Haur palestinarra = haur judua

Haur palestinarra = haur judua –

Etorkizuna beti, martiriena da. Juduen herriak holokaustoarekin irabazi zuen Israel. Sionismoak, ordea, tankeekin eta guda hegazkin ahaltsuekin geroa galduko du etsipenaren harriak jaurtikitzen dizkioten Palestinako haurren aurka.

Haur palestinarra = haur judua
Arg: OXFAM ITALIA

Gazako gettoa

Juduak ziren gure arbasoak,
eta juduak ginen geu ere,
lur jabetza debekaturik, ghetoko horma tartetik,
ortziari so, geroaren adurrik garratzena nozituz,
Jainkoari askatasuna aldarrikatzen geniolarik.

Juduak ziren gure gurasoak,
eta juduak ginen geu ere,
Erromak sakabanatu, kristautasunak madarikatu,
Errege Katolikoek atzerriratu, erbesteratu eta,
inoizko Hitler guztiek erailtzen gintuztelarik.

Juduak ziren Jesus, Marx, Einstein
eta juduak ginen geu ere,
erlijioko urrikaltasuna eta barkamena hedatuz,
iraultzaren txiroekiko elkartasuna aldarrikatuz,
jakintzako aurrerapena sustatzen genbiltzalarik.

Judua zen jainko herria,
eta judu egin ginen gu,
xenofobia antisemitismoz blaitu zelarik,
holokaustoa lotsaren atzean ezkutatu zutelarik,
Auschwitz-en, Gussen-en edo Mauthausen-en.

Judua zen askatasun deiadarra,
eta judu egin ginen gu,
bahituek asmatu baitzuten askatasuna garrasia,
zapalduek haizeratu berdintasunaren abarrotsa,
eta orain oinperatuek eraiki elkartasunaren aldarria.

Kristau bilakatu ginen denok,
kristauak ginen gu ere,
Erromako inperioak Kristo gurutziltzatu zuenean,
sinesmenengatik kristautasuna jazarri zutenean,
inperioko onuragatik torturatu eta hil gintuztenean.

Kristauak izan ginen aintzinean,
kristau Mendebalde osoan,
gurutziltzatu irudia itxaropen ikur gorena eginik,
oinazea nozitu ahal zuen Jainkoa aitzindari jarririk,
Erromako inperioaren jazarpena akuilu zitzaigularik.

Kristauak izan ginen guztiok,
oinazeak iraun zueno,
Konstantinok kristautasunari mina eta negarra eros arte,
Erromak oinaze ikurra aginte trukean bereganatu arte,
Gurutzea ugazaben urrezko aginte makilak bihurtu arte.

Kristautasuna ofiziala zenetik,
hizkerak mantendu arren,
fedea lege bihurtuz, txiroak arrotz, gurutzea bitxi, martirien oinazeak garaipen iruditzat itxuraldatuz, eta kristoren isekazko koroa urrezko eginez.

Itxuraz kristau zen Europa,
ustez zibilizazio eredu,
baina morrontzek ez zioten holokaustoaz ohartzen utzi,
egoerak gaur uzten ez dion bezala Palestinaz txunditzen,
berandu adituko baita oraingoan ere eskandalu garrasia.

Kristauok judu izan gintezke,
ez balitz gertatu izango,
giltzapean zapaldu ohia giltzari zapaltzaile bilakatzea,
jipoitua, jipoile eta jazarle bihurtu izana,
eta sionismoa ez balio jainko herriari negarra xahutuko.

Juduak izango ginen kristauok,
gertatu izan ez balitz,
Palestina dela mende honetako egiazko lotsaren horma,
ghetoak ez balu orain Nablus edo Gaza benetako izentzat,
sionismoak ez baleuka borrero damutuaren irudi garratza.

Judu izango ginen europarrok,
baina islamiar egin gara,
Jainko berak ditu hiru izen, hiru igarle, hiru aurpegi,
Bibliako enbor bakarreko Yavhe, Ala eta Jaungoikoa,
Erroma, Meka edo Jerusalem hiri sakratuko hiru kimu.

Palestinarrak gara orain,
palestinarra baita negarra,
palestinarrak dirade geroaren malko saminak,
intifadako umeek harrika irabaziko dute oinazearen jabetza,
eta Israelek Gazan galdu dezake holokaustoan irabazia.

Judu, kristau eta islamiarra,
da euskaldunon sena,
Tuterako Ben-Jamin eta Ben-Yehuda-ren hitzak eta,
waskoien eta banu-qasitarren kutsadurak nahasita, lagunduko digute ortzi-mugako askatasunari begiratzean.

Haur palestinarra = haur judua Haur palestinarra = haur judua

Idazlea eta euskaltzaina