Greziako brigadaren kronikak

Greziako brigadaren kronikak –

Etsipenaren aurkako borroka (I)

.

Kokiniá, auzo gorria

Igande goizaldean iritsi ginen Atenasera, eta KOEko kide batek bere etxean hartu gintuen. Atseden hartu eta gero, Kokiniá auzora joan ginen. Kokiniá langile auzo bat da. 20. hamarkadan Turkiako kostaldetik kanporatutak izan ziren greziarrek sorturiko auzoa da. Atenaseko kanpoaldean dago, eta garai horretan ez zegoen inongo egiturarik; hortaz, bizi-baldintzak txarrak ziren eta elkarren arteko laguntzan oinarrituta aurrera egitea lortu zuten; horrexegatik, komunitate handiko auzoa da. Bertan, KOEren gune sozial batera eraman gintuzten, eta hango jendearekin, Euskal Herriko eta Greziako borroka-esperientziak trukatu genituen. Ondoren, ibilaldi historikoa egin genuen. Azaldu zigutenez,  II. Mundu Gerran naziek Grezia okupatu zuten. Kokinián ordea, erresistentzia indartsuarekin egin zuten topo. 1944ko martxoan naziak auzoa bereganatzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten auzoko gerrilla garaitu. Zoritxarrez, abuztuan, ospakizun egun baten biharamunean denak lo zeudela baliatuz naziak auzoaz jabetu ziren. Ehunka pertsona fusilatu zituzten, gerrillakoak eta senideak izateagatik. Memoria ezabatu nahian, hori gertatu zen plazan eliza ortodoxo bat eta bestelako erakinak egin zituzten baina, aldaketak aldaketa, erresistentzia-sinbolo da oraindik.

.

Exarchia

Arratsaldean, Exarchia ingurura joan ginen. Han dago unibertsitate politeknikoa. 1973ko azaroan, yankiek sostengatutako diktadura militarraren azken garaian, ikasleek hiru egunez okupatu zuten, eta, azkenean, tankeek atea bota eta militarki esku hartu zuten. Ordutik, manifestazio jendetsuak antolatzen dira urtero, unibetsitatetik Estatu Batuetako enbaxadara, gertakari horiek gogoratzeko.

Greziako brigadaren kronikak

Exarchia oso ospetsua da, batez ere joera libertarioko hainbat borroka eta ekimenen gertaleku delako, baina bestelako prozesuak ere gertatzen ari dira. Alde batetik, arazo handia dago drogarekin, eta bertako mugimenduen arteko istilu-iturri izaten ari da horren aurrean hartu beharreko jarrera. Bestetik, munduko beste hainbat hiri handitako auzoetan gertatzen ari den moduan, gentrifikazio-prozesu bat ari da gertatzen: alokairuen prezioa igotzen ari da, auzoa taberna eta kafe modernoz betetzen, polizia berriro sartzen hasi da…

.

Menderakuntza baten historia

Greziako brigadaren kronikakHurrengo egunean, astelehenean, KOEko kideek beren bulego nagusietara eraman gintuzten. Han editatzen dute “Ezkerraren Bidea” astekaria. Argitalpen horretan, KOEko kideek eta bestelakoek hartzen dute parte. Oro har, prentsa idatzia gainbeheran dago, eta hori, nolabait, greziarren etsipenaren isla moduan uler daiteke; dena den, ezkerreko alderdi eta talde guztiek dute ohitura beren egunkari eta aldizkariak argitaratzeko, beren ideiak zabaltzeko asmoz.

Jarraian, militante historiko batzuekin elkartu, eta Grezia modernoaren historia azaldu ziguten. Bereziki nabarmentzekoa da Grezia beti egon dela, bere historia modernoan behintzat, garaian garaiko indar inperialisten menpe. Kokapen geopolitiko estrategikoa duenez, interes handia izan dute haren jabe egiten, era batera edo bestera: Otomandar Inperioa, naziak, britainiarrak, yankiek sostengatutako diktadura… Eta, gaur egun ere, bestelako menpekotasun-egoera bat du: azken urteetan aplikatu diren erreskateen (memorandumak) eta ondoriozko neurrien bidez, estatu, multinazional eta banketxe boteretsuak Greziako azpiegitura estrategikoez jabetu dira, eta, gainera, esku-hartze zuzena dute parlamentuan eta gainerako erakundeetan hartzen diren erabakietan. Greziaren burujabetza hutsaren hurrengoa da. Are gehiago, arriskua dago Greziako estatua eta bere lurraldetasuna bera desegiteko, aipatu ditugun interes horiek eta Turkiako politika espantsionista dela medio.

.

Galatsi: harreman sozialak eraldatzen

 Arratsaldean, Galatsi auzora abiatu ginen. Auzo hori klase ertain-baxuko jendeak osatzen zuen; ordea, krisiaren eraginez, bizi-maila nabarmen okertu da, Grezia osoan bezala (biztanleriaren % 50 pobrezian dago eta %33, pobrezia-atalasearen azpitik). Auzo honetan, estrategia integral bat abiatu du mugimendu antolatuak. Oraingoz, hiru ildo nagusi ditu: lehena auzo osoaren topagune bilakatu nahi duten gune politiko-soziala, elkarren arteko harremanak sustatzeko eta auzo problematikak identifikatzeko; bigarrena proposamen munizipalista bat da, eta auzoa eraldatzeko plan integral bat aurkeztu dute. Hirugarrena kontsumo-kooperatiba da.

Kooperatiba horrek bi helburu nagusi ditu: egoera okerrenean daudenen premiazko beharrei erantzutea eta auzotarren arteko harreman sozialak eraldatzea. Izan ere, aipatu dugun bezala, pobrezia asko zabaldu da auzo horretan, eta jende askok zailtasunak ditu elikagaiak eskuratzeko. Harremanei dagokienez, kapitalismoaren eta azken urteetako krisiak sortutako gabezia larrien eraginez, jendea deshumanizatu egin da nolabait: etsipena da nagusi, nork bere burua salbatzea beste aukerarik ez du ikusten, joera indibidualistak eta etsaitasuna zabaldu dira, eta proposamen horren bidez, kolektibotasunean oinarritutako harremanak bultzatu nahi dituzte, egoera irauliko duten borrokak martxan jartzeko asmoz.

Funtzionamenduari dagokionez, bi lerro ditu: bata, kontsumoarekin lotuta dago. Denda txiki bat dute, eta kalitate handiko produktuak eta ahal den neurrian Grezian ekoitziak prezio baxuetan saltzen dituzte. Denetarik saltzen dute, oinarri-oinarrizko elikagaiekin hasi ziren, baina, gerora, bestelako produktuak ere eskaintzen hasi dira. Horrek aukera ematen die, alde batetik, ateratako etekinen bidez oinarrizko produktuak merkeago jartzeko, eta, bestetik, gazteak erakartzeko. Esaten dutenez, ez dira guztiz ateratzen merkatuaren logikatik, baina baliagarri zaie jendea erakartzeko. Bigarren lerroa klase elkartasuna da, berdinen arteko elkar-laguntza. Kooperatibatik ateratzen dituzten etekin guztiak bi langileren soldata duinak, lokalaren gastuak ordaintzeko eta behar handiena dutenei elikagaiak emateko erabiltzen dituzte. Nahiz eta bi pertsona dituzten soldatapean, auzolanean ateratzen da aurrera: 50-100 bat pertsonak parte hartzen dute proiektuan.

Ikusi dugunaren arabera, herri mugimendua asko apaldu da azken urteotan, etsipena da nagusi, baina badaude etsipen hori indar iraultzaile bihurtzeko lanean ari diren mugimenduak. Datozen egunetan, Kretan, horrelako beste batzuk ezagutuko ditugu, bestelako testuinguru batean, eta Euskal Herriaren berri emango dugu. Adi ibili!

Greziako brigadaren kronikak

.

Kreta ezagutzen (II)

Astelehenean, uztailaren 2an, Kreta uhartera iritsi ginen, Greziako uharterik handienera. KOEko kideek harrera egin ziguten, Heraklion, eta ingurua ezagutzera joan ginen. Iluntzean, Tabya zentro sozialean, solasaldi bat antolatu ziguten. Euskal Herriko borrokaren historia eta gaur egungo egoera azaldu genuen, eta, ondoren, eztabaidarako tartea hartu genuen. Ikusi genuen interes handia dutela, denetarik galdetu baitzuten.

Hurrengo egunean, Chochilos elikadura arloko kooperatibako eta Be.Collective eragile komunaleko kide batek proiektu horiek azaldu zizkigun. Lehena tokiko produktuak saltzen dituen denda kooperatibo bat da, eta bigarrena lehen sektoreko produkzioan aritzen den taldea.

.

Tiganitis kirol kluba: kirolaren bidez komunitatea eraikitzen

Tiganitis Heraklioneko kirol klub bat da. 2015ean sortu zuten batez ere mugimendu anarkistatik zetozen hainbat lagunek. Haien helburu nagusiak futbol modernoari aurre egitea, komunitatea eraikitzea eta futbolak jendea mugiarazteko duen ahalmena baliatzea da. Oinarri nagusitzat antifaxismoa, antiarrazismoa eta antisexismoa dituzte.

Haien arabera, sistema kapitalistan, etekin ekonomikoa ateratzeko balio duten kirolak baizik ez dira bultzatzen, eta garrantzitsua da kirola merkatutik atera eta dituen eragin positiboak zabaltzea: komunitatea eraikitzea, osasuna, harremanak egitea…

Hasieran, nahiko talde itxia omen zen, baina, hainbat eztabaidaren ondoren, erabaki zuten irekiagoak izan nahi zutela, eta haiekin guztiz bat egiten ez zuen jendea sartzeko apustua egin zuten, betiere hiru baldintza betetzen bazituzten: antolakuntza autokudeatuarekin bat egitea, futbol modernoaren eta kirolaren merkantilizazioaren eta sexismoaren, arrazismoaren eta faxismoaren kontra egotea.

Garrantzia ematen diote guztiz ados egon gabe ere jendea elkartzeari, horrek aberastu egiten baititu eta, lan handiagoa ematen badu ere, merezi duela uste dute, mugimendua ez dadin sektario bihurtu, eta pixkanaka jendarteko esparru zabalago bat eraldatzeko.

Klubaren funtzionamenduari dagokionez, hainbat talde dituzte. Futbolarekin hasi baziren ere, saskibaloiko taldeak ere badituzte. Gaztetxoentzako taldeak sortu dituzte, garrantzitsua iruditzen zaielako kirolak, batez ere adin horretan, dituen eragin positiboak hedatzea. Besteak beste, Greziako langileen futbol-txapelketan parte hartzen dute. Ikusi zuten gizonek baizik ez zutela jokatzen, indarkeria handia eta jarrera desegokiak zeudela, eta talde misto bat osatu  zuten txapelketa horretako joerak aldatzen saiatzeko. Horri esker, txapelketan beste emakume batzuek parte hartzea ere lortu zuten.

Beste gatazka batzuen artean, beraz, sexismoari erreparatzea erabaki zuten. Urtero lantzeko gai bat aukeratzen dutenez, iazkoa hori izan zen. Urte osoan, talde bat biltzen aritu zen, emakumezkoen taldeak zituzten Kretako futbol-talde guztiekin hitz egin zuten, jokalariekin, entrenatzaileekin… Gainera, feminismoen klasikoak irakurri zituzten. Ikasturte bukaeran, 30 bat orriko hausnarketa bat idatzi eta klubaren jaialdian eta Kretako beste hainbat lekutan zabaldu zuten.

Azken batean, kirola politizatu nahi dute, komunitatea eraiki eta arlo horretan nagusi diren jarrerak aldatu, sexismoaren, faxismoaren eta arrazismoaren kontrako borroka indartzearekin batera.

.

NATOren Xaniáko basea

Xaniá hiriko arazo nagusietako bat turistifikazioa eta haren ondorioak badira ere, NATOren base garrantzitsuenetako bat dago han, eta, beraz, NEKA plataforma antimilitarista eta antiinperialistako kide batekin elkartu ginen, base hori zertan den eta nazioartean, Grezian eta tokian bertan dituen ondorioen berri izateko.

Batez ere, kokapen geopolitikoagatik jotzen dute estrategikotzat hiri hori. Besteak beste, base horren zeregina gerran dabiltzan militarrak hornitzea da. Horrez gain, zerbitzu berezi bat ere martxan jarri da: Mediterranoa zaintzen dute, errefuxiatuak kontrolatzeko, piratak geldiarazteko eta multinazionalen ontziak babesteko. Azken batean, botere inperialista nagusien interesak defendatzeko itsasoko kontrola da.

Greziako brigadaren kronikak

Gerran ibilitako militarrek atseden hartzeko ere erabiltzen da, eta horrek arazo ugari dakartza hirira: alkoholaz abusatzen dute, gehiegikeriaz aritzen dira, emakumeei etengabe eraso egiten diete… Gainera, Greziako Gobernuarekin egindako akordio bati esker, ezin dira Grezian epaitu, Estatu Batuetan baizik, eta, ondorioz, inpunitate osoa dute.

Dena dela, badaude NATOren base horren aldeko ahotsak. Besteak beste, Turkiaren joera espantsionistatik babesten omen dituztelako eta irlan dirua uzten dutelako. Halere, diru hori ez da herritarren poltsikoetara iristen, turismoaren sektorean aritzen diren kate transnazionalen eta tokiko enpresarien poltsikoetara baizik. Beraz, garai batean oposizio indartsua izanagatik ere, gaur egun normalizatu egin da; gerra-garaietan izan du oihartzunik handiena, NATOren ardura ikusgarriago egin ahala kontrako erreakzioa ere indartzen baita.

Grezian beste arlo askotan ikusten den moduan, borroka honetan ere etsipena da nagusi: asko kontra egonik ere, ez dute uste ezer egin daitekeenik, eta horren erantzule, neurri handi batean, alderdi politikoak (batez ere ezkertiarrak) omen dira, kontrako diskurtsoa zabaldu arren, finean basea babesten dutelako. Hain zuzen ere, aipagarria da azken urteotakoa izan dela Greziaren eta AEBen arteko harremanen arteko garairik oparoena.

.

KETHEA Mosaic: terapia kolektiboa

Kretatik Tesalonikara bidean, Atenasen geldialditxo bat egin genuen, KETHEA menpekotasunak dituztenentzako terapia zentroko langileen sindikatuko kideekin hitz egiteko. KETHEA Mosaic zentro horrek herrialde osoan dituen lokaletako bat da, eta, batez ere, etorkinekin eta errefuxiatuekin egiten du lan, beste herrialde batzuetako jatorria duen jende asko bizi den auzo batean dagoelako.

Haien apustua terapia-komunitateak dira. Uste dute menpekotasunen kontrako lanean, komunitatea giltzarri dela, eta horri jartzen diote arreta. 80. hamarkada hasieran hasi ziren lan horrekin, eta oraindik ere jarraitzen dute.

Grezian era kolektiboan bizitzeko kultura errotuta dagoenez, hori bultzatu nahi izan zuten. Drogei ordezkoak jarri beharrean (metadona edo bestelako botikak), terapia kolektiboa da tresna, nahiz eta buruko gaixotasunak dituztenekin botikak erabiltzen dituzten. Beraz, nolabait esateko, erdigunea ez da terapia bera, komunitatea baizik. Horretarako, auzoan, senideekin eta abar ere lan egiten dute.

90. hamarkadatik aurrera, terapiatik bizirik irautearen politikara aldatzeko joera nagusitzen hasi zen, arreta pertsonengan jartzetik, gorputzean jartzera, eta paradigma aldaketa bat ekarri zuen, menpekoek zerbitzuak eskura izateko eskubidea aldeztea bihurtu baitzen garrantzitsuen, eta ez komunitatea, joera neoliberalekin bat etorriz.

Haiek beren lanarekin jarraitzen badute ere, joera hori mundu osoan nagusitzen ari dela ikusten dute, kapitalismoaren azken urteetako ofentsibarekin batera: kolektibotasunaren eta komunitatearen kontrakoa eta norbanakoen erabakitzeko aukeren aldekoa. Lehen, menpekotasunak gaixotasun sozialak ziren, eta gero, berriz, gaixotasun mentalak.

Azken batean, eredu psikosoziala defendatzen dute biologizistaren aldean, eskubide kolektiboak norbanakoen eskubideen aldean eta komunitatea atomizazioaren aldean.

Atenasen geldialditxoa egin ondoren, Tesalonikara abiatu ginen, iparralderantz.

.

Tesalonika eta inguruetako borrokak (III)

Kretatik ferrya hartu eta Atenasen geldialditxoa egin ondoren, Tesalonikara iritsi ginen. Tesalonika Greziaren iparraldean dagoen hiri handi bat da, Greziako handienetan bigarrena. Han ere, KOEko kideek harrera egin ziguten, eta solasaldi bat izan genuen, batez ere Euskal Herriko azken berriei buruzkoa.

Tesalonika ingurua oso industrializatuta zegoen garai batean: langile-klase indartsua zuen, borrokalaria. Dena dela, 90. hamarkadatik aurrera, desindustrializatzen hasi zen, eta tokiko ekonomia berehala aldatu zen. Batez ere gazteetan, langabezia asko handitu zen. Unibertsitateko ikasketak izanda ere, lanik ezin aurkitu eta kanpora joaten hasi ziren. Horrekin batera, klase burgesak eta agintariek turistifikazioa bultzatu zuten. Etxebizitza turistikoen eraginez, errentak asko garestitu ziren, eta, batez ere gazteek, erdigunetik alde egin behar izan dute azken urteetan. Aldi berean, bizi-kalitatea okertuz joan da, zerbitzu publikoen kalitatea okertu da…

Tesalonikaren beste arazo handi bat garraio publikoa da. Oso hiri handia da, eta autobus-zerbitzua oso kaskarra da. Horrez gain, ingurumena ere kezkagarria da biztanleentzat. Ez du ia berdegunerik, zuhaitzik eta belarrik, eta, aipatu dugun moduan, garraio publikoa oso txarra denez, jende gehienak autoa erabiltzen du.

Beraz, beste hiri askotako arazo antzekoak ditugu hemen: agintariak turistak erakarri nahian eta biztanleak ezin bizi. Halere, badu hiri honek beste ezaugarri bat. Kokagune estrategikoan dago, Balkanetan. Ondorioz, inperialismoari lotutako gatazkak ere izaten dituzte.

.

Uraren pribatizazioaren kontra

Hurrengo goizean, ura kudeatzen duen enpresa publikoko sindikatuarekin elkartu ginen. 2008an uraren kudeaketa pribatizatzen saiatu zirenetik, borrokan ari dira uraren kudeaketa publikoaren defentsan.

Greziako brigadaren kronikakOraindik ere, arriskua dago kudeaketa hori guztiz pribatizatzeko, baina, esan zigutenez, horren kontra sortu zen herri mugimenduari esker ez dute dena pribatizatu, bestela egingo zuketen.

Hasieran gutxi batzuk hasi ziren, baina, pixkanaka, jendea elkartuz joan zen, eta mugimendu indartsua sortu zen. Gainera, eskura zituzten tresna guztiak erabili zituzten borrokarako: mobilizazioak, nazioarteko mugimenduekin saretzea, sinadura-bilketak, erreferendumak, udalbatzara joatea, Syrizako bulegoetako ura moztea… Lorpen handitzat dute, adibidez, erreferendumean Tesalonikako herritarren % 51k bozkatu zuela, eta % 98,3 kontra zeudela.

Ur-kudeaketaren pribatizazio saiakera hau pribatizazio orokor baten testuinguruan ulertu behar dugu: hamaika enpresa publiko pribatizatuz joan dira pixkanaka, memorandumez memorandum, eta, gainera, multinazionalen esku geratu dira. Pinocheten garaiaren atzetik, Grezian izan da kanpoko kapitalaren esku-hartzerik handiena enpresa publikoetan. Pribatizazio horren ondorioz, uraren kasuan esaterako, kontsumo prezioa igo egiten da, eta kalitatea jaitsi.

Sindikatu honek eskubidetzat dauka ura, eta, beraz, beharrezko ur kopurua dohain izatearen alde borrokatzen da. Multinazionalen esku geratuz gero, baina, etekin ekonomikoa lortzea da lehentasuna.

Horrelako borroka indartsua izanagatik, gaur egun nahiko itzalita dago. Beste kroniketan ere azaldu dugun moduan, etsipena nagusi da. Jendeak uste du ezin direla gauzak aldatu, ikusitakoak ikusi ondoren, baina sindikatukoek borrokan jarraitu nahi dute, ez baitute beste aukerarik ikusten.

.

Meatzeen gatazka

Arratsaldean, Kaltzidika (grezieraz, Chalcidic?) eskualdera joan ginen, ekialdera. Eskualde horretan, ohiko jarduera izan da meatzaritza antzinatik. Dena dela, PASOKek (alderdi sozialdemokrata) egindako lege bati esker, Kanadako enpresa bati, El Dorado Miningi, saldu zizkioten meatzeak, 11,5 milioi euroren truke. Zer zetorkien ikusi zutenean, komunitateak borrokan hasi ziren, batez ere zuhaitzak botatzen hasi zirenean.

Mea ateratzea baino okerragoa da horren inguruan eraiki nahi duten industria: flash-melting delako teknika erabiltzen dute, eta izugarri kutsakorra da. Beraz, arazo nagusiak deforestazioa eta itsasoak, ibaiak, errekak eta ur azpiko urak kutsatzea dira, baina badago beste bat ere: enpresek ez dute inolako eskubiderik ordaintzen ustiaketagatik.

2011 eta 2013. urteen artean egon zen ustiapen basati horren kontrako borroka indartsuen: gerra txiki moduko bat izan zen. Mobilizazioak, sabotajeak, istiluak… Horren ondorioz, 400 pertsona baino gehiago auzipetu dituzte, eta 100 pertsona daude epaiketaren zain.

Egun, ordea, borrokari bizirik eustea eta informazioa zabaltzea dute erronkarik handiena. 2013tik aurrera, ez dute itxaropenik, epaiketek ito egin dituzte, eta etorkizuna beltz ikusten dute.

Dena dela, uste dute dena okertuz joan ahala eta kalte guztiak azaleratu ahala jendeak zerbait egiteko beharra sentituko duela. Bitartean, herriak husten ari dira.

.

Viome: lantegiak langileentzat

Viome Tesalonika kanpoaldean dagoen fabrika okupatu bat da. 2011n, lantegi horren jabe zen enpresak porrot egin eta enpresa abandonatu zuten. Langileek alde ez egitea erabaki zuten, eta tokia eta materiala zaintzen hasi ziren. Inguruko jendeari elkartasun-deia egin, eta Viomeren elkartasun-sarea sortu zen. Langileen sindikatuko % 77k jarraitzea erabaki zuten, eta, hala, 2013an, kooperatiba bat sortu zuten.

Lehenago, eraikuntza-materiala ekoizten zuten, baina ekoizpena aldatzea erabaki zuten: garbigarriak ekoiztuko zituzten. Hainbat arrazoi zirela-eta erabaki zuten hori. Alde batetik, eraikuntzaren sektorea krisian zegoen, eraikuntza-materialak egiteko lehengaiak oso garestiak ziren eta ekoizpen ekologikoa egin nahi zuten. Bestetik, salmenta zuzena egin nahi zuten, jendearekin errazago konektatzeko.

Kooperatiban 22 kide daude, eta 12-13 langile aritzen dira egunero. Martxan badago ere, zenbait arazo dituzte. Lehenik, lege-arazoak: estatuak pabiloi guztiak saldu nahi ditu, baina, oraingoz, ez du inbertsorerik aurkitzen. Bigarrenik, produktuen banaketa. Zabaltzen saiatzen badira ere, zaila egiten omen zaie saltzea, eta ekoizpenaren erdia baino gehiago Frantzian eta Alemanian saldu beharra dute. Azkenik, produktuak merke edukitzea, denentzat eskuragarri izan daitezen.

Greziako brigadaren kronikak

Grezian fabrika okupatu bakarra bada ere, mundu osoko fabrika okupatuekin batera lan egiten dute, eta tarteka topaketak antolatzen dituzte. Grezian ere, beste kooperatiba batzuekin batera aritzen dira lanean, eta mota guztietako jardunaldi eta azoketara joateko apustua egiten dute, kooperatiben mugimendua erradikalizatzen saiatzeko. Hain zuzen ere, kooperatibek tradizio handia dute Grezian, baina, batzuetan, susmoa ere pizten dute, zenbaitetan hartu duten bideagatik.

Funtzionamenduari dagokionez, egunero asanblada bat egiten dute lanak banatzeko, eta zereginak txandakatzen saiatzen dira, nahiz eta ez duten beti lortzen. Langileen klinika bat ere badute, aurreko lan-gatazkaren ondorioz langile batzuek ez dutenez gizarte-segurantzarik, guztien osasuna zaintzeko asmoz.

Nola lortu du fabrika okupatu honek zazpi urtez funtzionatzea? Langileen erabakitasunagatik, izan duten babesagatik —bai solidarioena eta bai familiena— eta ahal izan duten saltsa guztietan sartu direlako, beste borroketan inplikatu direlako; izan ere, bakarrik ezer gutxi lor dezaketela uste dute.

.

Amaiera

Nola sartu orri gutxi batzuetan 10 egunetan  ezagututako guztia? Saiatu gara egun hauetan ikusitakoaren, ikasitakoaren berri ematen, labur bada ere. Gauza asko utzi ditugu tartean, eta joango gara hemendik aurrera beste formatu batzuetan azaltzen, eztabaidatzen.

Greziako hauteskundeak ere tartean izan dira, eta harrituko zen baten bat hain aipamen gutxi ikusita. Guk jaso dugunagatik behintzat, inoizko hauteskunderik hutsalenak izan dira hauek: emaitza nagusiak jakinak ziren aurretik, eta ondoren gertatuko dena ere aurreikus daiteke. Beraz, tokia herri mugimenduei eman diegu, bai baitirudi etsipenaren borroka inork irabaziko badu, haiek izango direla.

Greziako brigadaren kronikak Greziako brigadaren kronikak Greziako brigadaren kronikak Greziako brigadaren kronikak Greziako brigadaren kronikak Greziako brigadaren kronikak Greziako brigadaren kronikak Greziako brigadaren kronikak