Hamar mila ama buila
ama buila
San Ferminetan kaleak mukuru, tabernak lepo, eta koadrila sakabanatzen. Ez da erraza Jarautako anabasan hamar lagun batera mantentzea, koordinazio maila handia eskatzen du; koordinazioa, lagun koadrila batek San Ferminetan soberan daukan bertutea, hain zuzen ere. Bati otu zaio mugitzen hastea, “beste batera”, telefonoaren jokoa hasi da, eta batzuk mugitu arren beste batzuk ez dira ohartu, eta mugitu direnak ez dira gogoratu. Hamar minutu berantago koadrilako bat galduta dago. Egun dei bat edo dozena erdi whatsapekin konpontzen da; duela hogei galbidea zen, hor konpon eta izorra hadi.
Duela hogei urte… Manifestazioa. Hasieratik antzematen zen gogorretakoa izanen zela, aste berean hildakoak zeuden bi aldeetatik eta ez zegoen tontakeriatako girorik. Koadrilarekin bertaratu ginen protestara, mugikorrik ez zegoenean, badaezpada kargatzen bazuten zita leku bat aldez aurretik adosten zenean. Noski, poliziak kargatu zuen, eta pilotakada, makilakada, ke eta oihuen artean, koadrila berriz ere sakabanatu da. Bakarrik geratu eta zitara azaltzerakoan, hiru lagun falta ziren. Bi, minutura agertu ziren; bat falta. Ez zen azaltzen. “Eta non ostia sartu da hau orain?”. Ardura, ezinegona, mutur beltzak. Ez zen jolas parke bat.
Jolas parke erraldoi bat zapaldu gabe neramatzan arras urte. Berriro ere haurra sentitzen hasi nintzen, goitibeheretan gora eta behera, gozokien gozoan, eztabaida hutsalen “ez eta bai da” hauts horretan galduta, gustura, arduragabe, axolagabe. Zoriontasunak ingurua irensten zuen, lurrazaletik gertu baina ukitu gabe, gandua balitz bezala, belaunen eta buruaren artean flotatzen. Baina orduan garrasi batek jolas parkea zeharkatu zuen, puntatik puntara; garrasi bakarra munduan, parerik gabea: ama baten oihua. Umea galdu du, umea galdu da, umea galdu zaio.
UNICEF erakundearen arabera milaka eta milaka ume etorri dira Europara gerratik edota gosetik ihesi. Inork ez omen daki non dauden 10.000, agian gehiago. Desagertu egin dira. Europolen arabera prostituzio sareek edota organo trafikatzaileek zerikusi handia izan dezakete.