Grabatzeagatik, kartzelara. Iker absolució!

Grabatzeagatik, kartzelara bidali nahi dute Iker Oiz iruñearra. Bartzelonako Can Vies zentro okupatura iritsiko naiz lapikoa zertxobait irabiatu ondoren.

Grabatzeagatik, kartzelara. IKER ABSOLUCIÓ!Estatu Batuak eta bere kuadrilla Irak askatzera joan ziren, terrorismoari ezkutuan babesa eman eta arma oso arriskutsuak zeuzkatelako. Bushek hegazkin-ontzi batetik oihukatu zigun, txalo artean, gerra amaitu zela; eta aldi berean, albistegiak ohikoa zena baina odol gehiagoz zipriztintzen hasi ziren.

Oroitzen naiz hasieran sofan izoztuta geratzen nintzela. Egun batean 40 hildako Bagdaden, hurrengoan 67 Basoran, 23 Tikriten… Egun batean bai, eta hurrengoan ere bai. Batzuetan, eguerdiko eta gaueko albistegietan bi sarraski ezberdinen berri ematen zuten. Hasieran sufrimendu uholde berri hark gailentzen ninduen; berria nire adineko norbaitentzat, orduan heldu bainintzen nerabezarora. Vietnam, Afganistan (I, II eta III), Balkanak edota Ruanda izango dira esanguratsuenak ni baino apur bat zaharragoak direnentzat; Siria ni baino gazteagoentzako den gisan. Baina iruditzen zait munduko tragedien dimentsioa barneratzeak daramala pertsona bidegurutzean kokatzera. Bere existentzia enpatiaz edo apatiaz eraikitzera. Severo di Giovanni anarkistak zioen bezala, “begetatzera edo bizitzera”.

Kontua da hasieran hunkitzen ninduten irudi horiek, denborarekin, ez zirela hain hunkigarriak. Iraken egunero hildakoak egotea ohikoa bihurtu zen, eta kito. Orain, afaltzen ari naizen bitartean 60 hildako egon direla entzun dezaket zirkinik egin gabe. Ez dakit non daukadan jada asaldatzeko muga, baina tamalez, dezente gorago; eta hori oso arriskutsua da.

Tragedia normalizatzen bada, akabo. Akabo norbanakoa, eta akabo kolektiboa. Norbanakoak ez badauka bere ezkutu politikoa irmo eutsita, ostrukarena egiten pasa dezake bizitza osoa; eta horrelako norbanako askorekin, kolektiboa izorratuta dago.

Ikerren kasuari hobe heltzeko beste bat aipatu nahi nuke: Egoi Irisarri.

Askotan entzun izan dugu: “Euskal Herria independentea den egunean gure museo nazionalean…” Ez dakit egun horren zain egon behar garen museo hori eraiki eta janzten hasteko, baina egiten den egunean, Egoiren kasuak (ere) apal bat merezi du. Kasu hau burujabetzaren alde diharduen gazteriaren aurkako jazarpenaren espresio gordinenetakoa iruditzen zait. Gazte bat lan politikoa egiteagatik atxilotzen dute. Tragedia. Gazte hori torturatu egiten dute, eta ospitalera bidali jasandako tratuarengatik. Tragedia. Gazte hori espetxeratu egiten dute. Tragedia. Sakabanaketa ezarri eta bere familia eta lagunak kilometro pila bat egitera behartzen dituzte, errepidearen arriskua tarteko. Tragedia. Atera eta epaiketa egin ondoren, absolbitu egiten dute, arestian aipatutako prozesu osoa judizialki hutsala zela agerian utziz. Tragedia. Azkenik, kizkurra kizkurtze aldera, inkomunikazio aldian presente egon zen polizia batekin kalean gurutzatu eta “torturatzailea” deitu zion; orain, 2320€-ko isuna ordaindu beharko dio polizia horri. Tragikomedia?

Inguruan jendea ez dut bereziki asaldatuta nabaritu. Tragedia normalizatu dugu, barneratu. Hamarkadetan ikusi dugun guztia aintzat hartuta, hau beste atal txiki bat besterik ez zaigu iruditu; eta tamalez, horrela da. Baina berriro gerta ez dadin testuinguru jakin bat eraiki behar da. Beharrezkoa da, adibidez, Iker espetxera sar ez dezaten.

.

Iker Oizen kasua

Iker Oiz Iturramakoa da, eta duela hamar urte Bartzelonara joan zen bizitzera. Direkta eta LaTele.cat hedabideentzako hainbat eduki sortu izan ditu; beti aritu da bere kontura lanean, informatzen. Generalitatak eta Bartzelonako udaletxeak Can Vies gune autogestionatuaren aurkako kanpaina abiarazi eta berehala, Iker prozesu osoa dokumentatzen hasi zen. Zentroak esanahi eta erabilgarritasun handia zeuzkan herri mugimenduarentzat. Hamazazpi urte zeramatzan funtzionamenduan, eta mila borroken bilgune eta akuilu izan zen. 2014ko maiatzean, kaleratzea gertatu zen, eta jendetza bildu berau salatzeko, hainbat egunetan zehar; tartean Iker zegoen, guztia grabatzen. Handik bi hilabetera poliziak atxilotu zuen. Berehala askatu zuten, baina prozedura judizialak aurrera egin, eta aurtengo irailean zehaztu dute akusazioa: desordena publikoa eta autoritatearen aurkako atentatua. Hori da leporatzen diotena, eta hau gertatu zena:

Fiskalak 5 urte eta 6 hilabeteko espetxea eskatzen du Ikerrentzat; Generalitatak, akusazio partikularrak, 3 urte eta 8 hilabete. Arrazoia garbi dago: informazio librea eta disidentzia politikoa zapaltzea. Atzo ospatu zen epaiketa; urtarrilaren 22ra atzeratu dute, epaitegiak ez ziolako Generalitatari epaiketaren notifikazioa bidali. Tope.

Egunkariak eta hedabide ezberdinak itxi dizkigute, baita kazetariak torturatu eta espetxeratu ere. Baina ez dezagun tragedia barneratu.

Espainiar justizia Inkisizioarekin alderatzen dugu askotan, eta ez gara konparazioaren hutsalkerian trabatu behar. Ados, ez diote inori su ematen plaza batean, baina ez zait iruditzen estiloa hain ezberdina denik. Torturaren erabilera politikoaz asko idatzi da. Ikerren kasua zigor publiko baten modukoa iruditzen zait, eredu bilakatu nahi duten zerbait. Plaza erdian denon aurrean eskainitako jipoi bat. Uler dezagun ez zaigula debalde aterako inguruan ikusten dugunaz informatzea, hiperkomunikazioa eta sare sozialen garaian; barneratu dezagun ez dela dohainik kaleratzeak oztopatzea, kaleratzeak biderkatu diren aroan. Mozal legea iritsi da, eta garbi dio: polizia ezin da grabatu; hots, ezin da grabatu eta behatu indarkeriaren monopolioa daukana, gu grabatu eta behatzen gaituena.

Egoiri gertatu zaionarekin denok galdu dugu zerbait. Iker espetxera badoa, ez da bera izango askatasuna galduko duen bakarra.

ABSOLUCIÓ IKER

#acusatxinformar

Grabatzeagatik, kartzelara. IKER ABSOLUCIÓ!

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.