Gose eta gerlatik ihes, oraingo afrikarrak bezala lehengo euskaldunak

Gosea eta gerlatik ihes –

Andoni Gabantxo arrantzale bermeotarrak Mastodon sare sozialean argitaratu zuen haria artikulu formatuan ekartzen dizuegu, bere oniritziarekin. Gaurko errefuxiatuei buruzko eztabaidetan ez dezagun ahantz atzoko hainbat errefuxiatu gure arbasoak zirela, hemengo portuetatik ihes egiten, baldintza prekarioetan itsasoa zeharkatzen, bidaia batzuetan beren bizitzaz ordaintzen.

Gosea eta gerlatik ihes
Etorkinez betetako itsasontzia egoera latzean (Argazkia-Creative Commons, De Fria mugimendua).

Askotan gertatzen zait analfabeto funtzionalen bat entzutea bere jatorrizko herrialdetako gosetetik eta gatazketatik ihesi dabilen jendea izorratzen, ez hain aspaldi Europa osoa emigratzaileen lurraldea izan dela ahazturik. Zeri egiten diote ihes XXI. mendean patera batean sartzen diren afrikarrek? Gerla eta goseari, batez ere. Zeri egiten genion ihes XIX. mendeko euskaldunok? Gerla eta goseari, batez ere. Zehaztu dezagun.

1842. Ipar Euskal Herrian, gaur egun «Iparralde» edo «Frantziako euskal-herria» deitzen dugun hortan «uztaileko monarkia» bete-betean dago. Frantziako iraultza atzean geratu da (oraingoz), baita hark ekarri zuen guzia, hainbat gerla barne, Napoleon Bonaparteren agintaldia… Erregea Luis Felipe Orleansekoa da, denborarekin Frantziako azken erregea izango dena (nahiz eta gero Napoleon III.a enperadore tituluarekin erregetu). Baina monarkien ospeaz eta izen handiez harago, nola bizi zen herria? Bada, xehetasun argigarri batean ikusiko dugu: 1841ean lana debekatu zitzaien 8 urtetik beherakoei eta gaueko lana 13 urtetik beherakoei, baina lege hori ez zen aplikatu. 3 milioi frantziar inguru erregistratu ziren karitateko bulegoetan, bizitzeko diru-sarrera nahikorik ez izateagatik. Frantzian 250.000 eskale inguru zeuden. Urte batzuk lehenago, kolera-izurriteak 100.000 frantziar inguru hil zituen. Eta Pirinioen hegoaldean, gauzak ez zeuden hobeki. Bakarrik zen urtebete lehen karlistaldia amaitu zela. Erreginak, Isabel II.ak, 12 urte zituen, eta Baldomero Espartero jenerala zen erregeordea. Gatazka politikoek gatazka sozialak eta ekonomikoak eragiten zituzten. Kalkuluen arabera, biztanleriaren %90 inguru gaur egun «pobreziaren atalasea» deitzen dugunaren azpitik bizi zen. Izan ere, 1849an Ongintza Publikoaren Legea argitaratu zen. Ez zuen pobreziaren arazoa konpondu, baina haren promulgazioa haren beharraren froga da.

«Ontzi haiek ez zuten komunik, jendea zegoen kubertan lo egiten, ur ‘edangarria’ ustel zegoen, elikadura argi eta garbi ez zen nahikoa, kontuan harturik ibilbidea zenbait hilabetekoa zela, eta, gainera, ez zegoen modurik biziraupena errazteko itsasoan edozein arazo gertatuz gero.»

1842an, Baionan (Lapurdi) hiru mastako belaontzi bat prestatzen ari ziren, «Leopoldina Rosa» izenekoa. Haren zama, gehienbat, giza zama zen. Urtarrilaren 31n itsasoratu zen. Haren helmuga, Montevideo, Uruguain. Hiru mastako belaontzi bati buruz hitz egiten dugunean, askok Juan Sebastian Elkanorenaren antzeko itsasontzi handi batean pentsatuko dute. Ba ez. 32 metroko luzera eta 9 metro zabalerako itsasontzia zen. Bidaiaren baldintzak ez ziren idealak. Bidaia antolatzen zuten «gantxoen» promesak gorabehera («bidaiariek astean bitan gutienez haragi freskoa izango dute», zioen garaiko publizitateak), errealitatean bidaiarien gainkargak gauzak oso zail egiten zituen. Ontzi haiek ez zuten komunik, jendea zegoen kubertan lo egiten, ur «edangarria» ustela zegoen, elikadura argi eta garbi ez zen nahikoa, kontuan harturik ibilbidea zenbait hilabetekoa zela, eta, gainera, ez zegoen modurik biziraupena errazteko itsasoan edozein arazo gertatuz gero. Irten ziren, Montebideoko bidean. Baina lehenik eta behin, geldialdi bat, zama gehiago biltzeko, Pasaian (Gipuzkoa). Eskala horren arrazoia zen, iduriz, Frantziako agintariak nahiko zorrotzak zirela ontziak eraman zezakeen bidaiari kopuruari zegokionez, eta ez aldiz Espainiakoak. Gaur egun gertatzen den bezala, batzuen pobrezia besteen aukera zen, helmugara eramateagatik gehiegizko kopuruak kobratzen zituztenak. Garai hartan zerbaitengatik esaten zitzaion «Zurien Salerosketa» negozio honi. Eta gaur egun gertatzen den bezala, hartutako zorra ordaintzen ez zutenak arazotan zeuden. Izan ere, etorkinetako askok bazekiten ezin zutela ordaindu, eta behin «Ameriketan», morroi gisa eskaintzen zioten beren burua haiengatik txartela ordaintzen zuen lehenengoari. Eta inork egiten ez bazuen, Uruguaiko gobernuaren menpe geratzen ziren, gobernu horrek girgilatu egiten zituen eta aldi baterako erdi-esklabotza erregimenean lan eginarazten zien, Uruguaiko «El Pais» aldizkariko erreportaje batean erakutsi zuten bezala: « Vascos engrillados en aquél Montevideo de 1836« .

Itxaropenaren helmugara ezin heldu

Hamarkada bat pasatxotik zen independentea Uruguai, eta Espainiak oraindik ez bazuen haren independentzia onartzen ere, herrialde hartako gobernuarekin akordioak lortzen zituen emigrante haiek bidaltzeko. Gauzak horrela, itsasontzia Pasaiatik atera zen, Atlantiko osoa zeharkatu zuen iparraldetik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera, Hego Amerikako kostaldera iritsi arte. Baina erran ohi dute zakur meharra oro kukuso dela, eta oraingo honetan kukusoek hego-ekialdeko ekaitz gogor baten itxura zuten. Kontuan izan behar da ez garela gaur egungo nabigazioaz ari; izan ere, gaur egungo mapak eta kokapen satelitala oso zehatzak dira, eta horrek gauzak asko errazten ditu. Garai hartan erloju baten, sestante baten eta iparrorratz baten menpe zeuden, eta zerua lainotuta egonez gero, zortearen eta intuizioaren menpe. Kostaldea bilatzen zen, gero hari jarraitzeko, helmugaraino. Eta hego-ekialdeko haize bortitz horrek Polonio lurmuturretik hurbil dagoen hondarpe batera desbideratu zuen itsasontzia.

Gosea eta gerlatik ihes
Openstreemaps gunetik eginiko mapa horrek erakusten du non hondoratu zen Leopoldina Rosa.

Han, «Isla Seca» delakotik hurbil, itsasontzia hondoa jota geratu zen, eta NANaren argazkian ere jaso zituzten itsasoak emandako hostiak (utz iezadazue anakronismoa, ez zait deskribapen grafikoagorik bururatzen). Kapitaina, Dunquerqueko frantsesa, Hippolyte Charles Marie Frappaz izenekoa, tripulazioa eta bidaiariak salbatzera saiatu zen.

Gosea eta gerlatik ihes
Openstreetmaps-ekin eginiko beste mapa bat, xehetasun gehiagorekin, non ikusten den hondoraketaren tokia.

Horretarako, bi biratzaile zituen txalupa bat uretaratzeko agindua eman zuen, itsasontzitik lehorrera kabo bat zabaltzeko eta, horrela, kaboa gida gisa erabiliz (aldamio bat osatuz, tirolina baten antzeko zerbait) jendea ateratzeko. Hala ere, olatuak gehiegizkoak ziren eta txalupa irauli zen; Txalupakoak erreskatatu ondoren, kapitainak marinel bati igerian lehorrera joateko agindu zion, kabo fin bat gorputzari lotuta zuela, gero kabo lodia zabaltzeko erabili ahal izateko. Marinelak, ordea, uko egin zion. Agindua beste marinel bati eman zioten, eta gero beste bati, baina inork ez zuen bete. «Ipurdiz ipurdi, nirea aukeratzen dut, Hipolito, eta jauzi egin dezala uretara zure aita zikinak» edo antzeko zerbait errango zuela suposatzen dut, frantsesez, hori bai. Izan ere, marinelek, hiru izan ezik, beren burua salbatzea eta kostaldea igerian irabaztea erabaki zuten, kapitaina, medikua, kontramaisua eta beste guti batzuk ontzian utzirik, gehien bat emazte eta haurrak ziren bidaiariekin.

Gauzak horrela, emigranteetako batzuek uretara salto egin zuten, igerian salbatzera saiatzeko. Kostaldea 300 bat metrora zegoen, ez zen distantzia gaindiezina, eta batzuek lortu zuten, baina zenbait hilabetez ia jan gabe egon ondoren izandako ahuleziak, eta olatuen haserreak, gehienak hondora eraman zituzten. Gainerako bidaiariak eta itsasgizonak itsasontziaren erdian elkartu ziren. Eta eguna argitu zen, eta denek espero zuten eguraldiak hobera egingo zuela, baina gertatu zena itsasoak ontzia erdibitu zuela izan zen. Bat-batean, uretan ikusi zituzten beren buruak. Eta ez zuten salbatzeko aukerarik izan.

231 pertsona hil ziren. 72 bizirik atera ziren, lehorrean oraindik ere gordetzen zuten apurra lapurtzeko zain zeukaten jendearen indarkeria eta harrapaketari aurre egiteko. Orduan ere baziren pateraz (barkatu, goletaz erran nahi nuen) etortzen ziren jendeaz urrikaltzen zirenak, eta inguruko biztanle pare bat izan ziren egun hartan, naufragoak babestu zituztenak, lapurren indarkeriari amaiera emanez.

Gaur egun, uruguaitarren %9 euskaldunen ondorengoak direla kalkulatzen da. Horien artean, herrialdeko 11 presidente daude. Ez dago gaizki, gosetik ihesi iritsi izanentzat. Nahikoa kostatu zait hondoratze honi buruzko informazioa aurkitzea. Egia erran, Interneten artikulu batzuk (guti) daude, baina informazio gehiena duela urte batzuk Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan egindako erakusketa batetik lortu dut. Museo horren webgunean erakusketa haren laburpen bat dago. Oso gomendagarria.

Gosea eta gerlatik ihes  Gosea eta gerlatik ihes  Gosea eta gerlatik ihes  Gosea eta gerlatik ihes  Gosea eta gerlatik ihes  Gosea eta gerlatik ihes  Gosea eta gerlatik ihes  Gosea eta gerlatik ihes

Ikertzailea, Bizi!ko kidea, baratzezaina eta irrati kronikalaria

5 pentsamendu “Gose eta gerlatik ihes, oraingo afrikarrak bezala lehengo euskaldunak”-ri buruz

  • Gose eta gerla Marokon?

  • Immigrazio masibo erdalduna=euskaraz bizitzea are zailago.

    Edozein tabernatan, gero eta erdaldun gehiago.

    Immigrazio masiboa=eskuin muturraren igoera.

    Immigrazio masiboa gelditu!!!

  • Tabernena argitzeko: gero eta zailagoa da taberna batean euskaraz arreta jasotzea, ia beti hegoamerikar erdaldunak direlako.

    Herri euskaldunenetan ere gertatzen da. Euskaraz eskatu eta izorratzen gaudela iruditzea. Begi txarrez begiratzea “no te entiendo” esanez. Lekeitio, Arrasate edo Amurrion gertatu zait. Zer esanik ez hiriburuetan.

    Aurreratu dugunak atzera egin du immigrazio masiboagatik.

  • Benat Castorene 2024-09-22 18:26

    “Askotan gertatzen zait analfabeto funtzionalen bat entzutea bere jatorrizko herrialdetako gosetetik eta gatazketatik ihesi dabilen jendea izorratzen[…]”
    Nikolas bigarren paragrafo honetan horrela mintzatuz, nahi bazinu debate bar sortu gai minbera horren gainean ez duzu asmatu.
    “Izorratze” horrek zer erran nahi du zuretzat? hemengo euskalkietan “kalte egin, andeatu” edo antzeko zerbait erran nahi du, analfabetoek gehien bat egin lezaketeena delarik ez ihes arriskutsua ez konprenitzea gaizki erraitea edo deitoratzea.
    Eta iritzi artikulu bat idazterakoan ustezko oposizioari ez da aurretik “analfabeto funtzionala” aurpegitatzen. Eta zure artikuluaren ondotik iruzkin kritikoak egin dizkizutenak zer dira? analfabeto funzionalak dira haiek ere?
    Imigrazioaren gaia gai sobera inportantea da gu bezalako populu tipi zapalduentzat irainka hartzeko gure artean.

  • Nikolas Goñi 2024-09-25 14:06

    Beñat, hona Andoni Gabantxok Mastodonen eginiko haria ekartzen nuen, artikulu formatuan baizik ez dut pasa. Ez dut berridatzi edo bere estiloa moldatu, mapak openstreetmaps gunetik hartu baizik (googlekoen ordez). Gaur egun hainbat Afrikako jendek beren bizia arriskatzen dute barkuz Mediterraneoa gurutzatu nahian edo Kanarietara joan nahian, duela bi mende eskas hainbat hemengo jendek Ameriketara joanik egiten zuten bezala. Paralelo hori bereziki interesgarria iduritu zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude