Hamaika ikusteko, hogeita bost kontatzeko
Hamaika ikusteko, hogeita bost kontatzeko
- Erandioko etxebizitza batean (Bizkaia) 2015eko urriaren 3an bere bikotekidea hiltzeaz akusatutako gizonak onartu du emakumea hil zuela, baina esan du momentu horretan ez zela «kontziente» egiten zuenaz.
- Duela bost urte, Hernanin (Gipuzkoa), ahizpa hil zioten Paqui Romani (Hernani, 1960). «Bikotekide ohia zain izan zuen kalean gauez. Lehenengo, nire ahizparen alabari egin zion eraso, bizkarretik. Zaurituta utzi zuen, larri. Gero, nire ahizpa hil zuen».
- Indarkeria matxistari lotutako delituak egotzita, bederatzi gizon atxilotu ditu Foruzaingoak astebetean.
- Bestalde, 2015. urtean Osakidetzako osasun etxeetan hautemandako indarkeria matxista kasu kopuruen berri eman du. 761 izan ziren; 386 larrialdi zerbitzuetan nabaritu zituzten, eta 375 lehen arretako kontsultetan
- “Hau ez da emakumeon paranoia bat, ohepean krokodilo bat bizi dela uste duen umearena lez. Hau gertatu egiten da. Ala ez?” galdetzen zion bere buruari Miren Amurizak Berriako zutabean. Berria bertatik atera nituen atzo izenburu hauek guztiak.
Euskal Herriak bizi izan duen garai bat definitzeko “berunezko urteak” esamoldea darabilgu, baina ez zait otu oraino nola bataiatu dezakegun aro garaikidea: berde aroa? Twitter (euskaldunako) bataila? Erresistentzia 3.0? Edo 0.3? Edo 0.0?
Gatazka fronte ezberdinak bizi ditu jendarte batek. Okupazioaren aurkakoa jaitsi egin da, ez dago hori ukatzerik; eskubide zibil eta politikoen aldeko ez da bere urrezkoa aroa bizitzen ari. Azken aldian irabazi diren langile borroka bakarrak lantegi oso handietan irabazi dira, eta gutxi dira, oso gutxi. Galtzeko aukera guztiak dauzkagu, indar harremana hutsala da, nahi dutena egiten dute gurekin.
Euskaraz “hamaika” zenbakia “asko” esateko erabiltzearen arrazoia gure eskuetan dago; hamar hatz dauzkagu, eta beraz “hamaika” beti izan da gure eskuekin kontatu dezakeguna baino gehiago adierazteko modua. Kontatzeko, aldiz, hatzak eta behatzak erabiltzen ditugu euskaldunok, “hogei, ber-hogei, hiru-hogei, lau-hogei”.
Genero berdintasunaren aldeko eta patriarkatuaren aurkako borroka ikusgarritasuna eta zentralitatea irabazten ari da zenbait gunetan.”Arazoak 25″ kontzeptua entzun nion aurrekoak dislexikoa ez den lagun bati. Azaroaren 25ean ezin garelako hatz eta behatzekin gure inguruko bidegabekeriak kontatzera iritsi, hamaika direlako. Berunezko historia.