Globalizazio, populismo, glokalizazio
Globalizazio, populismo, glokalizazio –
Globalizazioa populismoaren iturburu? Aditu eta komentatzaile askoren mihitan entzuten da baieztapen hori. Alta gauzak ez dira hain sinple. Sistema ekonomiko basati honetako galtzaileek makur guzien hobendun baldin badaukate globalizazioa, saltsa guzietan sartzen diren bi hitz horiek azterketa hotz eta sakona merezi lukete.
Azken deboretan irakurri dituztan hainbat adituen ikusmoldeek diote lotura zuzena baditaikela argiki globalizazio fenomenoaren orokortze eta gure planeta huntako hainbat lurraldeetan sendimendu populista baten gorakadarekin. Aditu horien arabera sendimendu populista erantzun basiko bat baizik ez litzateke dislokazio ekonomiko orokor bati, horrek dakarren injustizia sendimendu guziarekin, mundu elitista eta finantziero baten kontrako nolabait altxatzeko. Europa mendebalde huntan ere, enplegu ahalmenaren apaltzea “urruneko” edo “kanpoko” estado edota lurraldeeko konkurentzia desleial eta faltsutu batek eragiten duelako konstatazio batek emendatzen du egunerokoan uholde populista hori. Globalizazio fenomenoa gaitz guzien iturburu bilakarazten du populismo horrek pentsatzerat emanez puntaren puntan soilik elite jakin batzuk dutela probetxu ateratzen kapitalismo salbai eta desleial hortarik. Azken finean “globalizazioaren galtzaile” sentitzen direnak damutzen dira nolabait estadoen mugen ekonomikoki desegiteaz eta pentsatzerat ekarriak dira “lehenago” aise hobeki zela estadoetako muga finkoen barnean, ekonomia oraindik ez globalizatu batean. Haatik erran daiteke ere frustrazio sentimendu horiek ez direla molde berdinetan plazaratzen.
Populismoa eta globalizazio hitzak saltsa guzietan
Hego Ameriketan edo Latino Amerikan, nun kanpoko inbestizamenduek eta krisia finantzieroak desmasia nardagarriak eragin dituzten, ezkerreko populismo baten bidea hartzen dute. Molde hortan instituzio jakin batzu dira jomugan jarriak, adibidez FMI. Memento berean Europa hegoaldedan, euroa, europar komisioa edo Alemania dira erakutsiak errudun gisa. Beti Europa alde huntan, klase politiko jakin batek ahoa beteka dio etengabe imigrazioak probetxua eta abantaila ainitz lortzen dituela hemengo “ongizate” sistema orokorraz eta eskuin radikal edo muturreko populismo etno-nazionalista baten medioz zabaltzen ari da hainbat tesia anti imigratzaile. Ipar Amerikan ere tesia berdinek beren ohantzea egina dute aspaldidanik. Agian baditaike garaia, hau guziari nolabaiteko arresta emaiteko pentsatzen eta sakontzen hastea nazioarteko mugimendu soziopolitiko bat, hausnarketa ekonomia sistema orokor globalizatu horri “glokalizazio” bihurgune bat emaiteko, funtzionamendu autonomoago bati buruz joaiteko, betiere ezkerreko ikuspegitik. Glokalizazio printzipio hori sakondu beharra litaike funtsean ikusita azken finean “populismo” edo “globalizazio” terminoak arras indefinituak eta saltsa guzietan emanak direla diskurtso politiko jakin batzuetan. Beste alde batetik, jakin behar da ere globalizazio eta populismo hitzek erranahi aski ezberdinak dituztela garai edo kokapen geografikoen arabera. Baditaike ere zoritxarrez gauregun bizi/jasaiten dugun pandemia garai hunek ere kontsekuentzia batzu izaitea globalizazio eta populismo sendimenduak areagotuz. Populismo terminoa ez da berez zehatza, behintzat saltsa guzietan erabilia da komunikabideetan edo diskurtso politikoetan. Berdin luzatzen da eskuineko, ezkerreko edo indibidualki politiko edozeini.
Nazioarteko ordena erroz gora botatzea helburu
Bortxaz, funtsean, ezin da hain zehatza izan, ikusita nahitaezkoa dela demokrazia “moderno” kasik guzietan. Erran daiteke frango errexki politika demokratiko guziak berez populistak direla, berez populuaren aldeko gisa baitira funtsez. Gertatzen da batzuek asumitzen dutela “populista” izaera eta beste batzuk aldiz batere ez. Orokorrean populistek kontrajartzen dituzte “populua” eta “elitea” eta eliteen gain ezartzen dituzte populuaren arrazo, sufrimendu eta zapalkuntza guziak. Eliteak berez korruptoak dira, ez dakite populua entzuten, eta aspalditik ez dituzte populuaren interesak defenditzen. Bainan ezaugarri horiek ez dira entzuten soilik erregimen autoritarioetan baizik eta ere edozoin estado edo lurralde demokratikoetako oposizioko talde politikoetan, eta usu oposizioan egoiterat kondenatuak direnetan. Erran daiteke mundu mailan Trumpen garaipena 2016an izan zela urrats garantzitsua populista-nazionalista guzientzat. Ondotik Trumpek bultzatu “America first” nazionalismo ekonomikoa oihartzun bat ukaiten hasi zen, nolabait 1930an Hitlerrek Alemanian bultzatu zuenaren araberakoa. Garai ezberdinetan biek zuketen helburu berdina: “nazioarteko ordena” erroz gora botatzea. Momentukotz ez da jakina hea Trump fenomeno hura epe laburreko fenomeno edo ixtripu bat izan ote zen edo ez ote dituen umeak erakarriko han edo hemen. Agian ere fenomeno hauek guziak aztertu behar gorria dira ezkerretik, egiazko eta sinesgarriak izango diren alternatiba ausartak artikulatzeko. Delako glokalizazio konzeptua modelo politiko bihurtzeko, bai han eta bai hemen.