Globalizazioaren krisi terminala

Globalizazioaren krisi terminala

Orain dela urte batzuk esaten zitzaigun gure garaiko ezaugarri nagusia globalizazioa zela eta hau prozesu geldiezina zela. Suposatzen zuena, besteak beste, politika protekzionistak iraganeko kontuak zirela eta Munduko Merkataritza Erakundea (MME) zeruko ahotsa zela. Egun, berriz, politika protekzionistak bueltan nonahi aplikatzen dira, MMEri kasu zipitzik egin barik, de facto, erakunde horren heriotza dakarrena. Orain dela gutxi, Erresuma Batuko finantza-ministroa izango den Rachel Reeves, Bayes Business School delakoan emandako hitzaldi batean, esan zuen honakoa: “Globalizazioa, garai batean ezagutu genuen bezala, hilda dago”. Azaldu zuen ere zein zen, haren ustez, heriotza honen arrazoi nagusia:

Lehenik eta behin, dinamika geopolitikoen aldaketa, Gerra Hotzaren osteko mundu unipolar batetik, multipolaritate desorekatuko batera igarotzen garen neurrian, non Txina mundu mailan nabarmentzen den eta Errusia hiru hamarkadatan bere burua baino gehiago aldarrikatzen ari den. Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gerrek euren mugez harago joatearekin mehatxatzen dute. Itsaso Gorrian huthien misilen erasoen eraginak erakusten du defentsa eta segurtasun kontuak, ezinbestean, ekonomiarekin nahasten direla.

Zeinari gehitu zion honakoa:

Gobernuak eta arduradun politikoak onartzen ari dira jada ez dela nahikoa, inoiz honela izan bada, estatua alde batera jartzea, merkatuak bere kabuz ibiltzen uztea eta noizbehinka kanpokotasun negatiboren bat zuzentzea. (…) Bai eta Rodrik-ek “hiperglobalizazioa” deitzen duenaren arriskuak aintzat hartzea ere, hots, gero eta integrazio ekonomiko globalagoa lortzea berezko helburutzat jotzearenak, etxeko oparotasunerako bidetzat jo beharrean, ekonomikoki inozoa eta politikoki arduragabea dena.

Eta hau guztia esaten duena Londreseko City eta, oro har, Erresuma Batuko kapital handien aspaldiko zerbitzari leiala den alderdi politiko baten bozeramaile ekonomikoa da. Alderdi bat, gainera, erabat konprometituta britainiar estatu eta Estatu Batuen arteko aliantza estrategikoarekin zein NATO erakundearekin. Pertsona bat, beraz, “elite globalistak” deitzen zaizkien horiekin, oso modu ezegokian nire ustez, erabat lotuta dagoena edo, hobe, haien kidea bat dena. Globalizazioaren amaierari buruzko bere testigantzari balio berezia du beraz. Era berean, haren diskurtsoak (gero eta integrazio ekonomiko globalagoa lortzea berezko helburutzat jotzearenak, etxeko oparotasunerako bidetzat jo beharrean, ekonomikoki inozoa eta politikoki arduragabea dela, alegia) globalista eta antiglobalista direlakoen arteko iskanbila mediatikoa erlatibizatzera eraman beharko gintuzke.

Gehiago irakurtzeko

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude