Hedabideak Salvador Illaren gobernuaren alde
Hedabideak Salvador Illaren gobernuaren alde –
Hedabideak gurean asko dira, eta oso baieztapen biribila egin dut. Seguru salbuespenak egon direla baina, erabat harturik, Kataluniako azken Diadaren berri ematerakoan, zeharka, esan liteke hemengo hedabide gehienek -EiTB barne eta gidari esango nuke!- Illa buru duen PSCren gobernuaren alde egin dutela. Zergatik?
Denek azpimarratu dutelako, modu batera edo bestera, 75.000 biztanle kalera ateratzea oso gutxi dela; lehen askoz gehiago ateratzen zituztela; eta, horrenbestez, Kataluniaren independentzia helburu duen procesa amaitua dela edo oso indargabetua behinik behin alderdi independentisten zatiketagatik. Ez diote duen balioa eman, berriz ere, Printzerriko hiriburuetako kaleak independentistez betetzeko gauza izateari eta horrek erakusten duen gurari sendoari, eta ez dute aipatu ere egin, bereziki, zergatik gertatu den kalera atera diren herritar independentisten apaltzea. Zergatik gertatu da apaltze hori?
Ez dut ezer berririk esango esaten badut bi arrazoi nagusi egon direla hori gerta dadin: 1. Espainiar estatuko botereek koordinatu eta artikulaturiko errepresioa. Lehenik, 2017ko urtean, ongi armaturiko poliziek eragindako errepresio fisiko itzela -Felipe VI.a estatuburuak xaxatua bere diskurtsoarekin-, eta handik hona politikariek 155. artikuluaren aplikazioarekin egindakoa eta llak txalotua, eta halaber, politikarien lekua hartu ohi duten togadunek eragindako errepresio judiziala. Hedabide espainiarrek eragindako errepresio mentala ere aipa liteke, beste neurri batean. Horixe da pisu handiena duen arrazoia: independentismo katalana errepresio fisikoz, politikoz, judizialki eta mediatikoki zigortu izana.
Errepresio horrek klase politikoa ere gogor kolpatu du, denok dakigunez (espetxea, erbestea…!), eta hortik etorri da, batez ere, alderdi independentisten zatiketa, asmo independentistak berrogeialdian uzten buru ERC agertu delarik. Politika pragmatikoago bat egite aldera -Espainiako estatuko botere faktikoek onar dezaketen politika pragmatikoa-, eta batez ere, autonomikoa bada ere boterea eskuratu nahiak bulkaturik eta haize emanik.
Izenburuan agertu dudan ideia berrets dezadan: hemengo hedabide gehienek laguntza eman diote Illaren eta PSCren gobernuari -ERCk ahalbidetu duena-, ideia nagusi gisa azpimarratu dutenean inoizko Diada kaskarrena izan dela alderdi politikoen zatiketagatik; eta hitz erdirik aipatu ez dutenean, espainiar klase polizial-politiko-judizial-mediatikoak eragindako errepresio alimalekoak ekarri duela, batez ere, katalan alderdi independentisten zatiketa, eta herritar independentisten dezepzio itzela eta kalera ateratzeko gogoa urritzea.
Alabaina, Bartzelonan udaltzaingoaren arabera, 60.000 independentista kalera atera izana eta gainerako hiriburuetan ere jende mordoska atera izana ez da gutxiestekoa. Gizarte zibil independentista antolatuaren emaitza diren ANC, Omnium, AMI eta Errepublikaren Kontseilua ez daude hilik, eta gauza izan litezke denboraldi batez behinik behin pultsu independentista atxikitzeko, aldian behin kaleez nagusituz, eta asko baino lehen, epe ertain hurbilera edo, gauzak ondo bidean, beste proces bati ekiteko.
Haiek okerrago badaude, zer esan gure egoera politikoaz. Haien Asanblea Nazional Katalanaren antzeko erakundea Gure esku dago izan liteke, eta Omnium Kulturalarena Aranzadi, baina ez bata eta ez bestea ageri dira klarki independentista gisa -eta ez du ematen horrek atxikimenduak handitzen dizkienik-, eta ez independentziaren aldeko udalerrien elkarterik daukagu ez eta Errepublikaren Kontseiluaren antzekorik. Eta azken Diada apala izan bada, nolakoak izan ohi dira gure Aberri Egunak?
Delako Hitzarmen Ekonomikoaren antzeko Hitzarmen politikoa beste helburu goragokorik ez du agertzen EAEko Eusko Jaurlaritzako alderdi nagusiak, hots, Espainiako botere faktikoek onar dezaketen moduko hitzarmen politikoa, gobernukide duen alderdi espainolistak urardotua noski, eta oposizio abertzaleak botoetan nagusi izan nahian jarriak ditu esperantzak, garai hobeen zain, eta joera independentista kasik estalia duela.
Botere politikoak markatutako bidetik libreago jokatuko luketen hedabideakĀ behar ditugu, statu quo-ari jarraitzera mugatzen ez direnak, hots, Kataluniako procesa bidegurutze zailean dagoela adieraziko dutenak bai, gezurrik esan gabe, zeren procesa bidegurutze zailean dago bai, baina inondik ez hila -hitz-joko bat eginez, lehenago hilko da Illaren gobernua!-, eta beste batzuetan ere adierazi izan dudan bezala, geu non gauden ikusteko ispilu bezala balio digu Kataluniakoak, eta handik irakaspenak eskuratzeko, eta ahal dugun neurrian, irakaspen horien arabera jarduteko.
Lehen arrazoia aipatu dut eta bigarrena ez.
Bigarren arrazoia hauxe da: herritar independentistek asko eman dutela eta jasan duten dezepzioa ere emandakoaren neurrikoa izan dela. Lehen berehala egingarri ikusten zena, gaur egun ez; epe motzera ez da estatu propiorako bidea lorgarri sumatzen.