Good luck arrogant Racists-Imperialist-Zionists! Beharko duzue eta!

palestina-concentracion-pamplona

Titulu elebidun eta arraro samar honen jatorria dago web orri honetan bertan argitaratutako argitalpen bati egindako iruzkin bat. Datorren Maiatzaren 18an Iruñean burutuko den Palestinaren aldeko manifestaziora joateko deialdiari egindakoa, hain zuzen ere. Hona hemen iruzkin hori: “Gauza bakar batean nago ados zuekin: bi estatuen konponbidea gauzatu ezina da. Beraz utikan hipokrisia eta kartak mahai gainean daudenez gero, good luck Palestine! Beharko dute eta”.

Hau da, iruzkin honen egileak diosku, era ironikoan, indarren korrelazioa dagoela kolonizazio-egitasmo sionistaren alde, Israelen alde, egitasmo kriminal honen izen laburra erabiliz. Sinesgarria eman lezakeena lehen begirada batean, Israelek Gazako populazioaren aurkako erasoan, ankerra bezain koldarra, erakusten ari den suntsitze-gaitasuna eta zeregin honetan mafia inperialistak ematen dion babesa. Bereziki mafia horren capo di tutti capi denak, AEBek, Alemaniarekin batera. Begirada sakonago bat, baina, erakutsiko digu ikuspuntu hau guztiz okerra dela. Azken urteotan Israel kolokan jar lezaketen hiru errealitate berri agertu direlako.

Lehena, urrun daude inperialismoaren botere erabatekoaren egunak. Egun haiek zeinetan, Sobietar Batasuna eta Europako estatu sozialistak erortzearen ondorioz, Hegoalde Globala geratu zen estatu inperialisten erabat mende, AEBen mende bereziki. Orain, baina, Txina botere ekonomiko eta militar handi bat da; Errusiak geldiarazi du Yeltsin mozkorraren agintaldian hasitako herrialde neokolonia bilakatzeko prozesua eta Txinak izan duen beste arrakasta ez lortu arren, ekonomiko zein militarki nabarmen indartu da eta Hegoaldeko beste herrialde batzuk euren inguru geopolitikoetan eskualde-botereak bilakatu dira, Hegoafrika eta Iran esaterako. Honen guztiaren ondorioz, estatu inperialisten euren borondatea inposatzeko gaitasuna nabarmen ahuldu da eta, ziur aski, gehiago ahulduko da etorkizunean. Hiru zioengatik:

1. Hegoalde Globaleko herrialde gehiago ausartuko dira inperialismoari aurre egitera. Gorago aipatutako estatuek emandako ereduagatik zein berauen indartzeak aliantza antiinperialistak eratzeko sortzen dituen aukerengatik.

2. Hegoaldeko Globala, Mundu-Gehiengoa, ekonomikoki arpilatzea da, aldi berean, botere inperialistaren helburua eta bitartekoa. Hots, Mundu-Gehiengo horrek estortsio inperialista gutxitzeak estatu inperialisten boterea ahulduko du. Zeren eta aberastasun txikiago izango baitute menderatze globalaren gastuei aurre egiteko, mantenduz kapital inperialisten irabaziak eta estatu horien populazioen bizimodu pribilegiatua, gerra inperialista globalaren erretagoardia segurua bermatzen duena. Eta, aitzitik, estatu “matxinoek” baliabide gehiago izango dute erresistentziari eusteko.

3. Era berean, inperio mantentzearen kostuak handituko dira. Aurreko itemean aipatutako arazoak larriagotuko dituen.

Gainera, bistan denez, zerrendatu diren hiru eragile hauek elkarri berrelikatzen dira, indartsuagoak bilakatzen dituena gero eta zailagoa hauek eragoztea beraz.

Hau guztia arazo larria da Israelentzat. Zuzenean koalizioaren kide inperialista den aldetik eta zeharka koalizio horren ume mimatua izateagatik. Izan ere, Israel izeneko kokalekuen bidezko kolonizazio-egitasmoak ezin izango luke luze iraun, baldin eta AEBek emandako laguntza ekonomiko zuzena (Entitate Sionistaren BPGaren zati garrantzitsu bat dena), beste estatu inperialista batzuekiko dituen merkataritza-akordio onuragarriak eta inperialismo osoak une kritikoetan emandako babes militar puntuala faltatuko balitzaizkio. Horiek hala, ez luke posible izango batera eustea haren botere militarrari eta kolonoen bizimodu pribilegiatua, “lehen mundu” delakoaren estilokoa. Gero eta zailagoa izango zaiona. Irango Errepublika Islamikoak buruturiko Benetako Promesa Operazioaren kostuak aztertzea lagunduko digu puntu hau ulertzeko. Irandarrek eraso horretan gastatutakoa 30 eta 50 milioi dolar artekoa izan zen. Israelek eta haren babesleek operazio militar hori eragozteko, berriz, 500 eta 700 milioi dolar arteakoa. Eragozteko espero zen eraso bat eta izaera mugatu bat zuena, erasotzaileak honela erabaki zuelako. Bestela, Israelentzat eta gainontzeko inperialistentzat kostuak jasanezinak izango lirateke. Areago, ziur aski txarrera joango den egoera ekonomiko batean.

Baina tira, arazoa izan da Iranekin ez palestinarrekin, ez da? Bai, baina alde batetik, gatazka hau, sionistek eskualdean dituzten guztiak bezala, palestinar arazoarekin estuki lotuta dago. Bestetik, Israel koalizio inperialistaren kidea izateak koalizio honen etsaiak palestinarren lagunak bilakatzen ditu. Honen guztiaren emaitza izango da sionismoa ahultzea eta palestinar erresistentzia indartzea.

Honek bigarren ziora narama: Israelek ez du apurtu palestinarren erresistentzia-espiritua. Gazan modu nabarmenean ikusten ari da hori. Gazako jendeak ez du ihes egin Egiptora eta erresistentziak gogor dirau, okupatzaileei galera handiak eraginez.

Amaitzeko azken zioa: munduko langileria Palestinarekin dago. Mundu mailan begi bistakoa da hori. Herrialde inperialisten barruan ere bai, oso garrantzitsua dena. Zeren eta honek zailago bilakatuko du beraietako gobernuek Israel laguntzea eta BDZ dinamika indartuko du. Areago, Israel babestea gero eta kostu handiagokoa izango dela III Mundu Gerra batera hurbiltzen gaituela argiago ikusiko den neurrian, oinarrizko etiko humanoak ez ezik interes propioak ere bultzatuko gaitu Entitate Sionista kriminalarekin apurtzera.

Laburbilduz, kolonialismo sionistak edo, gauza bera dena, Israelek ez du iraungo. Palestinaren askapen osoak, agian, denbora gehiago beharko duen arren, apartheid eta garbiketa etnikoan oinarritutako erregimen koloniala, egungo Israel, atzerako kontuan dago. Sionismoa hilzorian dago. Indar dezagun Palestinaren aldeko borrokan Euskal Herrian. Bihar guztiok Iruñeara!

16 pentsamendu “Good luck arrogant Racists-Imperialist-Zionists! Beharko duzue eta!”-ri buruz

  • Gorka Cohen 2024-05-17 23:17

    Good luck Euskal Herria! Zurea baita paturik ilunena.
    Zure abangoardia ikusita, Israel, Gaza edota Zisjordania baino askoz ere lehenago desagertuko zara.

  • Ez naiz Israelen oso fan, baina gauza batean Gorkari arrazoia eman behar diot: ezker islamofiliko honek hondamendira garamatza herri gisa

  • Benat Castorene 2024-05-18 12:18

    Nola ez konparatu abertzale sentimenduaren gain behera palestinarren borrokaren aldeko pasio erregarri horrekin?
    Ez ote da hor substituzio fenomeno antzeko zerbait?

  • Bete betean asmatzen duzu Beñat “substituzio fenomenoa” aipatzean. Adibide garbia: gure kaleetan ikurrina eta Palestinako banderen kopuruaren bilakaera. Zein doa behera eta zein gora?

  • Mikel Haranburu 2024-05-18 14:53

    Ez da gauza berria; aspaldi ez dela, jende andana joaten zen Kubara, Iraultzaren santutegia gurtzera, desager zedin baino lehen. Hemen ez dago aukerarik, baina han egin egin zuten, eta bisita egin behar, geure on nahia adieraztera. Batzuk SESB ere gurtzen zuten, harik eta hareazko gaztelua desegin zen arte; hortik aurrera, nostalgiko gutxi (?) batzuk Moskovia miresten bide dute, eta hortik Ukrainako hondamendia txalotzea.
    Maroko ere izan zen bidaia askoren xede; nazioekiko edo herriekiko elkartasunak bulkatuta. “El moro” zen izenez laztantzeko aukera ederra, eta, sarri kondatzen ziguten han izandakoek nola Euskaraz ere zerbait esateko gauza ziren geure anai-arreba marokoarr saltzaileak…
    Katalunia izan da berriki independentziarako bidean jorratu duena, gure hurbilean, eta horretan ere txalo franko aditu da, nahiz eta globo baten antzera hustuz joan den.
    Palestinakoa, aldiz, orain urte askoko kontua da: ni gazte(ago) nintzela, Palestinako zapia usu ikusten ahal zen karriketan, eta haren borroka pizten zituen jende askoren bihotzak.
    Oraingo oldea, Israelen sarraski itzelgarriak sorrarazi du. Ez da arazorik; Israeli pilak agortzen zaizkionean Palestinar bandera Palestinan egonen da, eta, hala nahi nuke, nazioarteko erakundeetan ere, haren duintasunak hala ekarriko duelakoan.
    Gurean, bada… nork daki. Cohenek dio gure patua ilunena dela… Aurrekoan Cohen izeneko sasi-israeldar bat garbitu zuten Gaza aldean… horrena bai patu iluna…

  • Gorka Cohen 2024-05-18 16:12

    Cohen izeneko asko garbitu dituzte historian zehar, pilo bat zuk bezala SS matrikula zeramaten morroien eskuz, Mikel.
    Ez da gauza berria guretzat.

  • Palestinak iraunen du. Horretan duda izpirik ez, baina gure herriak iraunen du? Galdera benetan latza! Bost urte baino lehenago erabakiko da. Ez dugu tarte handiagorik eta jendea lo dago.
    Hortzak estutu, lanari ekin, umeak ekarri, eztabaidatu bide zuzenak hartzeko gai izan gaitezen. Ekin eta ekin!!!!
    Hire eskuetan duana jar ezak martxan. Hi, hi, hi falta haiz. Zer, traidoreen taldean nahiago al duk segi?
    Gora Euskal Herri askatua!

  • Mikel Haranburu 2024-05-18 20:53

    Cohen, nik ez daramat matrikularik. Dena den, Cohendar asko hiltzea ez da genozidioa, ezta?

  • “Miller’s Crossing” delako Coen anaien pelikulan, Albert Finneyk antzezten duen pertsonaiak zera dio: “txerri bati belarria bihurritz gero txilioka hasiko da, seguru!” Bada, zuen txilioak musika dira nire belarrietan. Gauza bat gehiago bakarrik, Cohendar edo Coendar (edo Grossmanndar, edo…) asko hiltzea genozidioa da duda barik. Baina faxistek buruturiko genozidio izugarri horrek ez du zuritzen, inola ere, sionistek palestinarren aurka burutzen ari direna. Bestalde, ez dago soberan gogoraraztea Armada Gorria kriminalen hatzaperratik biktima kopururik handiena libratu zuen indar armatua izan zela.

  • Edo Kohandar. Nire kamarada argentinar batek, oso estimatzen dudana, abizen hori du eta.

  • Hain zuzen ere, Euskal Herriaren ezaugarri bereizletako bat baita zapalduekiko elkartasuna, identitate berezia ematen diguna. Euskaldunon elkartasuna, mundu mailako zapalduen artean errekonozitua, mapan kokatzen gaituena.

  • Hain zuzen ere, Ziriñe, tibetarrek, Groznyko txetxenoek, miskitoek, uigurrek, yazidiek eta abarrek, goizero esnatzen direnean egiten duten lehengo gauza Euskal Herriari eskerrak ematea da.

  • Usteak erdia ustel, hori dio esaerak. Zapalduekiko gure elkartasuna… baina, baina, nik esanen nioke Golgotako lapur gaiztoak Kristori bezala gure herriari: “ salba ezak here burua lehenik eta gero salba gaitzak”
    Herri hau hil zorian dago, euskara desagertzear, erabat kolonizaturik inoiz ez bezala eta oraindik ere…
    Salba ezak here burua eta sinetsiko diagu higan

  • Euskal Herrian antiinperialismoak Palestinaren aldeko mobilizapenetan hankatxo ateratzeak kezka ugari sortu ditu. Hauen artean, gure nazio-arazoa ahaztuko dugula “kanpoko arazo” batzuetan arreta jartzeagatik. Baina mobilizapen horiek gertatu baino askoz arinago esan zitekeen honakoa: “Herri hau hil zorian dago, euskara desagertzear, erabat kolonizaturik inoiz ez bezala..” Izan ere, azken 14 urteotan, gutxienez, antiinperialismoa guztiz marjinala izan da herri honetan eta burgesia (handi zein txiki) “abertzale” horrek bidea erabat libre izan du (antiinperialista edota komunista astunen traba ezean) haren egitasmo “askatzailea” Europar Batasuna eta NATOren barruan. Zerbaitetan egin dugu aurrera? Edo, aitzitik, kolonizatuagoak gaude? Erantzunak, nire ustez, argi daude eta badut neuk ere aipu bibliko bat: “beren fruituetatik antzemango diezue”. Eta beste bat guztiz profanoa dena: “England’s difficulty is Ireland’s opportunity”. Non dago, bada, zapaltzen gaituzten estatu inperialista horien zailtasuna? Bestalde, esperientziak argi erakusten digunez, Katalunian gertatutako procés delakoa eta gure joan den mendeko gure historia osoa lekuko, AEB, NATO, Europar Batasuna eta (nola ez!) Entitate Sionista ere bai gure etsaien alde izango dira. Horiek hala, estatu zapaltzaile bien zailtasunak ez dira bloke inperialista osoaren berdinak? Non aurki genitzake aliatuak? Errealitate geopolitiko berria ez da, agian, aukera posible bat guretzat ere bai? Gogoeta eta eztabaidarako uzten dut.

  • E-woke, errelatoa oso ongi dago, baina egitateak dira hemen garrantzitsuena.

    Yazidiek oro har, Bashar Al Assadi ematen dizkiote eskaerrak, ez judu edo mendebaldekoei. Kasualitatea, guk etsai dugun Al Assad berbera. Begira zein zebilen tartean, yazidien genozidioa ukatzen:
    https://www.i24news.tv/en/news/international/189242-181121-israel-votes-against-formally-recognizing-yazidi-massacres-by-is-as-genocide
    Begira zein ibili zen Txina diplomatikoki babesten, uigurren auzian:
    https://www.jta.org/2021/10/26/israel/israel-declines-to-sign-un-statement-on-chinas-treatment-of-uighurs
    Begira zer dioten Groznyko juduek israeli buruz:
    https://www.timesofisrael.com/chechnyas-jewish-community-is-angry-at-israel-but-doesnt-seem-to-exist/
    Kantak dioen moduan: “Israel, Israel, qué bonito es Israel…”.
    Aitzakiak bilatzen enpeinu gehixeago jarri, e-woke.

  • e-woke, nik dakidala aipatu dituzun horiek guztiak ez dira normalean euskal elkartasunaren xede. Galdetu kubatarrei, venezuelarrei, palestinarrei, iparreko irlandarrei… nortzuk diren euskaldunak. Gero, galdeiezu gauza bera israeldarrei, AEBtarrei, ingelesei… Eta gero esaidazu ea nazioarteko elkartasunak gure herria mapan kokatzen laguntzen duen ala ez.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude