. Behin askatasun burgesa iritsita, esklabotza aristotelikoa instituzionalizatu egiten da. Esklaboak ez dira gizaki gisa existitzen, jabetza pribatua dira beti, eta garapen ekonomikoaren kontuetan daude etengabe; beraz, eztabaidarik gabe, ez dira inoiz gizakitzat hartuko, ezta XVIII. mendeko ilustratuen artean aurrerakoienek ere. Voltairek, Montesquieuk, Diderotek eta Rousseauk ez zuten zeresanik esklabo kolonialei buruz. Areago, esklabotzaz hitz egiten dutenean, metaforikoki hitz egiten dute hari buruz, edo, bestela, haren existentzia gordina ezeztatzen dute.

Adibide gisa, Montesquieuk, “Legeen izpirituaz” izeneko liburuan, esklabu beltzak aipatzerakoan honela dio: “Azukrea garestiegia litzateke landarea landatzeko behar den lanean esklaboak erabiliko ez balira. Aipatu ditugun izaki horiek beltzak dira burutik oinetaraino, eta sudurra hain zapaldua dute, ezen  ia ezinezkoa baita haietaz errukitzea (…). Ezinezkoa da suposatzea pertsona horiek gizakiak direnik, zeren gizakumeak direla sinetsiko bagenu, gu ez garela kristauak sinesten hasiko lirateke”. Bestalde, Hegelek paragrafo batean nagusi-esklabu dialektikan aitortzeko borroka, honela adierazten du: “Esklaboak gizakiak direla ontzat ematen badugu, orduan nagusiak esklaboen esklabo izango gara eta azukrerik garestiago ordainduko dugu”. Gure filosofo, idazle, zientzialari ilustratuen iritzi hauekin, gero eta sendotasun handiagoa hartzen ari den gizonaren nolabaiteko ideia bat taxutuz doa; gizon hau zuri, europar eta kolonizatzailearen sinonimo bihurtuz joan zen; beste gainontzekoak “koloredun jendeak” ziren. Mailaketa arrazoitu honetan, beltzak baztertuta, gizatasun guztiaz gabetuta, gizakia denaren parametroetatik erabat kanpo. Eta, hain zuzen ere, ondoriozta daiteke, liberalismoaren historia esklabotzaren historiatik banaezina den bezala, mendebaldearen eraketaren historia kolonialismotik banaezina dela.

Frantziako Iraultzak (1789) askatasunaren, berdintasunaren eta senidetasunaren ideia ilustratuak mundu osora hedatu zituen, bai eta giza eskubideen ezagutza zabaldu ere, baina, nabarmenki, ez zien bere kolonietako esklabuei askatasuna eman. Haitiar Iraultza, ordea, frantziarrak baino askoz erradikalagoa izan zen, eta haitiarrek Robespierre berbera esklabutza indargabetzera behartu zuten 1794an. Eta horrela, 200.000 hildako kostata hiru urteko borroka odoltsuaren ondoren, haitiarrek frantsesak behartu zituzten askatasun unibertsalaren hasierako printzipioekin kontsekuente izatera. Beraz, Haitiar iraultzak  Gizakiaren Eskubideen Adierazpenaren “unibertsaltasun abstraktua” zalantzan jarri zuen, esklabo ohien berezitasunak (edo “partikularismoak”) Landa-langile Beltzen Errepublika bat lortu nahi zuela erakutsi baitzuen. Eta horrek talka egiten zuen merkatari eta burges frantses aurreratuen asmo unibertsalistekin, haien unibertsaltasunak muga bat ezartzen baitzuen, itsasoz haraindiko lurraldeen esklabotzari uko egiteko ezintasuna, alegia. Honenbestez, sekulakoa da Haitiko iraultzak Modernitateari egiten dion dialektika negatiboa eta destotalizazioa, bere baitatik zarrastatzen duen gatazka konponezin batekin topo egitean. Batez ere, eta bereziki, askatasun-berdintasun-senidetasun printzipioak babesten eta aldarrikatzen diren garaian, mendebaleko europear zibilizazio eta gizarte kristauaren funtsa eta “oinarri ekonomikoa” esklabutza degradatzaileena, genozidio eta etnozidio denean, Haitiar iraultzak, aldiz, arazoaren erdigunea, nukleoa, funtsa erakusten eta seinalatzen du.

Nolanahi ere, esklabutzari eta belztasunari buruzko eztabaidak arrasto sakonak utzi zituen XIX. eta XX. mendeetako filosofian, literaturan eta artean (Hugo, Merimée, Rimbaud, Césaire, Fanon), Modernitatearen unibertsaltasun faltsua agerian utziz. Baina, bitxiago eta interesgarriagoa dena, Frantziako Iraultzaren historiagile eta teoriko garrantzitsuenetako askok (Hobsbawm, Soboul, Lefebvre) ez dute honetaz ezer esaten, aipamenik ez. Badirudi, haientzat, “beltza”, modernitatearen historiaren bidez bestekotasun exotiko moduko bat eraiki zela, modernitatearen beraren eraketarekin zerikusirik ez balu bezala, agian haien mututasunetik arrazakeria sentimendu aitorrezina ondorioztatu beharko genuke. Bide batez, arrazakeria, esklabutzak zerikusi handia duen modernitatearen asmakizuna ere bada.

Haitiko Beltzen Errepublika. 1805eko konstituzioa: “Denok gara beltzak”

Haitiren independentziak esklabotza kolonial frantziarraren amaiera ekarri zuen Saint-Domingue kolonian, gaur egun Haiti bezala ezagutzen dena. Haiti ez da, bitxia bada ere, hitz afrikarra, tainoeratik eratorritakoa baizik. Tainera uharteko jatorrizko herrien hizkuntza zen, XVI. mendearen hasieran jada suntsituak izan zirenak, afrikar esklaboak iritsi aurretik. Afroamerikarrek, beraz, izen aborigen bat berreskuratzen dute, haien omenez, sortzen ari diren nazio berria izendatzeko. XVIII. mendean tainoen gizartea guztiz deuseztua izan zen, sartutako gaixotasunak direla eta, bereziki baztanga (nafarreria). Ezkontza mistoak eta Espainiak Karibean ezarritako plantazio-ekonomia derrigortuak ere lagundu zuen euren desagerpenean, Afrikako esklaboak ekarriz. Orduan, afroamerikar iritsi berriek jatorrizko abizena berreskuratu zuten tainoen omenez sortutako nazio berria izendatzeko. Beraz, Afrikatik etorritako lehenengo esklaboek jatorrizko herriekiko begirune hori erakutsi zuten.

Garai hartan, Haiti Ameriketako bigarren nazioa zen independentzia lortzen, soilik Estatu Batuen ondoren, 1776an. Haiti ere izan zen Latinoamerikako eta Karibeko lehen herrialdea bere nagusi kolonialengandik banatzen zena, eta horrek domino-eragina izan zuen Ameriketan. Borrokalari eta garaile gehienak afrikar jatorrikoak zirenez, Haiti ere lehen errepublika beltza zen.

1805eko maiatzaren 20ko Konstituzioak herrialdea antolatzeko modua ezartzen du, eta honek dioenez Haitiko herritar guztiak, edozein dela ere bere azalaren kolorea, “beltzak” deituak izango dira; horrela, 14. artikuluak dio “ez ibili fintasun taxonomikoekin: hemen denok gara beltzak”, Haitiko iraultzaren berezitasunaren eta Frantziako unibertsalismo burgesaren kontraesanen artean sortutako tentsio konponezinaren adibide aparta dena. Bestalde, 12. artikuluak dio “ezein pertsona zurik, edozein nazionalitatekoa izanik ere, (nagusi edo jabe tutuluekin)  ez du lurralde honetan oinik jarriko, eta, etorkizunean, ezin izango du hemen jabetzarik eskuratu”.

Haitiko iraultzaren eragina munduan

Haitiar Iraultzak benetako izu-bolada sortu zuen Amerika osoko klase menperatzaileen eta jabedunen artean, beren errepublika amerikarren independentziak sustatzen zituzten elite zuri kreoleetatik sortuak. Horregatik, eta oso nabarmen ere, historialariek Iraultza haitiarra isilarazi eta gutxietsi dute. Mugimendua lehertu baino egun batzuk lehenago, eliteak ziur zeuden beltzak lasaiak, obedienteak zirela eta edozein matxinada orokor egiteko aukera ezinezkoa zela. Inork  ez zuen uste esklaboak beren askatasuna aurreikusteko gai izango zirenik, are gutxiago askatasuna irabazteko eta ziurtatzeko gaitasuna izango zutenik, estatu beltz independente bat sortzera eramango zuen altxamendu arrakastatsu baten aukerak ez baitzuen bat egiten amerikar-europar zurien ikuspegiarekin.

Iraultza hau Mendebaldeak “gertatutakoa ez zen gertatu-ez gertakari” gisa tratatu izan zuen, deus gertatu ez bailitzan. Haren isilarazpena menderatze globaleko narratibaren zati bat baino ez da, mendebaldeko historiaren zati bat da, eta historiak horrela izaten jarraituko du mendebaldekoaz bestelako ikuspegi batetik kontatzen ez den arte.

Mendebaldeko burgesiak ez zion Haitiri barkatu “beltz” hauen aurrekaririk gabeko ausardia. Gertaera gutxik ondorio mehatxatzaileagoak izan zituzten garaiko orden hegemonikorako: adibide oso arriskutsua Ipar Amerikako esklaboentzat, eta Latinoamerikako askapen mugimenduentzat inspirazio-iturri. Oso esanguratsua da Frantziako koloniarik aberatsena (Frantziako ekonomiaren heren bat baino gehiago Haitiko azukre, kafe eta indigo sailetan ustiatutako milioi erdi esklabo baino gehiagoren lanetik zetorren) gaur egun planetako gizarterik degradatuenetako bat izatea. Latinoamerika osoan ez dago nazio berri baten beste kasurik, potentzia inperialek Haiti bezain sistematikoki eta kontzienteki suntsitua. Inperioek ezin zuten halako mundu abangoardiaren biziraupen eredugarria onartu, eta, ondorioz, Mendebaldeak Haitiren aurkako mendeku erraldoi eta ankerra ezarri zuen.

Hegel Haitiko Errepublika Beltzean  Hegel Haitiko Errepublika Beltzean  Hegel Haitiko Errepublika Beltzean  Hegel Haitiko Errepublika Beltzean  Hegel Haitiko Errepublika Beltzean

13 pentsamendu “Hegel Haitiko Errepublika Beltzean”-ri buruz

  • Jesus Perez de Viñaspre Txurruka 2023-05-03 07:52

    Gehiago sakondu nahi baduzue, honatx Susan Buck-Morssen liburua, ehun orrialdeko testu laburra eta irakurterrezekoa
    http://cipec.nuevaradio.org/b2-img/HEGELYHAITISusanBuckMorssDIALECTICAAMOES.pdf

  • Artikulua ondo dago. Kontua da 1804an Dessalinesek agindutako genozidioaren aipamena falta dela. Hau da 3000-5000 zuri, askotan behartsuak, eta ume, emakume eta zaharren bizitza barkatu gabe, soilik zuriak zirelako gupidagabe erailda.

  • Eta antzeko akzioak errepikatu zituen uhartearen ekialdea, gaurko Dominikar Errepublika, inbaditu zuenean.

  • Baten batek ezabatu du “Egoitz” izeneko batek idatzi duena hala? Errakuntza hala zentsura?

    Euskarazko komunikabideetan ez genituzke horrelako gauzak egin behar beti ere begirunez idazten baldin bada.

  • Aitorrentzat 2023-05-05 22:08

    Ez, zentsura izan da. Eztabaidarako gunea izan behar den honetan zentsura nagusi.

  • Ba nire ikuspuntuan.zentsura beti da txarra. Oraindik gogoan dut Londreseko “Speak Corner” delakoan beltz bat ingeles zurien aurkako biraoak botatzen zegoela eta nola gehienek ez zioten kasurik egiten. Gutxi batzuk buruarekin ezetz esan eta aurrera, beste batzuk gizaseme horregatik errukitu egiten ziren…

    Baita ere gogoan dut Suitzako italiar kantoian, Tizinon, italiar abertzale batzuen aldeko eskultura handi bat: “Eskualde hau Italiarekin bat egitearen alde borrokatu ziren herri honetan jaiotako X italiarren omenez”. “Bai bitxia” pentsatu nuen Europako lurralde gehienetan (eta jakina Euskal Herrian baita) ez dut horrelakorik dagoenik imajinatzen.

    Baina beno ingelesak eta suitzarrak demokraziazaleagoak omen dira.

  • Bestalde Egoitzek esan zuena egia da. Arraza beltzez gainezka dagoen Haiti Amerika kontinenteko herrialde txiroena eta miserableena da. Eta Afrikan ere gero eta “beltzagoa” izan gero eta herri txiroagoa. Ez baliabideetan baina bai bizi mailan, ustelkerian… itxaropenean azken finean.

    Ni neu horretan pentsatu izan dut: zergatik izango ote da? Biologikoa al da?

    Baina jakina hurbilago ditugun adibideetan fijatzen naiz eta ez dut batere argi ikusten.
    Ezberdintasunak nabariak diren arren gurean bi adibide hurbil adierazgarri ditugu:

    Lehena Extremadura. Espainiako Erkidego behartsuena alde handiz, politikoki gizajo batzuk dira. Are gehiago Espainiako erregea bisitan joango bazitzaien txaloka hartuko lukete. Mendeak daramate Espainiako “ipurzuloa” izaten eta badirudi bost axola zaiela edo ezin diotela kontuari buelta eman. Hala eta guztiz, extremadurako asko Extremaduratik kanpora doazenean langile finak dira eta are gehiago, ez dira gutxi aberastu direnak.

    Bestalde Ipar Euskal Herriko Behenafartarrak
    eta Zuberoarrak, eta ezberdintasun ezberdintasun, inoiz ez dute lortu Hego Euskal Herriko ez maila ekonomiko ez eta antolakuntza nahiz eta euskaldun peto-petoak izan.

  • Beno eta benetan espero dut aurreko iruzkinak ez zentsuratzea.

    Edo gutxienez pisuzko arrazoi bat (edo gehiago) iruzkintzea.

  • Indiar Apatxe eta beste tribuok ere ezin izan genuen geure ekonomia hobetu eta herri txiro, behartsu eta miserable izateari utzi, geure azalaren koloreagatik batez ere… Jeronimo (Goyaale)

  • Benat Castorene 2023-05-07 09:56

    Ez da sekula on gizarte baten estruktura sozio ekonomikoak indarrez eralda daitezen inbasio edo konkista baten ondotik kanpoko herri baten eraginpean. Hori gertatu zitzaien Baxenafarroari, Zuberoari , Lapurdiri ( zergatik Aitor S-ek ez du Lapurdi aipatzen?) baita indianoei , afrikarrei eta munduko populu guziei ere. Kanpoko eraginaren inportantzia ukatu gabe askoz onuragarriagoa eraldaketa endogenoa, urria eta jarraia.

  • Jesus Perez de Viñaspre Txurruka 2023-05-07 09:59

    1791-1804ko Haitiko iraultza oso garrantzitsutzat jo behar da XIX. mendeko eta XX. mende hasierako arraza-imaginario global baten sorrera ulertzeko. Uharteko esklabotza eta kolonialismo frantziarraren likidazioaren ondorioak mendebaldeko hemisferio osoan sentitu ziren eta arraza-matxinadaren aukerei buruzko etengabeko antsietate iturri izan ziren. Haitiko iraultzaren ondorio intelektualak arraza-hierarkia global batean gauzatu ziren, mendebaldeko eta AEBetako europar “zurien” nagusitasun saihestezina agerian uzten zuena, baina, hala ere, etorkizunean desagertzeko aukerek biziki kezkatzen zutena.

  • Jesus Perez de Viñaspre Txurruka 2023-05-07 10:00

    Dessalinesek ‘zurien genozidioa’ egin zuela dioen baieztapen kategorikoari buruz, bi hitz:
    “Caribbean genocide” izeneko 2005eko artikulu batean, Philippe Girard historialariak argudiatu zuen 1804ko lehen lau hilabeteetan, Dessalinesen aginduz, soldaduek bildu zituztela etxejabe zuriak, haien familiak, soldadu frantsesak eta hiri-pobreak (petits blancs), eta hil egin zituztela. Ez emakumeak ez haurrak ez ziren salbatu. Baieztapen horietan oinarrituta, Mike Duncanek, historia politikoko podcaster dibulgatzaile estatubatuar ezagunak, “sarraski genozidak” deitzen dituenen kontakizun sentsazionalista eskaintzen du. Haitiko soldaduek emakume zuri guztiak bortxatu zituztela alegatzen du, Dessalinesek krimen latza egin zuela ondorioztatuz.
    Egia da Dessalinesek soldadu eta kolono frantsesak exekutatu zituela, baina gertaera hau gehiegizkoa eta testuinguru historikotik aterea izan da. 1803. urtearen amaieran frantsesak uhartetik irten zirenean, ez zuten porrota onartu, eta tropa talde txiki bat Santo Domingo hirira joan zen, Haiti berrinbaditzeko eta populazio beltza suntsitzeko helburu argiarekin. Dessalinesek berehala jakin zuen plan horien berri, bai eta kolono zuriek frantziar espedizio honi emandako babesaren berri ere. Testuinguru horretan, armada frantsesaren sarraski eta hilketa ezberdinetan aktiboki parte hartu zuten pertsonak exekutatzea agindu zuen. Baina, herrialdearen defentsarako exekuzio selektiboen ordez, kolono izutuek zuri guztien sarraskia ikusi zutela adierazi zuten.
    Dokumentu historikoek erakusten dutenez, ordea, zuri asko Haitin geratu ziren ustezko genozidio horren ondoren. Adibidez, 1804ko urriko errolda partzial batek 600 pertsona zuri baino gehiago zerrendatzen ditu soilik Gros Morne barrutian.
    https://haitidoi.com/2013/03/18/1804-census-gros-morne-haiti/

  • Jesus Perez de Viñaspre Txurruka 2023-05-07 10:01

    Bestalde, Dessalinesek zibilak eraso eta hil zituela esaten da, baina hau ere engainagarria da. Exekutatu zituen zibiletako askok Guardia Nazional kolonialean eta Frantziako espedizio militarraren alde egin zuten etxejabeen eta merkatarien milizia-unitateetan borrokatu zuten. Baieztapen horiek kolonialismoaren indarkeria ere minimizatzen dute. Esklaboen matxinada gerra moduko bat dela onartzea esklabotza atlantikoaren kartografia berri baterako lehen urratsa da. Kolonoak esklabizatzaileak ziren eta esklabotza gerra zen. Antikolonialismoa ez da genozidioa.