Gizakiaren bi jaiotzak
Gizakiak bi jaiotza izan ditu. Duela 200.000 urte inguru, jaiotza biologikoa. Duela 50/40 mila urte inguru, jaiotza kulturala. Duela 200.000 urte inguru, homo sapiens espezie berria agertu zen. Baina barruan ahalmenez zituen gaitasunak askoz beranduago arte ez ziren agertu. Lo ei zeuden gizakien barruan gaitasun berri haiek.
Duela 50/40 mila urte aldaketa nabaria gertatu zen haien bizimoduan. Garai hartan gizon-emakumeek beren jokabidea aldatu zuten. Gizadiaren big-bang – “Great Leap Forward” edo “Upper Palaeolithic Revolution” – dei geniezaioke aldaketa horri, gertaera horrek gizadiaren historiari hasiera eman baitzion. Gizakiek berebiziko aurkikuntza lortu ei zuten. Horri esker gizon-emakumeen aldaketa abiadura areagotu zen. Aurkikuntza hark kontzientzia berri bat eman zien eta jende asmatzailea agertu zen. Ez dakigu zein izan zen asmakuntza hura, baina kulturala, ez biologikoa, izan zela, bai. Zena zela, aurkikuntza hark gure historia eta gure kulturaren nukleo sortzailea izaten jarraitzen du. Horrekin esan nahi dut lehenengo krisialdi larri batetik atera gintuen nukleo sortzaile hori beste krisialdi guztietan ere, nahi ta nahiez, indarrean jartzen dugula. Hirugarren milenioaren hasieran, horretaz ezin dugu gure burua engainatu, historiako krisialdi handienetako bat sufritzen ari gara. Horregatik berriro jatorrizko aurkikuntza hartara begiak zuzentzen ditugu. Izan ere, hasiera hartan zer gertatu den argitzea ez da bakarrik jakin-min zientifikoa, hil edo bizikoa baizik, gure biziraupena jokoan dago eta. Hori da, hain zuzen, gure itxaropena: gure arbasoak lehenengo larrialditik atera ziren bezala, gu ere bide beretik aterako gara.
Aurkikuntza kulturala baino lehen, halere, aldaketa genetikoa gertatu behar izan zuen homo sapiens ager zedin; hau da, asmakuntza kulturala ahalbidetuko zuen aldaketa genetikoa. Aldaketa genetiko hura, esan dudanez, duela berrehun mila urte edo gertatu zen. Zer izan zen aldaera biologiko hura? Zein ahalmen biologiko berri eman zitzaion homo sapiensi?
Homo Sapiensek, Afrikan sortu ondoren, gauza berezirik egin gabe, milaka urte zeramatzan lurrean zehar ibiltzen. Teknologia eta organizazio aldetik ez zegoen alde handirik haien eta gainerako “homo” garaikideen artean. Lo balego bezala ibili zen homo sapiens tarte luze hartan.
Zer gertatu zen lo sakon horretatik ateratzeko adinakoa?