Gosea Afrikan

Gosea Afrikan –

Gosea AfrikanLehorte gorriaren atzaparretan harrapaturik gelditu da emakume gaztea, tximeleta, armiarma-sarean bezala.

Bular ahitutik zintzilik, haur mamua.

Etsipenak aspaldi lapurtu zion irribarrea, lurraren zaurietan landareak, banan-banan, galdu zirenean. Etxabereen oinazea etorri zen ondotik, eta ezerezak irentsi zituen ahuntzak, ardiak, astoak eta gamelu bakanak. Basamortuko haizeak barreiatu zituen, gero, han-hemenka, gorpuzkinak.

Badaki, orain, euren txanda dela. Leun estutu du amak, bihotzaren kontra, txorikumea baino arinagoa den haurraren hasperena. Minak minari erakutsi dio bidea, tristurak tristurari.

Ez dute begi-bihotz ahulduek berotegi-efektuaz sekula ezer aditu, ezta berotze-globalaz ere. Euri tanta bat ez duela aspaldi sentitu baino ez daki ama afrikarrak, jainkoak eskutik utzi dituela baino ez.

Zarpailetan bildutako hezurduren besarkada baino ez dira ama-umeak gaur, gosearen itzal beltza  nagusitzen ari den Afrikan. Patuak alde batera utzitako hondarrak baino ez, pantailaren baten bestaldetik, gogaiturik, “déjà vu”-a bailiran begira dituztenentzat.

Gosea Afrikan