Harremanak pandemia garaian
Harremanak pandemia garaian –
Pandemia garaia ziurgabetasun garaia izaten ari da. Koronabirusak gure bizitzako alderdi guztiak batera eta egun batetik bestera nahastu ditu. Ondorioak gure osasun fisikoan, mentalean eta emozionalean igartzen dira.
Nekatuta gaude, batzutan etsituta egoerarekin, beste batzutan haserre, triste edo penaz gaindituta. Ia urtebete daramagu elkarri eutsi goiari! esaten, animoak behera ez egiteko. Egoera honetan lagunak babesleku bilakatzen dira. Marguerite Yourcenar idazleak adierazten duen moduan adiskidetasuna, batez ere, ziurtasuna delako, eta hori da bikote maitasunetik bereizten duena.
Baina garai hauetan lagunekin daukagun harremana erabat aldatu da. Batetik konfinamendu perimetralak udalerrietan eta bestetik, pertsonak gehienez ere lauko taldetan biltzeko muga ezartzea, bai erabilera publikoko espazioetan, bai erabilera pribatuko espazioetan, gure laguntasunaren esparruan aldaketa sakonak ekarri ditu. Horrela, gure ohiko bizikidetza-burbuilatik kanpo dauden pertsonen arteko bilkurak asko murriztu dira. Bikote harremanei eta odol familiari lehentasunezko lekua eman zaio; ama gaixorik badago bere etxean atenditu dezaket baina adiskide batek, hautatutako familiako kide batek, babesa behar badu zergaitik ezin diot laguntza berbera eskeini?
Omen, sistemaren egiturarekin zerikusia du guztia hau. Bizi dugun sistema neoliberal heteropratiarkalak zuzenean zeharkatzen gaitu eta harremanak izateko modua arautzen du. Brigite Vasallok honen inguruan idatzi du argitaratu duen bere azken liburuan, Pensamiento monógamo, terror poliamoroso (Pentsamendu monogamoa, polimaitasun terrorea), saiakeran. Bere ustez pentsamendu monogamoa harremanak hierarkizatzen dituen sistema piramidala da. Adibidea botatzen du azaltzeko:
Auto batean, ni gidatzen noa eta pertsona talde bat hartzen dut: nire bikotekidea eta lagunak. Jakina, nire bikotea aurrean eseriko da eta nire lagunek leku hori emango diote. Ez du zentzurik, baina ekintza erreflexu bat da, hierarkia bat erakusten duena.
Horregaitik derrigorrezkoa litzateke gogoeta egitea bikoteaz harago nola erlazionatzen garen, nola jarraitzen dugun bikotean zentratzen, nola desmuntatzen dugun hori eta zein diren desegiteko beharrezko baldintzak. Vasallorentzat, kapitalismoa ez da transakzio-sistema bat, lotura-sistema bat baizik, eta sistema monogamoa horren baitan sortzen da.
Filosofa katalanaren aburuz monogamia sistema baten legez ulertzeak, eremu kolektiboan eta politikoan kokatzen du egiten duguna eta gertatzen zaiguna. Maila sozial eta politikoan, bikotea gorenean jartzen dugu; bigarrenik, odol-harremanak jartzen ditugu, eta hirugarrenik, adiskidetasuna, eta horrela jaisten da lankideenganaino edo auzokoenganaino.
Erlazionatzeko moduan eta hierarkien kontu honetan atentzio jartzeak berebizikoa da. Vasalloren ustez, alternatiba legez saltzen den polimaitasuna gauza bera izan daiteke, harremanean inplikatutako pertsonen kopurua bakarrik aldatzen badugu. Gainera kontutan eduki behar dugu gorputzen eta harremanen kontsumoan oinarritutako polimaitasunaren ikuskera neoliberala. Berez monogamian ematen diren bazterketak ezin dira ekidin polimaitasunarekin. Bikote bakarra edo asko edukita ere, lagunak B plan gisa hartzea hierarkizazio maila berdinean kokatuta gaudela adierazten du. Azken finean, bikote harremana idealizatzeko joera dugu, garrantzitsuenetarikotzat jotzen dugulako baina bi harreman motek, adiskidetasuna eta bikotea, pertsonen ongizatea eta egonkortasuna bermatzen dutela frogatuta dago.
Hala izanik, gure egunerokotasunean, modu desberdin batean zaintzen ditugu bi harreman klase hauek. Adibidez gero eta ohikoagoa da bikote-terapia, konturatzen ari baikara ez garela maitasunean ikasita jaiotzen, baina zergatik jarraitzen dugu pentsatzen adiskidetasunean bai? Denbora eta espazioa modu zoriontsuan partekatzeko helburua duten bi pertsona desberdin izaten jarraitzen dugu eta horrek batzuetan ez elkar ulertzera garamatza. Bi lagunen arteko gatazka dagoenean, adiskidetasuna bera gatazka konpontzeko berme nahikoa dela pentsatzeko joera dago, eta hori gezur hutsa da. Gainera askotan tabu bilakatzen dugu lagunen arteko urruntzeak sortzen duen miña.
Adiskidetasun krisiak oso arruntak dira baina oso gutxi berba egiten dugu horien inguruan. Lagunek seme alabak dituztenean edo bikote berri batekin hasten direnean, adiskidetasun harremanetan parametro berriak sortzen dira eta askotan horrek, gaizki ulertzeak sortzen ditu eta ondorioz miña eta sufrimendua. Lagunekin liskartzeko edo haiengandik urruntzeko arrazoiek pertsonen arteko harremanei dagozkien arazoekin zerikusia izan ohi dute: Komunikatzeko zailtasunak, zapuztutako itxaropenak, adiskidetasuna ulertzeko modu desberdinak edo aisialdirako denbora partekatua, agian bata asebetetzen duena baina bestea ez. Harremanen hierarkizazioak ez du ekiditen lagunen arteko hausturek bikote-hausturaren arrasto bera uzten dutela.
Pandemiak lagun askotik urrundu gaitu. Ezin ikusi beste herrialde batean bizi direnak, ezin aurrera eraman lagunen arteko ospakizunak, ezin elkar besarkatu. Urtero elkar ikusteko egiten ditugun lagun topaketak ere, alde batera utzi behar izan ditugu. Baina koronabirusak ez du lagunekin dantzatzeko eta egoteko gogoak desagerrarazi.
Euskal Herriko herri kantutegian daukagun abestirik politenetarikoa adiskide bati eskeinita dago, lagun baten despedidan sortutako maitasun abesti hunkigarria, Xalbadorren heriotzean. Ez dezagun momentu hortararte itxaron lagunak zenbat maite ditugun jabetzeko eta harremanen hierarkizazioaren inguruko gogoeta lantzeko. Adiskideak adi bizitzeko kideak baitira.
BERRIA-rentzat egindako kolaborazioa