Gurs, camp des basque

Gurs, camp des basques ->

Amatiñok bere blogean.

Honela deritza frantziar administrazio publikoak, 1939an Espaniatik ihesi joandako errepublikarrak biltzeko, Biarnoko Gurs hirian eraikitako kontzentrazio-eremuari. Besteak beste, hasierako lehen ia 19.000 iheslarietatik heren bat baino gehiago euskaldunak zirelako (1) eta, gainera, Ospitalepetik (Zuberoa) bost kilometrora baino ez dagoelako Gurs, mugaz muga.
Gurs, camp des basque
Basterretxea eta Gernikako Arbola.

Pirinioetatik bueltan, 1970eko hamarkadaren amaieratik aurrera urteak neramatzan arren Biarnotik pasatzen, sekula ez zitzaidan Gursen geratzerik otu. Felipe Lizasori (2) entzun nion aurrenik hango berri eta 1985ean eraikitako memorialaren albotik sartu nintzen estreinako, errepidetik ehun metrora baino ez zegoen –eta dagoen– inguru hartan. Berrogei urte ziren ordurako kontzentrazio-eremua itxia zela eta, juduek 1963tik aurrera propio zaindu zuten hilerriaz aparte, ezer gutxi geratzen zen han, begi bistan, sasi artean.

Gero etorri ziren geroagokoak. Eusko Jaurlaritzak 2006an mamitu zuen omenaldia, Gernikako Arbolaren kimua landatuz eta Nestor Basterretxearen eskultura jarriz. 2017an, berriz, Nafarroako Gobernuak oroitarria ezarri zuen Uxue Barkos presidente zelarik, Iñigo Urkullu EAEren lehendakaria eta Alain Rousset Akitania Berriko presidentea lagun.

.

Gurs, camp des basque
Nafarren omenez.

Bisitarik merezi duen ingurumaria da. Eremuan zeharreko argibideak frantsesez, espainieraz eta alemanez daude, eta memorial barruko aterpean bada aspalditxo pantaila vintage bat, bizpahiru teklaz -eta pazientziaz- hainbat informazio eskaintzen duena. Juduen (3) eta deportatuen hilerria, berriz, sakon-sakoneko zuhaitz artean dago, tope egin arte ez itzuli.

Dena dela, garai batean ez bezala, gaur egun sarean bada nahi besteko informaziorik. Baina han-hemenka bildutako guztia, ugari izaki ere, ez da bertatik bertara ikusi ahal izateari darion ikuspegi zirraratsuaren bestekoa.

Denboraz hartu. Eguna luzatzen eta epeltzen denean joatea hobe.

.

1) Euskalerritarrez osatutako taldea handiena –eta jaioterritik hurbilena— zenez gero, ontxoen moldatu zirenetakoa izan omen zen. Orkestra eta abesbatza antolatzeko gauza izan ziren, eta “bero jaten zuten bakarrak”. Iñaki Azpiazu kapelauak egiten zuen Eusko Jaurlaritzarekiko zubigintza eta barruko taldeburua Celestino Uriarte komunista izan zen.

2)  Felipe Lizaso Zeruko Argia astekarian lankide ezagutu nuen lehenik, eta Deia egunkariaren Hitz Gurutzatuen egile gero. Gizonezko alai eta atsegina, beti laguntzeko gertu.  Itxarkundiaga bataloiaren komandante  izana,  besteak beste Koldo Mitxelena izan zuen tenienteetakoa. Biak errenteriarrak, Santoñan hartu zituzten preso 1937an, heriotza-zigorra ezarri zieten eta elkarrekin egon ziren Larrinagako zein Burgosko espetxeetan, 1943 arte. 

3) 1940-1943  urteetan, guztira egon ziren Gursen 6.538 judu, zeinetatik 3.907 Aushwitza bidali zituzten. 

Gurs, camp des basque
Gurs, 2017. Iñigo Urkullu, juduen hilerrian barrena.

Gurs, camp des basque

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude