Gosea edo burujabetza

Gosea edo burujabetza –

Historia azeleratzen ari zaigun azken hilabete horietan, krisi globalak nahaspilatzen dira (gerra, erregai fosilen menpekotasuna, klima aldaketa, elikadura gabeziak, errefuxiatuak), gure hauskortasunak gordinki erakutsiz, eta desglobalizazioaren bidegurutzean neurritasuna eta elkartasuna nahitaezkoak direla ulertaraziz.

Gosea edo burujabetza

Garia, globalizazioaren hauskortasunaren adierazle

Ukrainak eta Errusiak munduko gariaren zati haundi bat ekoitzi eta exportatzen dute. Gaur Kremlinek gari honen exportazioa ezintzen du, Ukrainako itsas portuak blokatuz eta Errusian dagoen garia bertan atxikiz. Ehundaka milioi pertsonen biziak arriskuan jarriz, eta hainbat herritan desoreka politikoak areagotuz. Gaur gerra honengatik gertatzen dena, irudika dezakegu hemendik hamarkada pare batera Turkian adibidez botere gerrazale batek Itsaso Beltza eta Mediterranearen arteko garraioa blokatuko lukeela edo baldintza gogorrak ezarri, presio honen bidez zerbait irabazteko asmoz. Edo Australian adibidez, lehorte baten ondorioz gari ekoizpena eroriko litzatekeela. Mixel Berhokoirigoinek erakatsi zigun bezala, elikadurari dagokionez globalizazioa eraginkorra da eskualde bakoitzean ekoizpen errazena eta merkeena garatzeko, gero mundu mailan bertze ekoizpenekin trukatzeko, merkataritza hitzarmenen bitartez; baina eraginkortasun honen prezioa izigarrizko hauskortasuna da, herri bakoitzaren burujabetza materiala – elikadura barne, eta dagokion seguritate maila – abandonatzen baita. Eta prezio hori ordaintzeko lehen lerroan daude, beti bezala, prekarioenak. Euskal Herri mailan kokatzen bagara, elikadura burujabetza %15 ingurukoa da, pixkat gutiago EAEn, pixkat gehiago Iparraldean eta Nafarroan. Honekin, ezusteko baten ondorioz ezin bagenu kanpotik elikadurarik ekarrarazi, oso zalu ginateke janari eskasean. Irudikatzeko zaila gaur guretzat, eta egia da gose globalak ez duela hemen lehenbizi eraginen. Baina arriskuari aurre egiteko plan bat garatu zuen iaz Biriatuko udalak, eta Euskal Herrian bakarretarikoa da, ez bada bakarra. Udalerri guziek antzeko planak garatu behar dituztela erran gabe doa.

Okertzeari ez ohitu

Ukrainan gerra piztu zenean eta mundu mailan gariaren arazoa larritu zenean, bertze gari ekoizle haundia den Indiak jakinarazi zuen saiatuko zela bere gari exportazioak igotzen, Ukraina eta Errusiatik izanen zen eskasa betetzeko saiotan. Baina orduan ez zakiten nolako bero uhinak zanpatuko zituen India eta Pakistan, honen ondorioz Indiak gari exportazioak geldituko dituela, 50?C inguruko tenperaturek uzta kaltetu dutela eta gobernuak bertako biztanleei lehentasuna ematen die.

Bero uhin horren probabilitatea, klima aldaketarik ez balego, 30 aldiz ttikiagoa izanen litzateke. Klima berrian, holako hondamendiek “normaltasuna” osatuko dute, 2021ean munduan zehar ikusi ditugun lehorte, sute, ekaitz eta uholdeak bezala. Klima aldaketa ez da bapatean iritsi, denboraldi luzean instalatu eta okertzen joan da, eta honek bi arrisku konbinatzen ditu: bata, ez ohartzea, batez ere duela urte batzuk bezala negazionistek zalantzak eta ukapena elikatzen badituzte business as usual jarraitzeko (azkenaldian pandemiarekin bezala, batzutan lobby berek bultzaturik). Bertzea, igel irakituaren ixtorioan bezala, gauzak pixkanaka okertuz doazen heinean, desorotasunean deus egin gabe egon, bizirauteko baldintzak desagertu arte. Okertzeari ohitzea argi ikusten dugu adibidez errefuxiatuei dagokionez: duela urte batzuk Aylan Kurdi haurtxoa hondartzan hilik erakusten zuen argazkiak mundua hunkitu zuen. Aste batzuk bederen. Iaz Mediterraneoa zeharkatzen saiatzean 3000 pertsona baino gehiago hiltzeak jada ez du prentsan oihartzun nabarmenik.

Europako kontraesanak agerian

Kremlinek inbasioa bultzatu zuenetik Europar Batasunak zigor ekonomikoak ezarri Errusiaren aurka, baina zigor ahulak: gasa, petrolioa eta ongarri sintetikoak Errusiari (eta bere aliatu den Bielorrusiari) erosten jarraitzen baitie Europak, duela 70 urte ezarri zen ekoizpen sistema ez baita eraldatu, erabakitzaileek ez baitute osagai horiek gabe ekoizteko eta garraiatzeko modurik garatu nahi izan. Bigarren mundu gerraren osteko egoeran ulergarri zitekeena, duela 30 urtetik eredu zaharkitu eta arriskutsua bilakatu da. Gaur dependentzia honek Europa arbel gas ipar amerikarra erostera bultzatzen du, gasik gabe funtzionatzeko gaitasuna garatu ezean. Dut taldeak zion bezala, petrolioa (edo gasa) ere etorkina da, baina hauxe ez da pateran iritsi Mediterraneoan beren biziak arriskatzen dituztenak bezala.

Gaur Ukrainako errefuxiatuei ongi etorri (beharrik) baina Afrikarrei eta herrialde musulmanekoei harrera bertzelakoa da Turkian edo Melillako harresiaren bertzaldean, bitartean Nigeretik uranioa, Nigeriatik petrolioa edota Kongotik koltana merke ateratzen jarraitzen dugun bitartean.

Sendoak izan nahi baina erregai fosilen menpekotasuna konpondu ez, garatuak izan nahi baina garapenaren ondorio negatiboak paira dezatela urrun dauden txiroek (garatuek ikus ez ditzaten). Nere amatxik erraten zuen bezala, dena eduki nahi fitsik pagatu gabe. Honek izigarrizko hauskortasuna sortzen du, eta gaur arriskua da arazo nahaspilatu guzi horien prezioa belaunaldi gazteek ordaintzea: errefuxiatuak milioika, janari eta energia gutiago eta garestiago, eta hau dena klima aldaketaren eraginen ondorioz energia eta janari ekoizpen eta banaketa prekarioago bilakatu. Horri gerrak bultzada gogorra eman badio ere, hauskortasuna aspaldi hor zegoen, larritzeko egoeraren zain.

Neurritasuna, oinarrizkoa

Ez da aterabiderik izanen elikadura eta energia xahutzen jarraitzen bada, kontsumo maila jeisten ez bada, aberatsetatik hasiz. Metamorfosi ekologikoa ezin da gertatu gaurko kontsumo mailekin, kobrea eta metal gehienak zaluegi eskas liratekeelako. Ez da aterabiderik izanen ere denei bizi baldintza duinak ez badizkiegu bermatzen, behartsuenetatik hasiz. Halere, des-hazkundea aipatzen bada, egunkari eta telesail haundien editorialistek segituan erantzuten dute prekarioen aurkako politika litzatekeela, pobretzea areagotuko lukeela. Lotura ez da oraindik egina narratiba nagusian: des-hazkundea eskatzen denean, gutiago kontsumitzea ez zaie eskatzen doi-doia bizirauten dutenei, gehiegi kontsumitzen dutenei baizik.

GIEC edo IPCCren azken txostenean ere trantsizio justua aurkezten da bide ezinbertzeko gisan. Hots, gizateriaren oinarri materialaren aldaketa justua izan behar baldin bada (aldaketaren ahalegina ez bazaie txiroenei bakarrik inposatu nahi), ez da bakarrik injustizia baino hobe delako justizia soziala, baizik eta trantsizioaren justizia sozial mailak trantsizioaren eraginkortasuna bera baldintzatzen duelako ere. Bertzela erranik, iritzi politikoen arabera pobreen eta baztertuen alde egon ala ez, haiekin lotu behar da nahitaez, bertzela denak galtzaile aterako ginateke. Interes “koalizio” hori ezinbertzekoa eta unibertsala da, eta erregai fosilen interesen aurkakoa da.

Joseba Azkarragak erraten duen bezala, pobretzera goaz, materialki bederen. Baina materialki gutiago edukirik ere, euskal jendarte soilago hori izaten ahal da justuagoa, demokratikoagoa, feministagoa, ekologikoagoa, baita antsiolitiko gutiagokoa ere eta dantzarako grina gehiagokoa. Gutiago kontsumituko dugula nahitaezkoa da, baina gutitze hori nola banatuko den eta nola erabakiko den, hor dago koxka.

Desglobalizazioaren bidegurutzea

Globalizazioaren desegitea bloke haundien berraikitzearren bidea hartzen ari dela iduri du. Baten grabitate zentroa Europar Batasuna eta Estatu Batuen artean (gehi Japon, Hego Korea, Taiwan, Australia eta Zelanda Berria), bertzearena Errusia eta Txinaren arten. Globalizazioaren kritikek duela 25 urtetik erraten dute bertze mundu bat posible dela (hots globalizazio neoliberalarena baino), gaur erran genezake bertze desglobalizazio bat posible eta beharrezkoa dela: bloke haundi militarizatuak baino, elkar laguntza eta kooperazioa bultzatzen dituzten lurralde ttiki burujabeak dira alternatiba jasangarriena. Erronka honetaz ez bagara aski goiz jabetzen, arriskua ekofaxismoa izanen da: baliabideak urritzen diren mundu batean, han hemenka aberatsak armadunekin elkartuz (izan mafiak, miliziak, mertzenario taldeak edo armada usteltzen hasiak) boterea hartu, eta gehiengoari guti kontsumitzea inposatu, inolako erabakitzeko eskubiderik utzi gabe.

Azken hamarkadetan herri frangotan gizarteak militarizatu eta “eskuindartu” egin dira, poliziaren eskubideak zabaldu, errefuxiatuen aurkako jazarpena gogortu, identitate nazionalak zurrundu eta aldarrikatu (Frantzian 2007an horren ministeritza bat sortzeraino), islamaren aurkako diskurtsoak zabaldu terrorismoaren gaiaren aitzakiarekin, etab. Testuinguru honen haizeak bultzaturik, ia mekanikoki, eskuin muturrak igotzen jarraitzen du. Giro ilun honetan segituz, baliabideen urritzea kudeatuko ligukete modu martzialean, aberastasun arrakalak gehiago ere haundituz, ulertzeko eta hautatzeko ahalmena gure eskuetatik kenduz.

Horregatik ere AHT eta autobideak baino trenbide ttikiak garatu edo zaharberritu behar ditugu, metropoli saturatuak eta landa despopulatuak pairatu baino herri ertain bizigarriak bultzatu, elikadura inportatu baino bertako ekoizpen eta baratzeak garatu, laborantza eredu desegokiak pairatu baino bertako laborantza ganbarak sortu, egoitzen garestitzea pairatu baino borrokatu, laborantzarako lurrei dagokienez bezala, zaintzari bere tokia berreskuratu, Bizkai eta Gipuzkoako mendiak eukaliptoz estali baino gaztainondo, sahats, ametz edota lizarrak landatu, gaiak xahutu baino berrerabili eta birziklatu, arbel gasa inportatu baino energia beharrak birpentsatu, murriztu eta berriztagarri bihurtu, txiro eta errefuxiatuengandik banatu baino babesa eman, etab. Hau dena, auzolanez eta botereak mugi daitezen igurikatu gabe.

Zerrenda honetako elementu askotan, ez bada denetan, borrokak eta ekimenak martxan daude, eta honek ere egiten gaitu herri. Horregatik ere hain garrantzitsua da gure burujabetza materiala eraikitzea: klimarengatik, baliabide urritzearengatik, baita ere gure askatasuna eta izaera salbatzeko. Hori baitugu jokoan, eta nolazpait IPCCren txostenak irakurri baino lehen ulertu genuen. Krisi globalak egiten duguna azkarrago egin behar dugula erakusten digu. Segi dezagun beraz.

Gosea edo burujabetza Gosea edo burujabetza Gosea edo burujabetza Gosea edo burujabetza Gosea edo burujabetza Gosea edo burujabetza Gosea edo burujabetza Gosea edo burujabetza

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria

2 pentsamendu “Gosea edo burujabetza”-ri buruz

  • josu naberan 2022-06-30 10:28

    gogoeta argia eta eungo egoeraren azterketa bikaina Nikola Goñirena.

    Baidiagu gainera eskarmendua duela -7.000 urtekoa, noiz eta Sáhara eta inguru zabalak basamortu bilakatu zituen LEHORTE HANDIA, lekuan lekuko migrazio masiboak eragin zituena: sáharar guztiena Mediterranioruntz, Hegoaderantz zein Ekialderuntz.

    Eta halaxe gertatu zen, nahiz eta lekuan lekuko belaunaldi bakoitza jabetu ere ez baitzen egiten 2.000 urteko LEHORTE luze zabal hartaz (gaur egungo gizarteko belaunaldi bakunak ez baikara jabetzen klima aldaketaz eta horren ondorio larriez.

    Euskal Herriek ere bere mito-elezaharretan utzi dute grabatua duela 7.000 urtekolehortr luzea eta erabateko hura:

    adibidez, “basoa urrundu” zenekoaren memoria:

    “behinola basoak hitz egiten omen zuen gizakiarekin, baina behin batean urrundu egin omen zen, haserre, zeozergatik seguru, gizakiarekin. Orduan, basoa urrundu ahala, egur bila gero eta urrunago joan behar gizakia, harik eta lepo bete egur zama astuna zubertatu zitzaien; eta orduko egoera hura iltzatuta geratu zitzaien. Ilargi Amandrearen aurpegian islatuta. Hantxe idurikatze baitzuten, Ilargiren aurpegi orbanetan islatuta, gizakia bera lepobete egurraz zamatuta…”

    eta egungo egoerara bihurtuta, ZEOZEGATIK, diñot nik, “blokeatuko” zuela “Kremlinek” beraren eta Ukraina Ekialdeko gariak itsas bhortuetan…
    Zergatik eta?
    Ez ote da Mendebaldar OTANkideok zigorrak ezarri dizkiogulako?

    eta hala bada, eta halaxe da izatez, alferrik diagu kexatzea lanturuz, geuk antolatu diagun belatorioan.

  • josu naberan 2022-06-30 11:42

    halaber, eta gaur egun zeukeagun egoera hüntan sakonduz, eta
    duela -7.000 inguruko klima-alldaketaz eta “lehorte handi” hartaz gogoeta eginez, ekialdeko estepetako ario ganadu-zaleak ere mugiarazi zituen Europarantz, gure zibilizazio pre-ario aberats-nekazalgo hura suntsiaraziz, “indoeuroparren inbasioa” deritzan etorrera haren kariaz.

    Orduan, garai hartako aRIO ganadu-zaleek ERABAT suntsitu zuten zibilizazo europar indigeno hura, txit aberatsa bezain gehienbat BAKETSUA.

    aRIOEK, ordea ez ziren hain bake-zaleak, baizik eta txit gerran bereziak, euren brontzezko gerre-gurditan eta ezpataz hornituan.

    Eta garai hartan gertatu zan ILION-Troia konkistatzea Heladeko etorribarriak. HURAXE gertatu zen, -3.500 urte inguruan, ILION-Troiaren konkista Helenoen eskutik, Ilionekoek (*hiri-unekoek “HELENA” ederra bahitu zutela aitzaki merketzat jarriz), gaur egun OTAek bezala Iraken inbasioa gauzatzeko, Husseinek ez dakit zer arma zeukala-eta aitzakia merketzat hartuz, erraza baitzaie armazale amorratuei edozein aitzakia gerran sartzeko (horretan barriro ere OTAN eredu, Ukrainaraino bere mutur beltza sartzeko, Kremlinetik 3000 bat km. maximo.

    Erran dut arioek ERABAT ERALDATU zutela, Ilionen konkistaz geroztik, gure endaren zibilizazio europar indigeno hura.

    Erran dezagun IA eraban, zeren gure euskal txoko hüntakoa ez baitzuten erabat suntsitu, Marija Gimbutas zientifiko ikerlari andereak dioenez (” EHa eta euskera omen dira, emakume lituaniar-estatubatuarrak dioenez, garai hartako Europa indigeno garaituaz gelditzen dan txoko bakarra”), irakur bere liburua, “Diosas y dioses de la Antigua Europa”, merezi du eta irakurtzea, Nobel Saria merezi zukeen (baina emakume izateagatik, seguru, emon ez zioten) emakume haren obra erraldoia.

    Gauza da, orain ARIO garaile haien ondorengoek agintzen dutela GUREAN ETA IA MUNDU GUZTIAN, euren buruari “Zibilizazio Mendebaldarra” deitu dioten sasi-zibilizazio egungoa.

    Orain ez dago bueltarik, eta alferrik negar egitea. Orain OTANen “babespean” bizi gaituk, AEBak gidari gerrazalean hegopean.

    Ikusi ditiagu Madrilen bilduta, “Espainia lurralde ezinbesteakoa” dala esaten (Sugegorriaren Mundu Gerra hau hedatzeko asmoa erakutsiz argiro), Estatu Espainiarrak, adibidez, %2 gehiago “inbertitu behar duela armetan”, Sugegorriaren asmoak bete daitezen, Sáhara eta Marokoz baliatuz, Arabe etsaieari GERRA egiteko.

    Izan ere EE:BBak baitira beren ekonomia armetan oinarrituta daukaten Inperio nagusia, eta EZ horrenbeste oinarritua armamentismoan, Errusia eta Txina, adibidez, Hedabide Atlantistek gure garunean sarrarazi gura digutenarren, RasPutin demonizatuz eta abar.

    Halaxe dago mundua katramilatuta ARIO-gerrazale espezialisten eskuetan, mundu oroko denok, III. Mundu Gerra deklaratu gabe hüntan, bakoitzak bere misil nuklarrak alkarri begira jarrita… eta bide batez, Nikolas, une honetan “klima-aldaketa” bost zaiela, nahiz eta “deklarazio” hipokritak egin noizean behin.

    Bá ote honek guztiak atzerabueltarik?